Dakienak dakiHizkuntza

EDO juntagailuaz ohar batzuk

Posted on

0. Aurkezpena

Gramatikan juntagailu kategoriapean sartzen dira, juntagailuen barruan, mintzagai dogun edo, eta hurrengo erabiliko ditugun beste batzuk ala, nahiz, zein eta ildokoak, eta juntagailuen barruti zabalaren barruan, hautakari deritxen sail barruan, gaztelania-maileguz disyuntibo deritxenaren barruan. Nahiz guztien esangurea beti bat ez etorri “hautakari” izaera horregaz.

Edo eta ala aurkeztuko ditugu bata bestearen hurrengo idatzi bitan, eta moduren baten alkarri dautsela. Horren arrazoia, didaktikazkoa da batez be: biek hartzen dabe gitxi-asko gaztelaniazko “o” juntagailuaren eremu semantikoa. Baina euskeraz bata eta bestea ez ditugu beti ingurune berean erabilten, ez Iparraldeko tradizinoan, ez Hegoaldeko erdi eta sartaldeko tradizinoetan. Baina hegoaldeko hizkeretan, gaztelaniazko “o” horren eremuakaz bardintzera joten dogu sarritxu, okerreko gramatikabideak urratuz.

1. Edo  # Ala. Marka orokorra eta murriztua

Juntagailu bion arteko diferentzia nagusia eta printzipalena da, edo neutroa eta danerakoa, orokorra, dala, eta juntagailu lez zaharragoa beharbada; eta ala juntagailua, barriz, markatua, eta erabilgune eta balio murriztuagoak dituana.

Edo, bai sintaxi aldetik, bai esangura aldetik, zabala da: hautakaritzak hartzen dituan esangura eremu guztietarako balio dau, ezetariko murriztapen barik. Ala, sintaxi ingurune estuagoan erabilia da.

2. Edo juntagailuaren sintaxia

Sintaxi diferenteak onartzen ditu edo juntagailuak, baina nagusitzat ditugun bi bereiziko ditugu idatzi honetan.

2.1. Edo juntagailuaren egoleku normala, alkartzen dituan gramatika-unidade biren erdikoa da: /‑‑A— edo –A‑‑/. Beste juntadura batzuetan lez, alkartutako osagai edo atalok maila berekoak izan behar dabe. Osagai alkartuok, luze-laburrean zein egituraz era askotakoak izan leitekez. Hara ezagunen batzuk:

– Izenen arteko juntadura gertatzen da sarri. Edo sinonimoak diralako, edo esanguraz hurrekoak diralako, edo aurrez aurrekoak diralako, edo beste arrazoiren bategaitik. Esan geinke lehiaketa bat dala-ta: “bardin deutso neskea edo mutila izan parte-hartzailea”. Edo: “Eguraldia zelangoa dan, kanpoan edo barruan izango da ekitaldia”.

Osagai bitik gora diranean, hiru gehienetan, edo juntagailua azken eta azken aurrekoaren artean azaldu ohi da, lehenengo bien artean elipsia gertatzen dala. Halan adibidez: “Lapikokoa, haragia edo arraina, edozer jango neuke daukadan goseagaz”.

– Adjektibo sintagmen alkarkuntza gertatuko da beste batzuetan. Osagai bikoak dira ugarienak: “Autoa ze koloretako zan ez nago seguru; morea edo gorriskea ete zan nago”. Kontrajarpen semantikoa sarritan gertatzen da: Zahar edo gazte. Zuri edo baltz. “Ardao bitsduna, bizia edo motela izan, hasibarria edo zaharra izan, ez da bardin sartzen”.

– Izenordainak izan leitekez egitura alkartuok: “Zuk edo norbaitek jo dau lehen atea”. Egitura eginen artean aitatzekoak dira, batetik, nor edo nor, zer edo zer errepika egiturakoak; nor edo ha, zer edo ha, hau edo hori, ha edo hori e.a.

