Dakienak dakiHizkuntza

DaLAKOAN, daLAKOA, daLAKO ustea menderagailuak

Posted on

Mendeko perpaus konpletiboak, edo osagarriak, -la atzizkiaz markatu ohi diran konpletiborik orokorrenak, aditz baten mende edo agindupean gertatu ohi dira jeneralean. Esaldi bi: a) Halan dala uste dogu; b) (Deitu ez badau,) horrek esan gura dau ez datorrela.

Orokorrean aditz nagusi edo aditz egitura konplexu baten mende egokitu arren mendeko osagarriak, batzu-batzuetan suertetan da izen baten, edo izen sintagma egitura baten mende agertzea be. Sintaxi funtzinoari jagokonez, bada, izenlagun funtzinoa betetera etortea mendeko osagarria, jatorrian perpaus nagusiagoaren barruan eukan subjektu edo osagarri zuzena izateko funtzinotik.

Horretaraxe jazoten da goiko mende perpaus biakaz be, euron burruko aditzak izen kategoriako bihurtzen baditugu: a) ustea euki, b) seinalea izan (edo ezaugarria izan). Kasu honetan, izen baten mendekotasuna adierazoteko, jatorrizko -la atzizkia -lako formara erakarri beharra dago, -ko adnominal marka hari gehituta, -lako bihurtuaz. Halanda ze, ondoriozko perpaus egiturak honangoak lirateke: a) Halan dalako ustea daukagu; b) ez datorrelako seinalea da.

Dalako eta datorrelako mende-aditzek ez daukie kasu honetan mende-perpaus kausaletan, arrazoi-emotekoetan, agiri ohi dan lako atzizkiaz, forma berbera eukiagaitik. Funtzinoz guztiz bestelakoak dira bata eta bestea: lehenengoa, izenlagun funtzinokoa dogu; bigarrena, adizlagun funtzinokoa.

Egia autortu behar bada, izenlagun osagarriaren funtzinoko lako atzizkidun perpausak ez dira bape ugariak euskal hizkuntzan. Berbaz, guztiz dira urriak; hizkera askotan guztiz ezezagunak, gainera. Idatziz, tradizinoan ondo lekukoturik agiri dira, baina urri samarrak dira, edozelan be.

Atzizki konpletibo hau, -lako, urri erabilia izateak badau arrazoi agiriko bat; hain zuzen, lehiakide dauen –n atzizkiak gainera hartu deutsala erabil kontesturik gehienetan. Mogelek, Peru eta Maixu Juanen berba-jardunetan, lehenengoaren ahoan honango esaldia ipini eban: ta adiskide garealako ezaugarritzat, egin daigun alborokea, ta au neure diruti. Eta beste hau be bai: Mutil gaztea nintzanean ikasi neban arotzia, neure anaia nagusiagoak etxaguntza au eroango ebalako usteaz.

Gaur egun, eta tradizino idatzian be, mendeko adizki biak sarriago erabiliak dira garean/garen edo eban/zuen itxurapean, hau da, -n menderagailuaz markaturik. Lehia horretan garaile urten dau –n markak, eta –lako urriago bihurtu da.

Hori da arrazoietariko bat, gaur egun idatziz *dalaren, *garelaren eta halako sasigramatikazko sorkuntzak garatu izanarena. Gramatika-lege zuzenaren arabera ezina da –la + –ren erlazio-marken bakuntza, eta hori arrazoi bategaitik: –la aditz-atzizkia jatorriz adberbiala da, nahiz menderakuntza osagarrian funtzino propio eta berezia izan kasu honetan: honela, nola, bezala diran legetxe. Eta adberbio honeen adnominalak honelako, nolako, bezalako garatu diran era beretsuan garatu izan da menderakuntzan dala > dalako, izan-en adizkien kasuan.

Izan be, -en/-ren erlazio-atzizki genitiboa izen sintagma baten gainean eregi daiteke: etxea > etxearen, mendia > mendiaren, eta menderakuntzaren barruan -n atzizki menderagailudun adizki baten atzean, inon izatekotan. Horrelantxe garatu izan dira diran adizkiaren gainean diranaren, diranen izenlagun funtzinoko aditz menderatuak; eta eurok, mehatz eta urri erabiliak gure tradizino idatzain.

Mende-perpaus osagarriak izen bati lotzeko, izenlagun bihurtzeko, -ren gehitzeko joera oker hori analogiaz sortu da, logika bidez aplikaturiko analogiaz ?sasianalogiaz, hobeto esanda?, baina ez hizkuntza naturalal bere senean garaturiko analogia baten bidez. Horrexegaitik, batez be euskera hutsetik ikasi dabenen joerea da gehiago, jatorrizko euskaldunena baino, edota (hondino txarrago dana) okerreko gramatika irakaspideren batez hizkuntza irakatsi izanarena.

