Dakienak dakiHizkuntza

Emon, hartu; hartu-emona

Posted on

Errefrau zahar baten esana: “Dakienak hartzen jakingo dau emoten”. [EMOTEN JAKIN] [HARTZEN JAKIN]

Euskerazko errefrau bilduma ezagun zaharrenean agiri dan atsotitza, bertsino barrituan emonda. XVI. mende akabukoaren hitzek eta esanek, itxura edo taiu zaharrekoak izanagaitik (hartzaiten eta emaiten aditzizenak), ulertu ezinik ez dabe: “Dakianak emaiten dakike harzaiten” (RS 187). Dakike adizki trinko zaharra futuro esangurakoa da: jakingo dau. Esakuntza beronen askoz oraintsuagoko bertsino baten esana: “Jakiteko hartzen, ikas emaiten” (Atsot 7808).

Hartzearen eta emotearen arteko tenkada horren inguruan eretxi eta aburu diferenteak eralgi izan dira errefrau bidez. Hara labur-zurrean batzuk:

-Hartzeko, edo hartu ahal izateko, emoten jakin behar dala. Ezagun-hedatuen dagoan eretxi modukoa. Era diferenteetara formulatu ohi dana. Baten esanean: “Emon ezik, ezta hartzen” (Atsot 3879). Aitaturiko bilduma zahar horretako beste hau be mezu beretsuaren iragarle dogu: “Adikatzen da emaillea eta ez arzaillea” (RS 277). Esan gura da, emon eta emon ibili beharrean egotea nekagarri eta kantsagarri bihurtzen dala emoilearentzat, baina ez, aldiz, hartzeko dagoanarentzat.

– Gitxi emon eta asko hartzearen lehia da beste mezu ohikoetarikoa. Beste era batera esanda, emon edo eskaini dana baino gehiago hartzeko xuxuan egotea. Hainbatxo dira errealidade gordin lazgarri hau salatzera datozan errefrauak. Bertsino batzuetan bat eta bi zenbakien bidez neurtzen da emon-hartuen arteko desbardina. Era soilean formulaturik: “Bat eman eta bi hartu” (Atsot 1985). Era horniduagoan esakuntza bera, epai zorrotz batez lagundurik: “Bat eman da bi hartu? Gure etxin ez berriz sartu” (Atsot 1986). Bada Bizkai parteko aldaera bat, bi zenbatzaile eta dirudi aditzaren jokoaz errima eginez, poesia antz gehiagokoa: “Emona bat, hartua bi; emonak galdu dirudi” (Atsot 3900). Eta arotziako lanabesak irudi dirala, mezu beronen adierazle dogu harako beste hau: “Iltzea eman eta mailua hartu” (Atsot 3887).

-Hartuan dagoana harturenaren zain dagoke, eta halabeharrez emonean dagoana, zordun dana, aldiz, kezkatuago, errrefrau batzuen esanean: “Emotekoa baino, hartzeko dauena hobeto dau” (Atsot 3913).

Hartzeko beti prest, hartu eta hartu bai, baina emoteko konturik ez daukana lotsagorrian ipintera datoz beste atsotitz batzuk. Halan: “Hartu bai ta eman ez, ezin diteke lege onez” (Atsot 6430).

Emoteak ordaina dakar berekin. Era askotara formulatua izanda be, mezua beti bat. Harturenean dagoanagazko zorra: “Hartuak emana zor” (Atsot 6444). Edo: “Ematen duenak ordaina ikusi nahi” (EY 2274). Edo: “Hobe da hartzeko txarra, emateko ona baino” (Atsot 6925).

-Ikuspegi morala datza, emoilearen esku zabala eta hartzailearen bete beharra gogorazoten deuskuen atsotitzen atzean. Emoten dana ahaztu, baina hartzen dana akorduan eukitera ohartarazoten deuskue batzuk. Ekialdeko aldaera eder baten hitzak: “Eman oroitu gabe eta har ahantzi gabe” (Atsot 3882). Eta Bibliaren gomutara garoaz Hegoaldean ezagunago dan beste honek: “Ezkerreko eskuak eztu jakin be(ha)r eskubikoak zer ematen duen” (Atsot 4896).

-Eta akabera moduan, esankizun ezagun baten mezua: norberari emoten jakonari ez jakola atxakiarik ipini behar, eta musturra astindu barik egin behar jakola jera ona: “Nahiz gari, nahiz galtzu, emana bada ixilik hartu” (Atsot 5347). Gaztelaniaz, laborearena barik zaldiaren irudia aintzat harturik ezagunago bihurtu dana: “A caballo regalado no se le mira el diente”.

Adolfo Arejita