– Zenbatzaile zehaztuak: “Hamabi edo hamabost izan eitekezan aldran etozanak.” Zehaztubakoak: batzuk edo hainbat. Esapide finko izateraino garatzen dira batzuetan: Bi edo hiru. Gitxi edo asko. Gehiago edo gitxiago.

– Adberbio kategoriakoekin artean be esparru semantiko diferenteetakoak alkartu leitekez. Edo denporazkoak: “Gosea etxe haretan beti edo sarri egon da behintzat”, “Goiz edo berandu jausiko da”. Edo lekuzkoak: “Barruan edo kanpoan jateko aukerea dozue”. “Ez da bardin behar egiten dan lekutik urrun edo hurrean bizitea”. Moduzkoak ohi dira sarriago: “Pozik edo tristerik bizi leiteke bat, baina aurrera egin behar da.” Kirikiñoren hurrengo hau lekuko: “Nik orain gomuta ez dodan etxaguntza baten bizi ei zan bigarrenez ezkonduriko emakume bat, buru barrua hutsik edo behinik behin ondo beterik ez eukana bera” (Abarrak).

– Adizlagunak alkartzen dira beste batzuetan: “Geldi egoterik ez dago: aurrera edo atzera egin behar da”.

– Zenbatzaileak, beste batzuetan: Gitxi edo asko. Edo Kirikiñoren hurrengo hau: “Irakurgaitxu gehienak lehendik argitalduak dira izparringi batean edo bestean” (Abarrak).

Zenbatzaile zehaztuen juntaduretan edo juntagailuaren gitxi gorabeherako bihurtzen dau zenbateko edo kopurua. Halan darabilguz: bat edo bi, lau edo bost, hogei edo hogeta hamar, ehun edo berrehun, mila edo bi mila eta abar. Domingo Agirreren lekukotasunaz: “Txurrigeraren

egunetako bost edo sei elizmahai edo altara daukaz, zabalak eta galantak, nagusiaren eskumaldetik Done Pedrorena, ezkerretik kurutzean josirik dagoan Jesusena.” (Kresala).

– Esapide tipo batzuk eregiteko marka emonkorra gertatu da edo: banakaritza edo distribuzino eredukoak batez be. Halangoak dira: nor edo ha, zelan edo halan, nora edo hara, nondik edo handik… Kirikiñoren hau, adigarritzat: “Egur mehe hau be zetarako edo hatarako bada” (Abarrak).

Esapide eginok ez gitxitan esanguraz antonimoak diran unidadeen artekoak izan ohi dira: Bihar edo etzi. Noiz edo behin. Aurrerago edo atzerago. Lehenago edo beranduago. Hor edo hemen. Handik edo hemendik. Zelan edo halan. Ondo edo txarto. Zuzen edo oker.

Eta batzu-batzuetan, unidade beraren errepika alkartzen agiri da edo. Halan: behin edo behin; noiz edo noiz; non edo non, nor edo nor, zer edo zer.

Itaun-perpausetan hautakaritzazko juntadura gertatzen danean, eztabaida sortu ohi da sarri, ea edo erabiltea bidezko dan, edota ala erabiltea toketan dan. Gure ebatzia hau da: edo marka orokorra eta danerakoa da, itaun-perpausak barru dirala; eta ala darabilgun ingurune berean erabili izan da eta erabili leiteke. Bietara dago gramatikaz zuzen esanda: a) Guk nori sinestu, zuri edo hari?, eta b) Zuri ala hari?

Beste auzi bat da zein gomendatzen dogun horrelakoetan. Ala bultzatuko genduke, baina edo be ontzat hartuta.

2.2. Edo banatzailea

Banaketa edo distribuzino egituran be uste baino sarriago ‑‑eta gramatiketan aitatzen dan baino askoz gehiago‑‑ agiri da edo juntagailua, unidade juntatuen, euretariko bakotxaren, aurre-aurrean lekuturik: /Edo ‑‑, edo ‑‑, edo ‑‑/ egiturapean. Aspaldi zaharretik ondo garden azaltzen da egitura hau gure euskal idatzietan. XVI. mendeko testuetatik bertatik.

