Dakienak dakiHizkuntza

Doministiku

Posted on

Orain negurantz normala izaten da, estul modura doministikun egitea. Baina era bat baino gehiago dagoz, ezta, erderaz ‘estornudar’ deritxona euskeraz esateko?” [DOMINISTIKU] [USIN] [URZINTZ] [ARKUSIN]

Asier Muniategi, Herri Irratiko kazetariak bideratu deuskun berbea dogu hau. Halan dino mezuak: “Autobus geltokian neska bat eta, doministikun dinost buruak, haren hachiiis entzutean. Latinetik etorri arren, oso geurea da, eta gazteek erabilten ete daben nago. Edo erderaz erabiliko ete dan”.

Usin egiten dauenari errukiarren edo gurari onez esaten jakon latinezko esaldi bat da berez:  dominus tecum, hau da, ‘Jauna zugaz’. Eta horretatik eratorri da euskerara, izen modura doministiku berbea, izen lexikalizatu gisa.

Mogel idazle markinarrak Peru Abarka-ren atzeko nomenklaturan usin egin emoten dau gazt. ‘estornudar’ aditzaren ordain modura, eta arrausin, gazt. ‘bostezar’ adierarako. Eta Azkue lexikografoak, usin eta usain aldaerak dakarz Bizkai-Gipuzkoetako berba modura. Halan dino Euskalzale aldizkarian: «Usiña eta Doministikuna gauza bat dira» (Ezale 1899). Baina ekialderako urzintz be esaten da.

Enotxun egin be esaten da Bizkaiko leku batzuetan.

Polita da Zegaman Hizkeren Atlaserako batu zana: Arkuxin gurea daukat. Arkusin egin da hor aditz multzoa.

Gregorio Arrue idazle hernaniarrak Maiatzeko Illa obran argibide hau damaigu: “Guziaz ere gaitza aurrera zijoan, eta usin edo ao zabalka egitean person asko hiltzen ziran, eta, uste danez, usin egiten dutenai diosal egiteko eta ao-zabalka dagoenean gurutzearen seinalea egiteko usadioa onetatik etorri zan”.

Edozelan dala be, Azkuek EY bilduman honelan deskribatzen deusku usadio hau: “Toki askotan erriak galdua dauka erderazko ‘estornudo’-ri dagokion itza ta bere ordez Doministikun erabilten du. UsindunariDominus tecum‘ (Yauna irekin) esatea erri askoren oitura zar zarra da” (EY I 154).

Euskaltzaindiaren EHHA hizkeren atlasean agiri diran erantzunetatik ezagun da doministiku izena, doministikuka adberbioa edo doministiku egin aditz multzoa dirala Bizkai-Gipuzko-Araba lurraldeetan, eta baita Nafarroako Malerrekako herrietan be ‘usin egiteari’ jakon izen nagusia. Nafarroako Sakanan eta beste hainbat alderditan antuxa, atidxa edo atxidxa egin esaten da, eta Iparraldean urzintza, urtzintza egin nagusiro.

Eta Iparraldean, Lapurdi partean, esaera bat be badago usin egiten dabenei, berariaz emakumeei esaten jakena. Sarako esaerea: “Domistiko ehun urtez, urtian haur bat (eg)inez, edo egunian oilo bat janez”.

Adolfo Arejita