Dakienak dakiHizkuntza

EtxeGINEN edo MesedeGINEN

Posted on

Badogu euskeraz aspaldiko hitz bat, ginen, guk atzizkitzat joko doguna, -ginen, eta izen mugagabeari loturik idatziko doguna, baina gure tradizino idatzian sarriago banan idatzirik agertu izan dana (ginen edo ginan modura), hau da, postposizino kategoriako hitz lez.

Bertsoginen, gerraginen edo egurginen lango berbak adberbioak dira, aditzondoak, eta euren esparru semantikoa zertan, zer egiten itaunen ingurukoa da: bertsoak egiten edo kantetan, gerra egiten edo egurra egiten edo txikitzen.

Jardunbide, langintza edo ofizio esanguraz darabilgunean, badauka antz-antzeko beste atzizki bat, hau erabilten ez dan lekuan, honen ordezkoak egiten dituana: -gintzan. Halan, etxeginen esaten ez dauenak, etxegintzan esango leuke. Honan batu eutsan gure Juan Manuel Etxebarria etnografoak Arratiako gizon bati: Ni hargina izan naz eta asko ibili naz etxeginen handik hortik hemetik, eta han Undurran etxeginen ibili ginanean be barruntetan genduan kiratsa hantxe Albitzuko kurtzeroan.

Eta -gintzan atzizkia be ez badarabil, egiten gehituko deutso izenari. Andreak lagunetan deutso gaztaiginen, beste hiru eratara esan daiteke gitxienez: gaztaiak egiten, gaztai-egiten edota gaztaigintzan.

Atzizki hau sarriago entzuten da (edo irakurten), tradizinoz ezagunak diran edo aspalditik datozan lanbide, jardunbide edo ofizioen izenakaz, gaur egungo modernoakaz baino. Nekezago entzungo ditugu autoginen, kableginen edo igogailuginen, nahiz guztiz erabilgarriak izan. Hainbat ugariagoa da lehenagoko lanbide, zeregin edo jardunbide-izenakaz. Halan, labasuginen: labasua egiten. L. Akesoloren lumaz: Ilbiztui da Oba-ganeko hatx-tontorrik gorenetako bat, eta lainoz estaltzen hasten danean, Ilbiztuiko atsoa labasuginen hasi dala esaten eben lenago. (Atxostetik Atxostera).

Emakumeen lehenagoko jardunbideen artean ezagunak dira batzuk, sarritan gure sermoietan agiri diranak, jai-domeketan behar-moduoi heltzea galerazota egozala abertentzia egiteko. Halan: bogadaginen (bogadea egiten), puntuginen (puntua egiten), edo galtzerdiginen (galtzerdiak egiten) edota, larri-larri, txorizoginen edo ogiginen jardutea, asti luzea eskatzen eben zereginak, astuntzat egozanak, ziralako. Baina egunerako jatordua atontzeko beharrezkoa bazan taloginen egitea, hoben astuntzat ez zan epaituko. Armozutan edo afaritan nork ez zituan jaten ba taloa eta esnea edo taloagaz koipetsua? Harrikoginen jardutea be derriorra izango zan, ze, jatorduko tresnak ondo irukutzi barik ixten baziran, harria eta ezkaratz guztia txarrituta geratuko ziran.

Emakumeak dira, sasoia datorrenean umeginen hasten diranak be. Behinolatsu, Markinako andra batek, hondino gazte eta gordin egoala, bere hamazazpi urteko alabeagaitik esan ebana letxe: Hau da itzela! Umeak umeginen, hondino hamazazpi urtegaz!

Aldi baten, hor XIX. mende inguruan, gure artean ez egoan ondo ikusita emakumeak idazteari ekitea. Bizenta Mogel izan zan, Juan Antonio abadearen lobea, aurrerenetarikoa euskeraz idatzi eta liburu bat ateraten. Ipui Onak deritxo 1804an atera eban alegi-bildumari, eta badaezpadan, inoren eskandalugarri gerta ez zedin, irakurleari honako oharra egiten deutso: Badakit, entzunaz beste gabe neskatx gazte baten izena dagoala itsatsirik liburutxo honen aurrean, jardungo dutela sinuka ez gutxik, diotela beren artean, inoren lumaz jantzi nahi duela bela-txikiak; hau da, besteren beharrak hartu nahi ditudala neretzat; ez dagokiola neskatxa bati bururik hausitzea liburuginen: asko duela gorua, nahiz jostorratza zuzen erabiltzea.