– Izen sintagmen arteko egitura banatzailea daukagu errefrau zaharretarik hauturiko honetan: “Edo idia, edo begia, emongo deustak ene egia!” (RS 389).

– Adberbioen gainean eginiko egitura banatzailea besteotan: “Adiskide barriagaiti zarra ukatu balidi, edo len edo gero kalta agertu leidi” (RS 510). “Amoradua amorez ilten / ezin leite sufridu. Edo berandu edo goxago / zuk bear nauzu kuradu.” (Lazarraga).

– Esaldi osoen alkarkuntza darakuse hurrengo egitura banatzaileek. Adierazpen perpausak alkartzen ditu hurrengo egitura banatzaile honek, Mikoleta bilbotarrak bere dialogoetan dakarren esaldi honek: “Edo zuk dinozu guzurra, edo bai erloxuak, zerren eguzkiak ezin esan lei guzurrik”. Aginte-perpausena, Lazarragaren honek: “Edo nafinzu barrez sekulako, / edo zuk indazu bizi tristea, / zuregan dan azkero emaitea”.

Klasikoen artean Mogelen Peru Abarka-ko esaldi ezagun bi jatorkuz era-erara banatze estilo hau argitzeko. Bata, edatekoaren gainekoa: “Nik biti bat: edo ardao utsa, edo geienean ur utsa” (Peru Abarka). Bestea, ogigintza prozesua dala-ta: “Daroe labara, ta labazaina ez bada zuurra ta aitua, edo suak igaroko dau, ganea baltzitu ta barrua erre baga, edo danak urtengo dau ezkotu ta errearinak”. Eta J. Mateo Zabalaren beste bat: “Bardin errotaak jaiegunean eio leie, ori egin [ezik] bagarik, bear dan urunik izango ezpada, edo errota gitxi edo txangelak dagozalako, edo ur gitxi dagoalako” (I 90).

Gaur egun be, berbaz, berez-berez darabilgu egitura banakari hau: Edo esan zeuk, edo, ausartzen ez bazara, esango dot neuk zure ordez.

3. Edo juntagailuaren balio semantikoak: esanguren konplexua

Ez da erraz edo-gazko juntadurak sortzen dituan lotura semantiko diferente guztiak zehatz emoten, eta gure asmoa be apalagoa da: nagusi edo sarrirokoak diran batzuen barri emotea.

Sinonimoen juntadura

Esangura bereko hitzen, sinonimoen, alkarkuntzarako erabili izan da tradizino idatzian sarri edo juntagailua: edoka deitu izan jakon estrategia. Sarritan jazo da euskerazko tradizino idatzian, gauza bat era bitara izentaurik idaztea; berba bata, esangurea ulergarri egiteko, eta bestea euskal berba garbitzat dagoan bat aukeran emoteko.

Kontzeptu bat era bitara izendatzeko jokaera horrek arrazoi didaktikoak izaten ditu batzuetan, kontzeptua ulerterraz egiteari lotuak. Eta gaur baino gehiago lehenagoko denporetan, jentea irakurtera ohitua ez egoan aldietan, eta hainbat gitxiago euskeraz. Irakurleen ulertze-zailtasunean oinarritzen dau edoka joera hau frai Bartolomek bere liburu sarrera baten: “Ta ain daukeez ia artuak erdera edo latin berba batzuk, eze eurakin ez bada, aituten ez dabee ondo dotrinea edo kristinautzako erakutsia.” (Ikasik I).

Baina Pedro Astarloa frantzizkotarra, belaunaldi bereko idazlea, dogu jokaera honetan puntarengo. Urteko domeka sermoi-liburukien bigarreneko sarreratik jaso dot ohar hau: “Saltzen da lenengo liburuagaz, Bilboko San Frantziskuko atarte edo porterian”. Adibide erakusgarria.

