Lehengo baten eguraldia dala-ta lagun batek egin eustan itauna: “Euririk bajakak gaur?” Nork ekarri behar dau euria ba?
Euria egin barri egoan goizean, zerualdea lainotuta; eguraldiak euri-antza ete eukan ba… Ezetz erantzun neutsan, ez egoala euritako preminarik. Eguna bakez igaro ahal izango genduala.
Ekarri aditza euriaz darabilgunean oraindino euririk ez da. Euri-antza dago, baina euria etorteko dago. Horregaitik, hiztunik gehienok adizki trinkoaz darabilgu kasu horretan: Euria dakar (laster edo gero). Esatea lez: euria egin behar dau.
Baina hiztunik gehienok ez dogu goiko esaldi horretako eran esaten, itaun perpausan: Euririk bajakak gaur?, edo: Euririk badakar gaur? Era lauagoa darabilgu gehienok: Euririk egingo dau? Egin behar dau euririrk?
Euria ekarri aditz lokuzinoa, dana dala, egitura konposatuaz be modu natural eta berezkoan darabilgu: Euria ekarri behar dau. Euria ekarriko dau. Euria ekarriko baleu, gurago neuke, lurra lehor dago eta.
Idazleen testigantza bi: “[Bear dute jakin] zer denbora dagoan, / dakarren euria, edo bortitzegia / al dan eguzkia” (Iturriaga Fab). “Euria zekarrek!… Ni biltzen astera niak (belarrak)” (Jose Ramon Erauskin Baserriko goraberak) (Mokoroa OE).
Adolfo Arejita