Gizonezkoen jardunbide torpe-astunak be -ginen atzizki honegaz adierazo izan dira. Basoan egurragaz ikatza egin behar zan denporan, gizonezkoak ibili ohi ziran ikazginen edo txondorginen, txondorra egiten. Edo karea egin behar bazan, horma barrenak edo fruta-arbolen trunguak zuriz pintetako, kareginen ekin beharko jakon lehenago. Edo zubi bat egitea premina zanean, deabru txikiek edo prakagorriek behar hori egin ez edo amaitu barik itxi ebelako, gizonezkoek ekin beharko eutsen zubiginen. Edo negu partean, eguraldi txarrak emonda inora urten ezin zanean, atartean edo korta bazterrean etxeko jaunak edo aitita zaharrak jardun beharko eban zaranginen edo zestoginen.

Ezkontzea zelan atondu, eta batez be zeinegaz ezkondu, ardura handiko kontua izan da, batez be gurasoentzat. Izan dira ezkontzagin profesionalak be lehenago, mandatu bidez bidea errazteko. Baina neska-mutilak eurak be bai sarri euren kontura, gurasoen isilik. Ezkontza-arazo hori honetara aurkezten deusku Juan Jose Mogel abadeak, aita-semeen arteko alkarrizketa bat medio dala. Aitak dinotse bere semeai: Nik ez deutsuet lotuko borondatea, baina ez litzate errazoia zuek gurasoen barri baga ezkontzaginen ibiltia, eta gitxiago berbarik emotea. Baita agudo erantzun semeetariko batak, gurasoaren bildurrak uxatzeko: Ez daukazu zetan bildur izan, aita, gu ibili gareala, eta ez ibiliko gareala ezkontzaginen geurez.

Eleizgizonen arduretan nagusienetarikoak izan dira mezaginen edo sermoiginen egitea, batzuetan luze, beste batzuetan labur.

Oiloa be egun argiz habiara doanean eta etxuten, arrautzaginen dagoalako izaten da seguruena.

Baina -ginen honen esangurea ez dagokio beti zeozer egiten egoteari, zeozertan jardutea modu generikoagoz adierazoteko be balio izan deutse gure hiztunei. Kartaginen dabiltzanak karta-jokoan dabilz. Edo laratzaren aurrean kontuginen dabilzanak, kontu-kontetan ibili ohi dira.

Atzizki honen bizitasuna eta malgutasuna ondo frogatzen dau, erderatiko mailegu-izenakaz euki dauen emonkortasunak. Obraginen egiten da eraikuntzan. Promesginen ibiltea, agindu-promesak eurrez egitea esan gura dau. Edo testamentuginen abiatzen da, ondasunen oinordetza bere ondorengoei ondo lotuta itxi gura dituana.

Zertara joan adierazoteko be erabili izan da gin atzizkiaren era adlatiboa, -ginera. Halan jaso eban K. Izagirrek Oati aldean: Bidegie(r)a fan, a hacer el camino». Nekez aurkituko dogu holakorik euskal idatzietan, eta entzun be bakan, Oatikoa lango berbeta bana-banakoetan ez bada. Baina literaturara eroateko moduko egitura bardinbagea: Bideginera edo etxeginera joan.

Autu honi amaiera emoteko, gazte-denporan Arratiatik Otxandiora erromeriara joan ziran arratiar batzuen pasadizua. Hau be Juan Manu Etxebarriak jaso eta trasnkribatua da. Neskazale amorratua zan bategatik beste lagun batek kontetan ebana: Baltseoa ailegetan zanean, orduan aprobetxetan eban arrimada batzuk egiteko eta, neskaren bat deskuidetan zanean, sast! eskua botaten eutsan gonapera eta zirriginen hasi. Ene!, orduan, hango nesken grillistu eta aparejua!.

Gaurko gazte-bardingo askorentzat bitxi gertatu arren, zergaitik erabili ez aurrerantzean be jatekoginen edo eskolaginen edo eredu horretakoak?

Iturriko
2016-05-26