Euskal sustrai garbiko sinonimoak alkartzen be sarri idatzi izan da edo. Eta batzuetan berariaz, euskerearen lexikon aberastasuna erakusteko ahaleginaz, eta aldi berean “irakasteko”. Mogel idazle handiak baeukan lehia hori, eta aparteko ahalegina egiten dau euskal hizkuntzan barruan dituan hitz-akarketa edo eratorkuntza ahalbideen bitartez, lexiko-sorkuntzari emendioa ateraten. Adibide on bat: “Ipuin onek esan gura dau ez dogula izan bear burukoiak edo buruitxikoak” (Ipuinak). Beste batzuetan, erregistro diferenteetako erabilerak kidetzeko erabili izan da: “Munduaren usadio paltsoak eta lege zorigestokoak zortzi amar urteko umeak bere bakiez. Baiña kristinauaren zereginak edo eginbearrak, eskolau anditzat euren buruak daukeezanak bere, askok ez.“ (frai Bartolome Ikasik I).

Lexiko-baliabideak aberasteko ildo berean, sinonimoetatik harago be jo izan dabe idazleek edoka baliabidera. Alkartutako hitz biak esanguraz kidetuak edo hurrekoak izatea asko da batzuetan, testuaren edergarrirako. Mogelen beraren esaldia dogu: “Sagutxuak igon eban soka edo lokarrietara, asi zan orztxikatu edo birrinduten sokea agintxuakaz, ta larga eban leoia katigutasun baga” (Ipuinak).

Bata bestearen azalpena

Edo juntagailua darabilgu sarri, kontzeptu edo hitz bat edukiz edo esanguraz argitzeko, bigarren azalpen edo argibide bategaz osotzen dogunean, edo lokarri dala. Halan: “Gabon Sariak edo aurtengo gabonetan Azkoitiko eleiza nagusian kantatuko diran gabon-kantaak” (Xabier Mª Munibe). Edo Mogelenean: “osatu gura ezaz dator kargrena edo aragiaren usteltasuna” (Peru Abarka).

Esanguraz hurreko diran kontzeptuak alkartzea

Maiztasunez agiri da ingurune horretan. Adierazpenak, adierazo beharrekoak halan eskatzen dauelako. J. Mateo Zabalaren egitura bigaz erakutsiko dogu balio hau. Lehenengoa, edo osagai bien erdian dala: “Baia ai! eta ze bildur gitxi edo bapere ez artuten deutsen gure errietan askok [bereinek] guzurraren ganeko juramentuari!” (Irun). Bigarrena, egitura banatzaileaz: “Bardin errotaak jaiegunean eio leie, ori egin [ezik] bagarik, bear dan urunik izango ezpada, edo errota gitxi edo txangelak dagozalako, edo ur gitxi dagoalako” (Irun).

Aukera diferenteak aurkeztea

Sinonimoen eta aurkarien arteko erdibidea da aukera diferenteen alkarkuntza: mezu edo prozesu diferenteak eskeintzen dira bata bestearen hurrengo, aukeran emonda lez.

Izen kategorien bidezko alkarkuntza dogu hurrengo hau, Domingo Agirrerenetik hautua: “Noiz ez dagoz itsasertzetako emakumeak guraso bat edo seme maitea galtzeko zorian?” (Kresala)

Perpaus diferenteen bidez emonikoa dogu hurrengo hau: “Zer irabazten dozu ni ilagaz, / edo zer ideraiten antzituaz, / edo zer galtzaiten ni osatuaz?” (Lazarraga).

Antonimoen alkarkuntza

Adierazkortasun berezia hartzen dabe edo lotitzaz baturiko binomioak, aurrez aurreko esangurako hitzez alkarturiko esapideek. Halankoa dogu huts edo bete, Mogelek Peruren ahoz behin darabilena, Maisu Juan barberuari gordin erasoteko: “Bizi zara iñoren gatxaz, iñori min emonaz, iñori odola atereaz. Uts edo bete emoten dituzu osagarri izenekoak” (Peru Abarka).

