Sarritan emoten dan erantzuna, konfidantzazkotzat daukazunen bati zuzendurik, begirunea, kortesia edota urruntasun-tartea jagon gurarik, baina eskaintza edo opeste bat egiteko borondatea erakutsi guran, norbere ondokoak aurreko etorri barri horri ekiten deutsanean, ‘’Gura dozu?’ edo ‘Nahi dozu? itaun-opaka, jateko zein edateko zeozer ofrezka, kanpotik datorren horri.
Gipuzkera eremuko errefrau bat be idoro dot, mezu berorren erakusle dana: “«Nahi al dezu?» gaixoari esaten zaio” (Atsot 5192).
Kunplimentu erako berbazko eskainka-opakak alde batera itxi eta, lausengu-berbak alde batera lagata, zuzen eskaintzea toketan dala gogorarazoteko emoten dan erantzuna da formula hori: ‘Gura dozu’ gaixoari esaten jako. Sano eta osasunez dagoanari artez eta zuzen eskaintzen jako. Herri-esakuntza batek dinoan lez: “Hartu edo itxi, kunplimentu gitxi”. Eta bildur izatekoa da, bestetik, gurozu eta gurozu eskainka dabilen batek ostendian emon gura ez gurago izatea, edo emote hori, emon behar hori atzeratzea bilatzea.
Hurrean dogun pertsona etorribarri horri opa-eskaintza bat egiteko beste era edo esamodu zuzenagoak be badira, eta horreetarikoak esaten dira gure artean: Eutsi txakolintxo bat! Hartuizu opil-txatal hau, labatik hara dago eta! Hara hemen! | Aiko hemen intxaurrak, gaztaia eta ardaoa. Hartu eta jan!… Eta gogoan izan, ahaztu barik, eskaini beharrekoa zuzen emotea, inguru-minguru kortesia jagon ezinik ibili barik: ‘Gurozu’ gaixoari esaten jako.
Adolfo Arejita




