Dakienak dakiHizkuntza

«Denporea daukagu beste kanta bat entzuteko»: denporea ala astia?

Posted on

Ez dauka atxakiarik esaldi horrek: denporea daukagula zertarako edo hatarako.

Baina aukeran bada beste berba bat, beti erabili izan doguna eta gitxitan akordetan jakuna: zorioneko astia. Denporea, esangurarik zabalenean darabilgun berbea da. Astia, ostera, eremu mugatuagoan, estuagoan: Astia, zeozer egiteko hartzen dogun denpora-tarteari esaten jako; libre daukagun edo libre hartzen dogun denpora-tartea, zer edo ha egiteko, ez alperkerian edo besoak auma dirala egoteko. Kasurako, anaieari esatea: «–Hi! Garbitu daigun autoa salto baten, oraintxe jaukaguk astia eta!». Baina anaieak erantzun leigu: «–Orain ezin joat ba! Asti barik naiabilk oin momentuan».

Arakistain Itziarko lexikograkoak islatzen dau zoragarriro asti hitzaren esangurea, XVIII. mendean idatzi eban esalditxu honetan: “Bearrik asko daukagu, astia bagendu» (Arak 448). Mogelek be argiro darakusku asti izenaren esangurea sinonimoen estrategiaz: “Nundi dakizu emongo deutsula Jangoikuak epe, asti edo denporea?” (Konfesino).

Larramendik aspaldi erabili eban astia izan aditz lokuzinoa, gaztelaniaz: «vagar, tener lugar, tiempo para algo” gaztelania ordainaz, eta astia izan lokuzinoaren sinonimo lez, gipuzkeraz erabilia dan beta izan aitatzen eban.

Asti izena aditz bihurturik be erabilten da, asko ez arren: astitu, bizkaiera ekialdean astia atera lokuzinoaren esangura beretsuaz erabilten da. Dakarguzan hona Labayru Hiztegiko adibide bi. Batak dino: Astitzen nazanean egongo gara alkarregaz. Bigarrena, Eibarko berbetatik Toribio Etxebarriak ateratakoa: Astitzen banaz zu joan baino lehen, agertu bat egingo deutsut. Esaldi zoragarria.

Astia emon eta astia galdu be aditz lokuzino ezagunak dira. Esatea, kasurako: Ez galdu alperrik horretan astirik. Edo: Astia zetan emon ez dakiela dagoz.

Izen alkartu ezagunak be garatu ditugu asti izenaren inguruan: astialdi, astiune, astiordu… Halan: Aterako dogu astialditxu bat zure eskaria beteteko.

Adjektiboak be garatzen dira asti izenetik. Batetik, astitsu adberbio lez sarriago darabilguna: Gaur astitsu gabilz. Eta adjektibo kategoriaz: “Negua, astitsua izaten dabe ofizio hartan», Toribio Etxebarria eibartarraren esanean. Eta adberbioen hariari tira eginez, astiz be sarri darabilgu, «sasoiz» edo «denporaz» esateko: Zelan zabilz astiz?  itauntzen badeutsue, seinalea arduraren bat sakatu gura deutsuena.

Eta zein da astitsu hitzaren kontrako esangurakoa? Astirik ez eukitea esateko sarri darabilgun beste esamodu bat da: Astirik atera ezinik. Eta bestetik, asti askogaz ez dabilena asti gitxigaz dabil, eta hori adierazoteko berba bitxi bat, urri bigarren osagaitzat hartuta: astiurri ibili.

Nork ez daki, sartaldeko euskeran, astiro (ibili, joan…) zer dan? Asti izenari -ro atzizki adberbiala gainetuta erakarririko berba dultzea dala?

Asti-emongarri hartu dogun astiaren gaineko zeregintxu hau izango al da norbaitentzat baliagarri!