Dakienak dakiHizkuntza

«Elur handiagoa egin du Arabako lautadan, Kantauri isurialdean baino»

Posted on

Edurra, euria, haizea, hotza, beroa eta beste hainbat izen ditugu hizkuntzan, berez kontagarriak ez diranak, baina bai neurgarriak. Eta gramatika batzuek beren-beregi gomendatzen dabe, kontagarri ez diran izenakaz ahal dala asko eta gitxi ez erabilteko, eta horren ordez handia edo beste adjektiboren bat zuzentzeko. Esango neuke, okerreko gramatika joera horren ikutua edo eragina agiri dauela elur handiagoa dalako horrek.

Eguraldi kontuan, bada beste esamolde bat be, eguraldi iragarpen batzuetan behin eta barriro aitatzen dalako euri txikia dalakoa; euria mehe eta fin daneko fenomenoa, eta ez sendo botaten dauenekoa aditzen emoteko. Belarrietan, min ez bada, girrintza egiten dauen berba-katea: euri txikia.

Zenbat euri egiten dauen, zenbaki bidez neurtzen ez badogu be ‑ez dogu esaten *5 euri, *7 euri-, asko eta gitxi bai erabilten ditugu, bape arazo barik: euri asko bota dau, edo euri gitxi egin dau, edo euri askorik ez dau egin. Halan esan daroagu geure berbeta naturalean, gramatikari batzuen agindu zorrotzak gorabehera.

Edurragaz beste hainbeste jazoten da. Edur asko egin dauela, edo: edur askorik ez dauela bota, edota: edur gitxi egin dauela ondo nasai esan geinke. Eta edozelan be, edur handia edo edur handiagoa egin dauela, nekez esango leuke euskaldun batek. Eta hainbat gitxiago, *edur txikia egin dauela.

Baina badira beste estrategia batzuk, asko edo handia alboan itxita be. Adberbioak erabiltea: Edurra lodi, ugari, sendo, franku… bota edo egin dauela esatea da bat; eta edurra mehe, fin, suabe edo mehatz bota dauela esatea, bestetik.

Leia edo izotza berbagai hartuta, esan lei: itzelezko, egundoko edo sekulako leia edo izotza egin dauela. Edo inoizko izotzik handiena bota dauela.

Gai luzea eta korapilo askokoa da, zenbakarri ez diran, baina neurgarri diran izenakaz asko eta handia zelan buztartu azaltzekoa. Halangoak dira negarra, barrea, poza, penea, nahigabea, mina, oinazea, nekea, damua lango gizakiari joakozan sentsazino-izen asko. Baina baita dirua edo jentea lako izen fisiko arruntagoak be. Noiz asko edo ez, noiz gitxi edo ez, noiz handia edo ez, noiz txikia edo ez.

Adolfo Arejita