Neure ikasle bati jasoa dot, okerbide honen lekuko gisa ipinten dodan ondoko esaldia: Hala ere esan beharra dago, berandu garatu *zelaren teoria dagoela. Baina, neure irakasle esperientzian sarritan suertatu jat ikasleen idatzietan horrelakoak irakurri beharra.

«-lako +» izena

Mende perpauseko aditz adnominala, -lako atzizkiduna, eremu semantiko jakin bateko izenak darraikozala erabili izan da batez be. Hatarikoak dira: uste, pentsamentu, seinale eta eremu semantiko hurreko beste batzuk.

Idazle klasikoen artean Mogel dogu eredurik bikainenetarikoa; adbide ugariak ditualako batetik, baina -lako-dun perpausari agintzen deutsen izen diferenteen aniztasunagaitik be bai. Testuinguru pare bat dakarguz hona; bata: Etzinean bart etzun nire penzudaan, edo nik iratzartuko zendudazalako uste osoan? (PeruAbarka); bestea: artu eben igesa, ta itxi eben gizona bere sare ta zakuaz ao-zabalik, iges egin ebelako atsakabeaz. (Ipuiak).

Aibarroren idatzietatik jasoak dira ondoko esaldi biak: a) sosegu epe andiaz nago, onduko nazalako itxaromenaz (60); b) askotan emon deutsut, onduko nazalako berbea.

J. Mateo Zabalak be, gitxitan izan arren, ingurune diferenteetan darabil, menderagailu honen malgutasunaren seinale. Damu izenaz: artuko dozue, alango Jangoiko ona ofendidu dozuelako damua; atxakia izenagaz: eta bear bada ezkontzako berbea emon ezkero ezkonduen gauzak erabili izango dituezalako, gero alkar erremediauko dabeelako atxakiagaz?; edergarri eta beste izen batzukaz be.

Oraintsuagora etorrita, amesa izen sintagmari dautsala darabil P. Zamarripak behin baino sarriago, baina ames horren esangurea itxaropen, esperantza, intentzino edo ingurukoa danean. Halan: Tira! Amesetan, amesa egi bihurtuko dalako amesagaz, eskutitz labur hauxe egin eta bialdu dot (Kili-kili).

«-lakoa» eta «-lakorik» + (euki) (egin)

P. Zamarripak, bere Gramtica Vasc-n honelan azaltzen ditu labur, -lako konpletiboa, -a mugatzaileaz, -an inesiboaz edota -rik partitiboaz agiri diraneko kasuak:

Los sufijos lakoa y lakoan, derivados de lako, significan, respectivamente, idea (o creencia) de que y en la idea (o creencia) d que.

Ona dalakoa daukot. Tengo idea de que es bueno.

Ona dalakoan artu dot. Lo he tomado creyendo (en la crencia de que) es bueno.

En frase negativa se dice, en vez de lakoa, lakorik. (1928, 184 or.)

Adibidetzat emon dituan esaldiek argiro erakusten dabe dalakoa euki aditzagaz alkartzen dala batez be, ez bakarrik baina. Eta esangurearen aldetik, dalakoa horren azpian ustea, aurre-ustea, susmoa, presuntzinoa erakusten dala hiztunaren edo subjektuaren aldetik.

Menderagailu horrek badauka gitxienez aldaera bat, -lazkoa, Nerbioi aldean behintzat bizi dana.Nerbioi aldeko hizkeretan, Orozkon kasurako, -lazkoa marka hirukoitza darabilte, -lakoa hedatuenaren ondoan. Hala: Zezenik ez dagoalazkoa edo entzun deutsat baten bateri. Herri-berbetan: // Sesenik estaoelaskoa (Sinesio Estiballes).

Ez da, egia esan, -lakoan inesibokoa baizen ugaria. Gitxitan baino ez da agiri kasu absolutiboan, eta beti be uste, eretxi eremu semantikoarren arrimuan.

Osagarri zuzenaren funtzinoa beteten dau, oro har, -lakoa menderagailudun perpaus horrek, baldin izan kopulatiboaren inguruko aditz multzo bat ez bada aditz nagusia: egia da, ez da sinestekoa erakoa. Osagarri horren nagusitzat dagoan aditzak askotarikoak izan leitekez, baina ia beti adierazpen edo eretxi eremukoak: esan, entzun, aitu, pentsau Halan: Gaisorik egoalakoa aitu neban nik.

Bada egitura bat, -lakoa egin, esangura berezi bategaz erabilten dana: antza emon, itxurak egin, gazt. simular, fingir dalakoaren ordaina. Eta klasikoen artean Mogelen erabilera bi begitandu jakuz aiutuak. Bata, ipuinetariko baten irakatsi edo moraleja gisa dakarren hau: Ipuin onek adierazoten dau, zurtasuna ta askojakina izatea dala gauza batzuetan, ez dakigulakoa ta gura ez dogulakoa egitea, jakin ta gura izan arren. Bestea, zaldi eta leoiaren ipuineko pasarte hau: Igarri eutsan zaldiak etorrela guzurrez ta asmo dongaz, baina egin eban igarten ez eutsalakoa.

