Dakienak dakiHizkuntza

Botila BETE ur, BotilaKADA urA eta beste

Posted on

Ura, ardaoa zein esnea, zenbat hartu edo erosi edota zenbat edan neurri bidez adierazo gura dogunean, eta, berbarako, botilea hartzen badogu neurgarritzat, era bat baino gehiago dagoz hori ondo eta zuzen esateko. Baina badira era batzuk okertzat jotekoak be, edo badaezpadakotzat behinik behin, eta gure inguruetan barra-barra entzun edo irakurten diranak.

Botila bete

Botilea bere osoan neurritzat harturik, daukagun egiturarik egokiena (eta neutroa aldi berean), botila BETE ur da. Zuzena da era berean: botila BAT ur, baina esangurazko diferentzia gardena dago bion artean: botila BAT horregaz aurkaritzen ditugunak dira, botila bat eta botila gehiago (bi, hiru zein lau). Botila BETE horregaz, ostera, hiztunak zertzelatzen dauena da eduki-neurri betea. Eta neurri bete horren aurkaria, erdia izan daiteke: botila ERDI ur esango genduke, botila bete ur barik.

Gramatikaren aldetik, bete hori ez dogu, ez aditza, ez adjektiboa; determinatzaile zenbatzailea dogu, bat dan legetxe. Eta erdi hori beste hainbeste: determinatzaile zenbatzailea, eta ez izen, ez adjektiboa.

Desbidetzat joko gendukezan erabilerak, ur botila bat, ardao botila bat edo xanpain botila bat ereduko egiturak gendukez, behinik behin uraz, ardaoaz edo xanpainaz bada gure autua, eta ez botileaz. Edukia (ura) eta edukitzailearen (botila) alkarketa edo konposaketa ordena horregaz ?ur botila?, edukitzailea da ardatza, botilea. Ardao botilea izen konposatuaz esaten gabilzana da, ze botila mota dan, eta ez zein edari dan.

Gramatikearen aldetik bete zenbatzaileagaz marketan badogu aurreko izena (edukitzailearena), osteko izenak (edukiarenak) ezin dau mugatzailerik beregandu: basu bete ur esango dogu, baina ezetara be ez: basu bete *urA.

Gaineratu daigun, bete hitzagaz eregitako izen sintagma honeetan be aukera bi ditugula gramatikeari joakonez. Neurri-adierazle dan izena, gehienetan mugagabez darabilguna, mugatzailez be erabilten da eta erabili izan da; eta bietara dago ondo eta artez. Halan esan daiteke: esku bete gozoki edo eskuak bete gozoki; etxe bete lagun edo etxea bete lagun. Aho bete haginegaz itxi norbait, edota ahoa bete haginegaz itxi. Boltsiko bete diru, boltsiko biak bete diru edota Bazterrak bete diru irabazi.

Botilakada

Botilea (edo beste edozein neurri-izen) edukiaren kantidadetzat, zenbatekotzat hartzeko beste egitura bat garatu da euskeran, -kada atzizkia. Atzizki hau, -ada edo -kada itxurapean, berez erabiliagoa da zirkin bizkor, golpe bortiz eta halako zentzun-esparruetan. Hotsitzekin batzuetan: eupada, zaplada, zurrutada, izen-aditzekin beste batzuetan: dardakada, ostikada, ukabilkada.

Neurri-atzizkitzat be erabili izan da euskerearen zabalean, aldaera diferenteakaz: -kada eta tara ezagunenak. Iparralde eta Nafarroa partean saskitara, gatilutara edo labetara erabili izan dira, erdi eta sartaldean saskikada/zarankada, katilukada edo labakada dinogunaren parean.

Baina atzizki lexikal izatetik atzizki gramatikal izatera etorri da euskerearen sartaldean; ez sartalde osoan beharbada, baina bai zati on baten. Eta sartaldeko hiztunok era automatikoz bihurtzen ditugu neurritzat darabilguzan izenak kada atzizkidun izatera. Autobusa, autobuskada bihurtzen dogu autobusa bete jente adierazo gura dogunean, eta autobuskada jentea esaten.

Astoa bada zama baten eroalea, astokada bedarra esatera gatoz. Andra baten altzoa bada, ortuan batu dituan piperren neurria, altzokada piperra esan daroagu. Eta horretara sortuak dira beste honango mordoa: basukada esnea, koilarakada eztia eta beste hainbatxu, hiztunok berez-berez sortu ohi ditugunak egitura horren eredura. Eta botilea neurritzat hartu ezkero, botilakada ardaoa, gure kasuan.

Gramatika berezia dauka egitura honek. Erarik neutroena, goiko adibideetakoa da: eduki-izena -a mugatzaileaz markatzea: Zakukada patateA. Nekezago esango genduke: Zakukada patata *bat. Esatekotan be: zakukada bat patata. Horrelantxe darabil Domingo Agirre idazleak Garoa elabarrian: ?Bakoitza bere tokira! agindu zuan Ana Josepak, eltzekada bat aza izugarrizko platerean itzuliaz. Arrasateko birraitona Tiburtzio oraintsuagoko idazleak be antzera: hoa Basora eta ekartzadak gurdikada bat egur, baina dauden okerrenak.

Baina zakukada bi edo gehiago diranean,ohikoagoa da esatea: hiru zakukada patata edo hiru botilakada ardao. Kasu horretan mugatzaile barik agiri dira patata eta ardao izenak, baldin ezagunak ez badira. Baina aurretik aitatuak eta solaskideentzat jakinak diranean, -ak mugatzaile pluralaz markatuko gendukez. Kamiodunak esaten badeutso dendariari: ?Bost zarankada ogi ekarri deutsudaz, agudo erantzun leio dendariorrek: ?Zeri itxaroten zagoz ba? Sartu eizuz bost zarandada ogiOK barrura!.

Gure tradizino idatzian ez dira horren ugariak kada honegazko neurri egiturak. Baina ez da berez atzo goizeko kontua, askoz goiztiarragoa baino. Horren lekuko dira gure Mogel handiaren esaldiok. Bata: Artu ditut zelan-alan azkada bi aza, aketiren onen atal bat, eta iruntsiko badot, edan bear dot. Bestea: ikusteko ta poztutekoa da, zelan, bata baino besteak aurrerago direala, daroaken arto zatia edo katilukada saldea (PAb).

Azken puntutxu bat: eta zer diferentzia dago esangura aldetik botila bete eta botilakada horreen artean? Neure eretxian, botila bete ardao edatea modu neutroagoa da mezua emote orduan. Ene! Botilakada ardaoa ez zenduan edango, horraitino, zeuk bakarrik baina! Bigarren honek gordinago eta sendoroago marketan dau neurria, edo neurriaren gehiegizkoa, hobeto esanda.

Herri literaturako bitxi bi, bete horren gogoangarri. Harako dantza-kopla ezaguna: Errementari baino / hoba da zesteru, / lepo bete egurregaz / kolko bete diru. Eta Txanton Piperri jatun eskekoaren beste hau: Ez da neuretzat guztia / batuten dodan ogia. / Zaku bete otzur / batuten dot hur / eskean iluntzerako / amaentzat ta neuretzako.

Ondo izan eta datorren astera artean.

Iturriko
2016-10-21