Txorierri aldeko berbetan sarri entzuten dan aditz menderatu egiturea, aditz partizipioari -enik atzizkia dautsala ezezkako egituran. Buru egiten dauen aditza: ez dago, ez dozu tipokoa izan ohi da.
Lezaman behin baino sarriago entzun izan ditut honeetarikoak. Ez dozu eginenik. Ez daukazu esanenik. Ez dozu etorrienik. Beti edo ia beti, taiu zaharreko aditz partizipioen gainean. Halan -n atzizkidunakaz: esanenik, eginenik, emonenik, egonenik, joanenik eta horreetarikoak.
Baita -i atzizkidun aditz partizipioakaz: ibilienik, ikusienik, ekarrienik eta abar.
Ezezkako esaldi egituretan erabili ohi da beti edo ia beti: -enik atzizkiaz, -en + -ik partitiboaz. Ez dago, ez dauka, ez dozu eta halako aditzak buru dituen esaldietan.
Idatziz gitxitan baino ez da agiri. Ez tradizino klasikoan, ezta modernoan be ia ez da agiri euskal testuetan.
Idatzizko testigantza batzuk badira horraitino, aditz-marka honen zilegitasuna eta zindotasuna on egitera datozanak. Halan: Mikel Zarate Txorierriko seme eta idazle bikaina dogu egitura honen sustatzaile ziurra, eta aran zabal horretako herri-berbetan natural erabilia danaren lekuko garbia, nahi-ta beronek be banaka batzuetan baino ez darabilen egitura hau idatzizkoan. Testigantza bi: “—Ta hemen nagoenez gero, esnea ere neuk eroango dot. Horrela ez dozue bihar hara etortzen ibilienik.” (Bilbo irribarrez). “Nik esanenik ez dozu hau, badakit badakizuna ta.” (Ipuin antzeko alegi mingotsak).
Jokin Zaitegi idazlea be, gerraosteko urteetan, egitura honen leku ziurra dogu, nahiz Arrasaten edo Deba ibarreko berbaeretan ez eukean ikasi segurutik mende-egitura hori. Hara beronen beste testigantza bi: “Belarriak apal-apal eginda gelditzen ziran entzuleak oro, zer erantzunenik jakiteke” (Platon). “Oietariko ezer tinkorik ezin baititeke asma, ez izan ezta izanenik ere, ezta bi-biok ere, ezta ez bata ez bestea ere” (Platon).
Paulo Zamarripa idazle sondikarrari ez deutsagu idoro bere idazlanetan, eskura ditugun testuetan behintzat, egitura honen testigantzarik. Baina bere Sondikako berbaeran ezaguna eukean segurutik.
– Izen kategoriako bihurturik be agiri dira noiz edo behin eginen, esanen eta horreetarikoak. Izen eratorriok tradizino sendo eta itzaltsuagoa dabe sartaldeko gure idazleen artean.
Eginen, ‘zeregin, egiteko, ardura’ adierako izena da sarrien azaltzen danetarikoa. Hara Mateo Zabalaren lumaz: “Ez eban onek liburu andirik eskuetan artu; bere eginen guztia zan, sugetekoa [eskaratzekoa] egitea”. “Baekian jaunak, eginenak ta lanak izango genduzala” (Irun sermoit.). Eta azkenik: “Nire eginenik bearrena da neure salbazinoa” (Añibarro EL-1821).
Esanen, ‘agindu, ordena’ adierakoa be ohikoa dogu. Pedro Astarloa durangarraren lumaz: “Baleuke kristinauak euren arimeen ardurea […], ez leuke medikuen esanenik bearko, ainbat lasterren konponduteko euren arimako gauzak” (UD II). Eta oraintsuagoan, J. Zaitegi: “Badaukat hortaz esanenik” (Platon). J. Kerexeta: “Ez da beharrezkoa / mihinez hitz egitea. / Ez dozu esanenik? / Helduko jatzu unea” (Orbelak).
Adolfo Arejita