Da adizkiaren inguruan bilbaturiko lokuzinoa dogu dana dalakoa, dana erlatiboko aditzaz eta dalakoa konpletiboaz eregitakoa, eta berbeta mailan guztiz ohikoa. Lokuzino hori ia lexikalizaturik dagoala esan daiteke kasu askotan. Halan, Domingo Agirrek Kresala-n darabilenean urlia!, fulano esanguraz: Lantegi Jaubeak. ?Danadalakoa, goizago dabil. Oraindino lau egun ezta Sagastak agintea itxi dabela-ta… Itxasgizonak. ?Danadalakoa, agur Arranondoko alkartasuna ta agur gure arteko bakea!.

Beronen esangura garbia, berez, zabalagoa da: gizakientzako ez eze, gainerako bizidunentzako, zein bizibakoentzako, objektuentzako, aplikagarri da. Zamarriparen pasarte bat: Burlazahar nabilela uste izan dau bertako ugazabak edo dana dalakoak (Firi-firi). Sarri ohi darabilgu dalakoa edo dana dalakoa lokuzino gisa, aurretik ezaguna ez jakun izen bat dauela, eta batzuetan edo juntagailua bitarte dala: Perutxe dalakoa. Euskalduna, frantsesesa edo dana dalakoa.

«-lakorik»

Aditz nagusia ezezka dagoanean bideratzen da partitibo-atzizkidun menderagailua, -lakorik hori. Mateo Zabalaren esaldi honetan: Eta bizirik dagoalakorik agiri ezpadau [], esan bear da, ez dau agiri aditzaren azpiko mendeko osagarria dogu dagoalakorik aditzdun esaldia. Eta oraintsuagora etorrita, Zamarripa txorierritarraren hurrengo esaldi honek emoten deutso hondino berme sendoagoa egitura honi: Entzun izango dozu zeuk, irakurle maitea, behin baino gehiagotan, abadeak ondo bizi dirala. Gorra zaralakorik ez daukagu, irakurle maitea. (Firi-firi).

«-lakoan» inesibokoa

Adizlagun funtzinoa beteten dau osagarri honek be perpaus nagusian, eta aurreko lakoa / -lakorik marketan lez, beronen azpian datzan izena ezkutaturik dago, eliditurik. Baina, aurrekoetan legetxe, esangura antzekoa dau izen eliditu horrek: ustean, eretxian, sinestean, adian, pentsamentuan.

Hizkuntza bizian berau dogu nagusi, aurreko bien gainetik, eta euskal eremu askotan ia bizirik dirauen edo erabilia dan bakar antzekoa. Domingo Agirre ondarrutarraren idatziak azterkatu baino ez dago, horrezaz ohartzeko. Pasarte bi, lekuko. Bata: ?Nor da berau, hainbeste leku bear dabena? Erregina dalakoan birau natxako ta Brix sorgina baino ez da. Bestea: Ez eban horretarako behin be astirik hartu, gauza danak berenez, euren bidetik, nahi eban erara etorriko jakozalakoan..

Egon aditz nagusiagaz buztartzen da sarri be sarri, nahiz eta beste aditz batzuekaz be bardin alkartu, testuinguruak eskatu ezkero. Horretan nago, hatan dago lokuzinoen bide beretik eta balio beretsuaz garatuak dira: dalakoan nago tipoko guztiak. Azkuek Latsibi elabarrian dakarren pasarte hau da eredu egokia: Hobakuntzatxo bat dabelakoan gagoz, baia oraindino kikili-mokolo datza gizaixo andia.

Klasikoen erakusgarri, Mateo Zabalaren hau: emongo baleutsu batek estaiuzko ogerleko zabala, urrezkoa [zirarrezkoa] dalakoan, eta zuk igarri; ontzat artuko zeunskio, berak ontzat daukalako?.

Lokuzinotzat hartu beharrekoa da dalakoan ez dalakoan adizlagun egitura, besteak beste, Mateo Zabalak darabilena: Egin izan dozunez alan dalakoan eztalakoan.

«-la egon» eta «-la-ta egon»

Bada egitura bat, -lakoa euki ereduaren baliokidea dana, gaur egun berbaz nekez entzuten dana, baina gure klasikoen artean inoiz agiri dana. Mateo Zabala bilbotarraren esaldi bitariko honek darakus ondo: Auxe zan esan nebala nago [nebalakoa daukat].

Gaur egun sartalde euskeran askoz zabalago dabil, batez be berbaz, -la-ta egon egitura, esangura eremu bererako: Perutxe, aspaldian ikusi barik, atzo kalean ikusi nebala-ta nago. Ez nago guztiz seguru, baina bera zalakoa daukat.

Halan bazan, ez bazan, bego gaurkoz bake ederrean.

Iturriko
2018-09-20