Pedro Mari Goikoetxea EITBko kazetariak, eta besteak beste kirol arloan aditu handia bera be, zuzendu deusku esaldi hori. Hedabideetan entzunda seguru antzean, baina ez jako belarrian gozo egin, ze hobekuntza-proposamen bat gehitu deutso oharrrari: ‘Benetako ordua’ ez leukek izan behar?
‘Egiaren ordua’ izen sintagma, egitura gramatikalaren aldetik zuzena da. Entzule euskaldunontzat, ostera, hori entzutean ez dakigu artez zer esan gura dan. Esate-modu horren esangurea argi ulertzeko, gure erderara, gaztelaniara jo baino bide hoberik ez dago; hatan be, erderatik askoz hobeto ulertzen da eta: “La hora de la verdad”.
Goikoetxea jaunak benetako ordua ipini deusku aurrean, eta halantxe esan daroagu gitxi-asko sartaldeko euskaldunok; benetako berbea erantsita aurreko izenari: benetako ordua, minutua, unea, momentua… denpora-eremuan; benetako lekua, tokia, zelaia, aretoa, gelea… espazio-eremuan, edo ardurea, arazoa, buruaustea, zeregina, konponbidea… izen abstraktuen eremuan. Edozelan be benetako adnominala aurretik dautsala ondoko izenari.
Beste zein adnominal jatorko eraz kontestu honetan ordua izenari? Hara gitxi batzuk:
Egitako eta egitango erabilten dira erdirantzago: egitako ordua edo egitango ordua.
Egiazko adnominala be eraz sartzen da hor: egiazko ordua.
Ekialderagokoa dogu jatorriz beharbada zinezko adnominala, baina gaur egun euskera osora hedatua. Hara Azkueri hartu deutsagun esaldi baten hitzak: “Len egoten zen edozein gauzengatik nigarrez, orai ditu zinezko nigarrak (B), […] ahora tiene verdadero llanto” (Dicc.).
Goiko esaldi horretara bihurturik, egiaren ordua dalakora, ez dakit indar gehiagokoa ez ete litzateken, berdadero mailegu-adjektiboa erantsita: ordu berdaderoa esanda. Hara zelan idatzi eban aspaldi-aspaldi Beriain elizgizon idazle nafarrak, Jesusen apostoluaren ezpanetatik ezarririk: “Maistrua egiaskoa eta berdaderoa, fedesko gauzak erakusten dituzuna” (Beriain Tratado 57v. I).
Adolfo Arejita