Dakienak dakiHizkuntza

Ehunetik gora da?

Posted on

Denpora asko ez da, irratiz entzun neutsala esatari bati euskeraz esaten honako esaldi hau:

Berbagunek eratutako batzarrean milatik gorak parte hartu dute.

Berehala zurtu jatazan adimen-belarriok eta neure buruari esan: milatik gora lagunek edo euskaltzalek esan baleu, ondo aparauko eban, baina baina horretara ez, behintzat.

Zein da kontua? Zenbatzaile bati hogei, ehun edo mila dala?, kopuru horrez gaineko kopuru edo zenbatekoa dala adierazo gura dogunean, zenbaki horri gora, edo hobeto esanda tik gora atze-egitura gehituta, ezin deutsagu deklinabide-atzizkirik erantsi, ez nork (zenbatek), ez nori (zenbati), ez noren (zenbaten), ez osterantzekorik: hogeitik gora, ehunetik gora edo milatik gora esan geinke, baina beti be nor kasuan (zenbat). Ezinezkoak dira: hogeitik gorak, ehunetik gorari edo milatik goraren tipoko egiturak. Deklinabide-kasu horreetan onartu ahal izateko aukera bakarra, sintagma horri izen edo izenondo bat gehitzea da: hogeitik gora lagunek, ehunetik gora gazteri edo milatik gora kalteturen protesta.

Euskeraren ekialdean ezaguna da gaur be beste atze-hitz bat hori bera esateko: ehunez goiti, milaz goiti, baina egitura hori ere nor kasuan baino ez, beti be.

Beste zein aukera daukagu, deklinatu orduan arazo hori ez izateko? Balio bera edo hurrekoa dauen beste baliabideren batera joatea: eta gehiago, baino gehiago edo horretarikoren batera.

Horrelan erabili geinkez: Hogei mutil baino gehiagogaz egin da aprobea. Edo: Ehun lagun eta gehiagorentzat atondu ei dabe bazkaria, seguru.
Bide batez zenbatzaile konplexu honeekaz sortu ohi dan beste arazotxu bat: aditzagazko akordioa. Donostiako Tabakaleraren berrinauguratzea dala-ta, eraikuntza hori tabakogintzan ebileneko aldirik onenetako behargin-kopurua dala-ta kronikagileak idatzi edo esan ebana: 1935erako Donostiako Egiako Tabakaleran mila langiletik gora zegoen. Nire belarrientzat hori be gordintxuegia: mila langiletik gora egozan edo zeuden esango leuke euskaldun batek nahinon. Teoriaz adizki singularra logikoagoa ete litzateken? Baleiteke, baina hizkuntza biziak ez dira matematika teorikoen dantzan bizi, hiztunen ezpanetan baino.

Iturriko
2013-03-26