Dakienak dakiHizkuntza

Esakuntza zahar baten berbak: “Aho itxian eztoa sartu eullia”

Posted on

XVI. mendeko errefrau bilduma zaharrean agiri da parte biko errefraua: “Ao itsian eztoa sartu eullia, ta aldi guztietan ezta eder egia” (RS 123). Euskeraz ez eze, inguru hizkuntzetan be zabal dabilen errefraua. Gazt.: “En boca cerrada no entran moscas”.

Zaharra ez eze, modernoa be bai aldi berean: “Aho hetsitik ez baita ulirik sartzen”, idatzi eban Emile Larre euskaltzain eta idazle finak Artzain Etxola liburuan.

– Urak dirakian lapikoaren irudiaz on egiten dau mezu beretsua beste errefrau batek:  “Eltxano erakian ez da eulirik sartzen.” (EY 433). Eltxanoa, eltze txikia da, eta erakian: irakinean.

Euliaren irudiaz beste mezu batzuk be adierazoten dira gure herri jakintzan edo tradizino idatzian. Halan:

– Euliaren usigia eta gizakiaren haserrea sarri agiri dira konparagarritzat. Errefrau eta lokuzinoetan badira halakoak. Gaztelaniaz ezaguna da: “Qué mosca le habrá picado!” esaten da, norbait haserre paretan danean, edo motibo barik edo ez dakigun arrazoiren bategaitik. Halan: “Zer ulik ausiki daut neri Ganix, holako mukurrean joaiteko!” (Zerbitzari BiGo 304). Beste errefrau batek dino: “Haserrekorrak nahiko du euliak ukitzea haserretzeko” (Atsotitz. 4777).

Euliak jo esamodua be ezaguna da, euli, mandeuli edo dalakoak usigi egiten dauenean.

Euliak kendu, uxatu, urrundu aitatzen dira sarri. Eta horren harian bada esaera ezagun bat, era diferenteetara agiri dana: “Askori euliak bestien buztanakin kentzea gustatzen” (Atsot. 4773). “Harroa inoren isatsarekin euliak kendu eta besteren lumakin apaindu” (Atsot 6418). “Besteen isatsa(re)kin euliak kendu nai” (Atsot. 7431). “Bertzen isatsakin euliek kendu behar dituena, beti gaizki” (Atsot. 7432).

Eulia, gizaki gauzeztan, ezerez, hutsaren hurrengotzat dogunagaitik be aitatzen da. Halan: “Zuaz, zuaz, anai euliya (itz onekin izendatzen zituan ezertarako etziranak)” (Krispin Beobide Asis.Lore). Edo beste esaera honetan: “Askok ez dik euliak baino fundamentu gehiago” (Atsot. 4775). Eulizto berbea, adjektibo modura, gizaki bildurtia edo ganorabakoa danagaitik be esaten da (Meñaka. Libe Agirre).

Onegia izatearen alde txarrak gogoratzen jakuz beste batzuetan euliaren irudiaz: “Ezti bazara, euliek jango” (Atsot. 5004).

– Bizidun handiago edo txikiagoen konparantzak egiteko be aitatzen da eulia. Batzuetan, sagua eta eulia: “Guenak (amaraunak) sagua askatzen ta eulia oratzen” (Atsot. 6123), gogoratzen jaku batean. Zamaria eta euliaren irudiaz be handi-txikien arteko tirabirea irudikatzen jaku. Alegi zahar baten oihartzun dan esaerea: “Zu zamari, ni euli; nik ipurdian hozka, zuk laster iten” (Atsot. 13793).

Adolfo Arejita