Dakienak dakiHizkuntza

“DATOZEN orduetan” eta kideko formulak euskeraz

Posted on

Denpora kontuak adierazoteko, urteaz, hileaz, asteaz, egunaz edo dana dalako denpora-izenaz, gitxi-asko danok esaten dogu datorren urtean, datorren hilean e.a. Bardin gertatzen ete da pluralean? Datozen urteetan esaten ete dogu edo esan ete geinke?

Datorren berez-berez darabilgu denpora-izenakaz, Iparraldean heldu den egiten dan moduan. Denpora-tarte luzetxoa, baina batez be zehatza, adierazoten daben izenakaz: datorren urtean, datorren hilean / hilabetean, datorren astean, edota datorren neguan, datorren uztailean, edo datorren domekan.

Datorren hurregaz oraingoaren hurrengoa adiereazoten dogu orohar.

Baina badira denpora-izen batzuk, datorren hori onartzen ez dabenak. Egun eta gau, esaterako. Gaur berbetan bagagoz, datorren egunean ez dogu esaten, ze datorren hori bihar da, eta perifrasirik sortzen ibili barik, izen zehatzak ditugu bihar, etzi edo etzidamu esateko.

Asteko egunen izenakaz, bai ostera. Halan darabilguz: datorren astelehenean, datorren martitzenean edo datorren zapatuan, baina beti gaurko egunaren hurrengo biak (edo hirurak) ez diranean, ze horretarako daukaguz goian aitatu barri ditugun bihar eta enparaduak.

Denpora-tarte laburra adierazoten daben izenakaz ez darabilguz, ez datorren singularra, ez datozen plurala. Ez dira legezkoak: *datozen minutuetan, *datorren orduan edo *datozen orduetan.

Goiza, arratsa, ilundea, gaua, goizaldea lango izenakaz ez dogu datorren hori erabilten. Oraingoaren hurrengoa bada, bihar goizean / arratsean / gauaz eta halan. Eta denporan urrunagokoa bada, hurrengo goizean, ondoko gauean, hurbilen arratsaldean eta halan.

Beste baliabide batzuk

Iparraldeko berbetan, gehien, heldu den igandean, heldu den ortzilarean darabile gure datorren adizkiaren lekuan, baina badira beste batzuk be: hurbilen ortzilarean edo daugin igandean, azkenengo hau zahar kutsukoa gehiago.

Etorteko dagoan egun hori zehaztu barik badago, zein aste-egun dan ziur ez badakigu, edo gitxi gorabeherakoa bada, esaten dogu datorren egun baten, eta baita be gaineko | gainerako egun baten.

Datorren eta hurrengo ez dira bat

Ez ditugu ingurune berean erabilten bata eta bestea. Hurrengo astean dinogunean, aurreko aste baten hurrengoaz dihardugu, eta ez oraingoaren hurrengoaz. Baina datorren astean dinogunean, oraingoaren hurrengoa darabilgu berbagai, berbetan gagozan aste honen hurrengoaz, hatan be.

Eta plurala zer?

Pluralez adierazoten ditugu denpora-izenak, bat baino gehiago diranean. Halan: minutuak, orduak, egunak, asteak, hileak, urteak.

Baina hiztunok ez dogu analogia automatikorik apliketan, eta ez ditugu adizki finkatuok bere horretan pluralera aldatzen. Ez dira naturalak euskaldunontzat ondoko formulak: *datozen urteetan, *datozen hileetan/hilabeetan, *datozen asteetan…, eta hainbat gitxiago: *datozen minutuetan eta *datozen orduetan, gaur egun hedabideetan txitean-pitean dantzuguzanak.

Gaztelaniazko próximo / próximos dalakotik dirudi datorrela nahasketa hori, osoan ez bada, zati baten behintzat. Izan be, adjektibo hori singularrez zein pluralez darabilgu gaztelaniaz arazo barik: el año próximo, los años próximos. Baina gaztelaniaz be be badira murriztapenak: el año que viene normala dan moduan, ez da hain normala esatea los años que vienen.

Ze aukera bultzatu?

Zein beste aukera daukagu orduan, denpora-izenak pluralean darabilguzanean?

Gure artean entzunena pluralerako hurrengo da, edota hurren, eta Iparraldean batez be geroko. Hurrengo urteetan da singularreko datorren urtean dalakoaren pluraleko ordaina; hau da, hemendik aurrera datozen urteak.

Baina ezagunak eta ohikoak dira beste honeek be: Ondoko urteetan, edo Geroko egunetan, bigarren hau Iparralde eta ekialdean gehiago. Gainerako / gaineko urteetan be normal darabilgun adnominala dogu.

Baina badaukagu beste estrategia bat, laburragoa, oraingoaren hurrengo denpora-tarteak izendatzeko, eta da plural hurbila esaten doguna, -otan atzizkia erabiltea, beti -etan atzizkira joten ibili beharrizan barik. EgunOtan, asteOtan, hileOtan edo urteOtan dinogunean, izan daitekez oraintxe bizi ditugunak, edo hurren-hurren ditugun gerokoak. Laburren denpora-erreferentzia emoteko modu eroso bat.

Denpora-izen laburrak

Egia da, denpora-tarte laburrak izanik, pluralez erabilten ditugula gehiago, baina edozelan be beste egitura batzuk erabilten ditugu. Orain hurrengo orduan, edo hurrengo orduetan, edo hurrengo orduOtan, hurbiltasuna markatuz. Halan: minutuOtan edo hurrengo minutuOtan, hurrengo edo geroko orduOtan, eta bardin: segunduOTAN edo orain hurrengo segunduOtan.

Beste izenlagun batzuk lagun dirala: ondoko minutuetan, hurrengo segundoetan, edo geroko orduetan.

Eta bardin: Hurrengo minutuetan, edo hurrengo minutuOtan. Eta beste hainbeste segundoakaz be: hurrengo segundoetan.

Beste aukera bat, guztiz zabal dabilena: ondoko orduetan, minutuetan, segundoetan.

Datozan denporaz ateko eremuetan bai

Denporaz kanpoko eremuetan, beste esanahi batzuetarako, arazo barik erabilten dogu datozan. Halan esan daroagu: gainera datozan arazoak, lanak, zereginak, eragozpenak…  Halan esan daiteke: Datozen gertaerak ikusteko gagoz oraindik.

Lurralde batera bisita bat egiten bagoaz autoz, esaterako, esan geinke: Hurrengo datozan herriak ikusgarriak dira. Jenteagatik be esan geinke: Hor aurrean datozen neska-mutilak ezagunak ditut. Edo: Hona datozan guztiak ondo hartuak izango dira. Berba baten esanda, datozan erabilteak daukan muga nagusia, denpora-izenakazkoa da.

Iturriko

2020-02-07