Dakienak dakiHizkuntza

“El otro día” / frantsesezko “l’autre jour” esapidearen kalkoz BESTE EGUNEAN

Posted on

Erdal kalko hori kaleko euskeran sartu da batez be. «El otro día» euskerara berbaz ekarrita: *beste egunean. Eta bardintsu beste denpora-izen batzukaz be: *beste astean, *beste hilean, *beste urtean, *beste gauean e.a.

Estilo-liburu batek, horren ordez, hiru aukera eskaintzen ditu: joan den egunean, lehengoan eta aurrekoan. Baina badira beste esapide batzuk be, Bizkai alderdian sarri eta ugari entzuten diran beste batzuk be.

Urdaibai, Mungialde eta inguru zabalagoetan esaten da berbaz, eta egitura laburtuan: lengunian/lengunien, era landuan: lehengo egunean. Esapide finko eta egin-egina da.

Eta Uribekostako herrietan, berariaz Berango, Sopela eta Urduliz inguruan, berbaz sarri entzuten da: lengo aldin, era landuan: lehengo aldian, esangura berbera adierazoteko.

Lehengo izenlaguna hartuta, hiru esapide dagoz hur-hurrekoak. Bat: Lehengoan: lehen + -an inesiboa. Bi: Lehengo egunean. Eta hirugarren bat, igaroko egunari zehazbakotasun zentzuna eransten deutsana: Lehengo egun baten.

Denpora-izenari aurretik lehengo ipinita, aurrekoa, aurreko azkenengoa aditzen emoten dogu. Eta lehengo egunean esaten dan egitura bera erabilten da aste-izenakaz be: lehengo domekan, lehengo zapatuan, lehengo barikuan edo lehengo astelehenean. Beste hainbeste aste, hile, urte, negu, uda edo mende lako izenakaz: lehengo astean, lehengo hilean, lehengo urtean, lehengo neguan edo lehengo gauean. Eta halantxe esan geinke XX. mendeagaitik be: lehengo mendean.

Joan aditza ointzat hartuta, sarrien erabilten dan esapidea, joan dan egunean dogu. Baina aditza iraganean dala be hainbat lekutan edo sarri entzuten da. Joan zan egunean, joan zan astean, joan zan hilean edo joan zan urtean. Esapide egina da, denpora eremurako, joan dan edo joan zan egiturea be, atzetik denpora-izena inesiboan dala, noiz itaunari erantzuten beti be. Eta joan dan erlatibo-egitureagaz lehian sartu dan maileguzko modernoagoa: pasa dan…

Ez gara luzatuko aurreko izenlagunagaz. Hau be zabal erabilia da, batez be erdialdeko hizkeretan: aurreko egunean, aurreko astean, aurreko urtean e.a.