Perpausen, aginte perpausen, aurkaritza adierazoten da edo juntagailudun honetan: “Zure berbaok adietako / ez dot entendimenturik; / klaruxeago berba egizu, / edo zaoza ixilik!” (Lazarraga)

Egitura banatzailea dauenean be sarri markatzen dau aurkakotasuna: Edo gaur edo bihar, ordainduko deustak egin deustaan kaltea!

Edo bestela, edo ostean, edo osterantzean

Aukera bi aurrez aurre ipinten diranean, aurkakotasun hori bizitzeko juntagailu indartuak erabilten ditugu batzuetan. Halangoak dira: edo bestela, edo ostean, edota, eta beharbada beste gehiago.

Testu zaharretan: “Edo bestela, guek eta zuek bear dogu jente krueloen eskuetati eriotzea gustadu” (Lazarraga).

4. Esapideetan dauen emonkortasuna

Esapide laburretan emonkorra eta ugaria dogu edo juntagailua. Horreetariko batzuk labur gogoratu daiguzan:

– Errepika egitura barruan berebiziko indarra dau. Halan, adberbioakaz: behin edo behin. Edo galdetzaile diran izenordain eta adberbioakaz: nor edo nor, zer edo zer, non edo non, noiz edo noiz. Zenbatzaileaz eregitakoa dogu bat edo bat, zeinen ordez ezagunagoa dogun baten bat.

– Gradu diferenteko erakusleak, baina funtzino berberekoak, alkartzen be sarri dakusku: hau edo hori, ha edo hori, honek edo horrek, hari edo hori, haregaz edo honegaz.

– Erakuslea beste hitzaz lagundurik: hau edo bestea.

– Galdetzailea eta erakuslea alkarturik: nor edo ha (nogaz edo hagaz), zer edo ha (zeri edo hari), non edo han, nora edo hara, nondik edo handik, nongo edo hango), zetan edo hatan eta beste batzuk.

– Zenbatzaileakaz: bata edo bestea, batean edo bestean, batera edo bestera.

Jarraiko zenbatzaileakaz edo zenbaki-unidadeakaz be sarri darabilgu, zenbaki aproximatiboa emoteko: bat edo bi, hiru edo lau, bost edo sei, hamar edo hamabi, hogei edo hogeta hamar, ehun edo berrehun. Eta zenbaki goragokoetan: bi edo hiru mila, miloi bat edo bi.

Maiztasuna dauen esapide bat: hil edo bizi, hil edo biziko.

Hil edo bizi, sendo eta sakon erroturiko esapidea dogu euskeran. Larramendik bere hiztegian beren-beregi aitatzen dauen esapidea; “A muerte o a vida, il edo bizi, etsi etsian”. Gaur egun *bizi ala hil sasikoaz ordezkatzeko joerea indarrean badabil be, tradizinoa lehenengoaren aldekoa da. Mogel klasikoaren hitzez: “[Lengo barberu txaarrak] gitxi estudiau, ta gero il edo bizi, errezeta bat egin” (Peru Abarka). Eta Domingo Agirre klasiko modernoarenez: “Gure mutila, Aitzgorriko Jesusi laguntasuna biotzez eskatuta, hil edo bizi, arnaseak zirautzan artean, esetsaldirik arrigarriena jokatzeko gertatu zan” (Garoa). Eta oraintsuko klasikoetan, aitatu daiguzan bi. Mitxelena: “Ezinbestekoa, hil edo bizikoa dela uste degu euskera batasun-bidean jartzea”. Eta Lino Akesolo: “Emen arkituko dezu gure euskeraren auzia, bere alderdirik jakingarrienetan, hil edo bizikoenetan, azterturik”.

Ari luzeko eta ertz askoko gaia dogu edo juntagailuarena. Bego oraingoz honetan.

Iturriko

2019-07-17