Dakienak dakiHizkuntza

EGIN aditzagazko aditz multzoak ezezka: -IK partitiboa bai ala ez? Ez burlaRIKAN egin marineruari

Posted on

Hitz egin eta berba egin aditz multzoak esangura beretsuaz erabili izan dira hizkuntzaren eremu desbardinetan gipuzkeraz edo bizkaieraz bata eta bestea, handi-handika behintzat.

Baina aditz multzook ezezka emonik datozanean, eta oinarrizko esangura hori gordeten dabenean, lehenengoak ez dau hartzen –ik partitiborik, baina bigarrenak bai normalean: Ez du hitz egin eta ez dau berbarik egin esangura berarentzat erabilten ditugu oro har. Lehenengo aditz multzoak, hitz egin dalakoak, ezaguna dau atzizki partitibodun erabilera be: Ez du hitzik ere egin. Baina esangura markatuagoaz: berba bat be ez dau atera ahotik, gazt. no ha dicho ni una palabra adiereaz.

Zertan datza egin aditz iragankorraz garaturiko aditz multzoen artean, ezezka darabilguzanean, batzuetan izena (edo adjektiboa) mugagabe ixtea (hau da, -ik partitiborik ez hartzea) eta beste batzuetan gramatika-atzizki hori txertatzearen diferentzia? Zein da erizpidea?

Gure ustean, aditz multzo bakotxaren lexikalizatze mailan: zenbat eta batuagoa, trinkoagoa edo lexikalizatuagoa izan aditz multzoa, artean ez da ezer sartzen; ezezka be mugagabe gelditzen da izena (edo adjektiboa). Baina aditz multzo konposatu hori nasaiagoa, askatuagoa, libreagoa dan kasuan, -ik sartzea izango da joera nagusia.

Hots egin aditza, euskerearen erdialdean batez be, hitz guztiz lexikalizatua da; ahoskatu be hotsegin (hotsein) erara egin ohi da. Berez dator, bada, partitiborik ez sartzea halako konposatu trinkoetan. Hots egin gabe sartu da barrura. Baina huts egin hautatzen badogu, ezezka esango genduke: Hutsik egin barik etorten da beti eskolara. Edo: ez dau inoiz hutsik egiten. Eta baiezka, ostera: Oraingoan be huts egin dau. Baina zelan epaituko genduke, norbaitek esango baleu: Huts egin barik etorri behar dozu? Zuzentzat joko genduke hau be gramatika aldetik, joera nagusia bestea izan arren. Izan be, muga zorrotzik ez ohi dago aditz multzorik gehienen artean, partitiboaren erabilera kontuan.

Partitiborik bako lehen eredu horretakoen artean sartu leitekez ziur antzean aditz multzo batzuk. Izen monosilaboa dabe batzuk: hatz egin, mun egin, bisilaboa beste batzuk: alde egin, birao egin, ospa egin, kasurako.

Baina hartzen baditugu dei egin edo deadar egin multzoak berbarako, berez lez dator ezezka darabilguzanean izenari -ik eranstea. Ez dau deirik egin barrura sartzeko. Ez genduan ikusten eta ez eban deadarrik egiten, guk jakiteko non egoan. Gorago aitatu dogun hitz egin aditz multzo trinkotzat jo dogun moduan, berba egin nasaiagotzat joko genduke: berba egin dau # ez dau berbarik egin aurkakotuko gendukez erabilera naturalean. Barre eta burla izenakaz eregitako multzoetan be –ik horren joerea da nagusi: Ez barrerik egin, mesedez edo ez jako inori burlarik egin behar. Markesaren alabaren bertsoetako ahapaldiaren oihartzun eginez: Ez burlarikan egin marineruari.

Bide batez gogoratzekoa da badirala aditz multzo batzuk ezetzerako joerea dabenak, edo ia beti ezezka agiri diranak (noiz edo behin itaunka be bai). Horrreetarikoa dogu zirkin egin. Nekez entzuten da: nork edo hak zirkin egin dau. Eurrezean entzun zein irakurriko ditugu ostera: Zirkinik be ez dau egin eredukoak. Multzo honetan partitibo atzizkia hutsik barik sartzen dogu.

Aditz multzo eredu bion arteko muga lausoa ohi dala gorago esan dogu. Eta lausotasun edo malgutasun horren ezaugarri da aditz multzo bera bietara erabili ahal izatea ezezka, batean mugagabe, bestean partitiboaz. Baina batera edo bestera erabili, esangurea ez da bardin-bardina izaten. Konnotazino puntutxu bat bada -ik partitibodunetan: zehazgabetasun absolutuaren ikuspegi markatua; partitiborik eza neutroagoa da.

Azken ohar bat izan (edun) aditzaz eregitako aditz multzoen gainean. Partitiboa bai ala ez, eredu honetako aditzetan be behin baino sarriago jazoten da ezbai puntu hori. Zor izan aditza hartuko dogu adigarritzat. Aditz honegazko aukera honeek ditugu baiezka: Berea ez dana hartzen dauenak, hartutakoa zor dau. Ezezka: hartutakoa ez dau zor. Aditz multzoari IS osagarri bat gehitu ezkero, horri bai bajagoko partitiboa: Ez deutso dirurik zor edo ez deutso ezer zor. Baina izen osagarri barririk gehitu ezean, zor izenak berak hartu leike partitibo atzizkia. Baiezka: Zorra deutso eta horregaitik dago kezkaturik. Eta ezezka: Ez deutso zorrik eta ez dauka zertan kezkatu.

Hurrengo apaxkada baten zehaztu, zertzelatu eta osotuko ditugu gramatika puntu honegazkoak zeheroago eta hobeto.

Iturriko
2018-06-08