Dakienak dakiHizkuntza

Esakera zelebre antzeko bat: «Hau da mundua! Ogirik ez eta konbidadua!»

Posted on

Berbaz, hitanoz, Arratia aldean holan entzuten da: “Hau dok mundue! Ogirik ez da konbidedue!”.

Konbidautzak lehenago ugariak eta ohitura sendoak ziran. Egun izentau horreei konbit-egunak deritxoe Arratian. Geure denporan ezagutu izan doguz konbit-egun edo konbidadu-egunak, urteen podasuz galtzen joan diranak. Herriko edo auzoko jaieguna, eleiza edo ermita bateko zelebratze-eguna izaten zan konbidadutzetarako motibo berezia.

Baina konbidautzak aurretiaz prestakizun handiak eskatzen zituan.  Hori izaten zan etxeko andrearentzako ardurea eta lorra. Jatekoa eta edatekoa franku zuzendu behar zan; zenbat konbidadu, etozan guztiak ase eta bete ixteko adina janari eta edari; eta gehitxoago, ahal izan ezkero; ze lehenagoan, autorik ia ez egoan denporan, urruntxotik etorri behar izaten eben konbidadu batzuk, eta gaua be etxean bertan igaro behar izaten eben, sabaian edo lastategian lo eginda igual, eta hurrengo egunean abiatu euren etxerantz. Oinez joan eta etorri: “abarketak urratu eta zapatarik ez…”.

Mahaikadea batzen zan egun horretan bazkaritako: senitartekoak eta euren erantsiak normalean.

Goiko esakera hau ustebako konbidautzetan sustraitua dago: ezustean, uste barik, akordatzaka, nonor etxera agertzea subertau eta etxekoak hornidura barik harrapau. Esturea eta egoera latza etxekoandrearentzat. Ogirik ez etxean. Beharbada labasua egin barik aste horretan, edo asterako ogia janda edo amaitu hurren; ustetzabako konbidadua etxean eta zer opetsirik ez. Ingurune horretan jalgia da, burlazahar puntu bategaz, esakuntza hori: Hau dok mundua! Ogirik ez ta konbidadua!

Baina esangurea urrunago doa berez, eta irudi modura, gaur egunean jazoten diran hainbat ezusteko premina-egoeretarako be balio dau. Ezusteko egoera baten aurrean norbera esku-hutsik gertatzen, edo arazo bati erantzuteko tresna edo baliabide barik harrapatzen gaituanerako.

Txorierri eta Arratia aldeko jentearen ahoz entzun izan dot behin baino sarriago.

Adolfo Arejita