Dakienak dakiHizkuntza

«Dokumentu hau sortu dogu, lagungarri izango dozulakoan»

Posted on

Esaldi honetan zein da egokiagoa: «Dokumentu hau sortu dogu, lagungarri izango dozulakoan / jatzulakoan».

Neure eretxian, bietara dago zuzen esanda. Kontua da, zein egiten jakun ezagunago edo zein hurragoko. Bietara esan daiteke: Hiztegi hori lagungarri izan dot edota Hiztegi hori lagungarri izan jat lan hau idazteko. Baina hirugarren era bat be bada, egokitasun gitxiagokoa deritxadana: Hiztegi hori lagungarria da niretzat, gramatikaz zuzena izanagaitik. Edozelan be era inpertsonalean emon daiteke mezu, nor dan mesedetua aitatu barik: Hiztegi hori lagungarri izan da edo lagungarri gertatu da idazketa baterako.

Lagungarri hitza dala-ta gogoratu daidan, euskera klasikoan, eta modernoan be, lagungarri izen kategoriaz erabili izan dala gehiago, adjektiboarenaz baino. Mogelenean lagungarri “auxilio” esanguraz erabilia da: “Bere grazia edo lagungarri bizkorrakaz” (Konfesino). Eta Ullibarri Okondokoak be, Abandoko errementariak,  oraintsuagoko gutunetariko baten: “Ez nago ni orretarako: lagungarri gitxi ta gogo-ilgarri asko daukat, orretarako bideak artuteko” (Gutun liburua 49s.). “Zerk edo nork lagundu” euki aditzen emoteko.

(Zerbait) lagungarri izan (norbaiti) lokuzino-egitura bera be tradizino modernoko egiturea da.

Heldu jakun zalantzeau dala-ta, zein aditz laguntzaile erabili: jat ala dot, jaku ala dogu, jako ala dau? Bietarako joerak ohartzen ditugu testu modernoetan.

Zer-nori ereduko adizkiak agiri dira, hau da, jat, jako, jaku laguntzaile iragangaitzdunak, idazle modernoen honako pasarteotan: “[…] baldin nere azken helburura jotzeko hek ez bazaizkit lagungarri”. (Duvoisin Hiztegia). “Orain, beintzat, ezertan lagungarri izango ote natzain?” (J. Zaitegi Sofokel 177). “Ona izateko […] lagungarri yatan neure gurasoekan onerako joera besterik ez ikustea” (Santi.Onaindia S.Teresa 20). “Zerbait lagungarri izan litzaidake nere urteen ugaritasunera iritxi izana” (A. Zinkunegi).

Nork-zer ereduko adizkiak agiri dira, ostera, gure idazle bikainenetarikoen beste testu batzuetan. Halan E. Erkiagaren honetan: “Itsasoa bare agertzen zanean […] erremuak azkar astinduaz; eta aize biguna […] lagungarri izaten ebenetan, pozarren ibilten ekien olatuen dantzai gora-beeraketaz erantzunaz” (Arranegi). Edo K. Mitxelearen honetan: “lehen bokalaren iturburua jakiteko, beraz, beharrezko ez bada estu-estuan, lagungarri dugu forma trinkoak edukitzea” (MEIG VI 192). Edo Jon Etxaideren beste honetan: “Nork zekik bere animaren salbapenak ire barkazinoa lagungarri aundi ez ote dun” (Joanak joan).

Eta hirugarren egiturea, da tipoko adizkiduna, ikuspegi inpertsonala emonez. Juan Jose Mogelen hitzetan: “Dibersinoe inozente, geure nekeak igaroteko lagungarri diranei” (Baserri.Eskolia ed. 1845. Eta Mitxelenak: “Okerrago, heldu bada, genuen etxe-teilape ederreko barrunbe kaxkarra lagungarri izan baitzen […] behar genuenaren gose-egarria uxatzeko” (MEIG IV 127).

Baina beste adjektibo bat sartuko bagendu /adj + izan/aditz-multzo horretan be aditzagazko jokera berberak izango gendukez. Mesedegarri izan hartuta: Mesedegarri da (neurriz edatea). Mesedegarri jatzu … (gitxitxoago jatea), edota: Mesedegarri dozu … (esanari kasu egitea). Beharrezko hartuta: Beharrezko da (guztiok ahalegin egitea), egiturarik ohikoena. Beharrezko dozu (hara joatea), hurrengo erabiliena. Eta Beharrezko jatzu… gitxien erabilia. Osasungarri adjektiboa hartuta: Osasungarria da (garbi jatea). Osasungarria dozu (genero ona jatea). Osasungarria jatzu (sano jatea). Ona izan hartuta be, hiru aukerak dira zuzenak. Maiztasunen arabera: Ona da edo izaten da (jenteagazko hartuemona). Ona dozu (berbak ondo neurtzea). Ona jatzu (emondako berbeari eustea).