Dakienak dakiHizkuntza

“Dana gura dauenak / guztia galdu dau”

Posted on

Ipuin kopla baten barruan ikasi neban aspaldi esakuntza hau. Hatan be, Dimako Bargondiako kontalari eta kopla-kantari buru onekoa izan genduan Patxi Bilbao zanari entzunda. Kopla honen hitzak ziran: “Dana gura dauenak / guztia galdu dau. / Itsuak eskribaua / ondo engainau da. / Dana gura dauenak / guztia galdu dau”. Itsua eta eskribaua protagonista zituan ipuin bateko kopla kantatua, ipuina hizlauz kontatua bazan be. Errefrau moduko kopla kantatua, itsuaren eta eskribauaren ipuinaren barruan sartuta be.

Era soltean be errefrau modura baturik agiri da gure bildumetan. Azkuek bere bilduman aldaera diferenteak dakarz batuta. Sartaldeko errepertoriokoak batzuk. Bat: “Guztia gura izatea, guztia galdutea” (EY 2470). Bi: “Guztia nahi dabenak guztia galtzen dau” (EY 2471). Eta Iparraldekoak beste honeek be badira: “Aunitz nahi duenak guzia galdu” dino batek, eta beste laburrago honek: “Guzia nahi, guzia gal” (EY 2471). Nafarroan D. Intzak baturiko aldaerea: «Dana nahi, ta guzia galdu egiten», eta argigarritzat gehituta: «geiegikeriak» (Inza EEZZ 157). Erdialdeko hizkeretan be badira honen errastuak. A. Zabalaren bilduman: “Nahi duenak ahal du, nahi ez duenak guzia galdu” (EEZZ 2170). Eta G. Garaterenean be bai: “Guztia nahi dunak, guztiya galdu” (Atsotitz 6188).

Errastu honi jarraika idazleetan be topau leiteke guztia galtzea gogorarazoten dauen leloa: «Ai ene! dana galdu zenduan!» (Arrese-Beitia Ama.Euskeria). «Poztasun gitxi biotzean da / dana galdu bildurrean» (F. Etxebarria, bertsoz). «Batzuk aberats mizkeriakaz / euren gorputz dana galdu» (F. Etxebarria, bertsoz 165). «Inpernukoaren aize-boladak, erne baiño ere leen, ereinda zeukaten azia dana leortu ta galdu zuen. ‘El soplo de la boca diabólica’ (J. Ignacio Arana). Kristau dotrina barruan, Adan eta Evaren pekatua dala-ta: «Zorigabekoak gu! Gure lenbiziko gurasoak dana galdu ziguten pekatu eginaz» (Zeruko.Argia 1954, 22).

Adolfo Arejita