Dakienak dakiLiteratura

Eusebio Erkiaga (1912-1993)

Posted on

Irailaren 4an dira urteak Eusegio Erkiaga jaio zana, horregaitik ekarriko dogu atal honetara.

Eusebio Erkiaga Alastra Lekeition jaio zan, 1912ko irailaren lauan. Gaztetako urteak herrian egin ebazan, baina bide profesionalak Bilbora eroan eban, Banco de Vizcayan behar egin eban eta. Dana dala, Bilbon bizimodua egin arren, Lekeitiogaz lotura estu-estua euki eban beti, eta hango berbetea egiten eban atzenera arte.

Euskalgintzan nabarmendu zan Eusebio, ganera euskerarako biderik ez egoan sasoian. Abertzaletasunak bultzatuta hasi zan idazten, artikuluak eta bertso solteak lehenengo, baina idazlan mardulagoak be bai gero.

Hasieran Bizkaitarra, Euzkadi, Eguna egunkarietan idazten eban, lankide zituala Augustin Zubikarai, Jose Maria Arizmendiarrieta eta Manuel Ziarsolo Abeletxe.

Gerrak dana eten ebanean be, txiri-txiri berak han eta hemen Bilboko euskaltzale giroetan parte hartu eban ahal zan guztian. Euskerazaleak alkartearen sortzaileetako bat izan zan, Labayru Ikastegian ohorezko kide, euskaltzain osoa.

Idazle ibilbidean hainbat idatzi itxi dauz, genero guztietakoak ganera, eta itzulpenak be ez edozelakoak. Ezizena erabili eban hainbat lanetan, garaian ohitura zan moduan: Endaitz, Erkiagarre, Eusebi.

Idazlan ia guztiak Labayru Ikastegiak argitaratuak dira. Hona izenburuak:

Nobelak: Arranegi (1958), Batetik Bestera (1962) eta Araibar zalduna (1962), Jaioko dira (1984), Txurio Txoria (1986), eta Irribarrea galtzen denean (1987). Hil ostean aurkitu ahal izan eban Andres Urrutiak Erkiagak itulitako nobela bat, George Simenonen nobela poliziako bat, eta baita argitaratu be Aspaldiko Maigret izenagaz.

Antzerki eta prosa-idazlan laburrak Andres Urrutiak batu zituan Berbalauaren kulunkan izenburuagaz, liburu potolo bitan.

Eta beste hainbeste egin eban Igone Etxebarriak poesiagaz, Goizean eta arratsean Eskubete neurtitz izenburupean batuta argitaratu zituan Erkiagaren olerki guztiak, artean han-hor-hemen agertutakoak eta bakoak.

Horrez ganera, beste olerki liburutxu bi be egin ebazan, bata Ez zaitez Gernikara joan, Lauaxeta (1989), Lauaxetari eskeinia, eta Gizonaren aldia (1990), Arizmendiarrietari opatutakoa.

Hain bizitza oparoak ekarri eutsan aitorpenik be, eta bizi zala hainbat sari eta omenaldi hartu zituan: Labayru Ikastegiarena (1985), Lekeitioko herriarena (1988) hango seme kutuna izendatu ebenekoa; Eusko Jaurlaritzaren Euskal Letren Merezimenduzko saria (1988), Eusko Alderdi Jeltzalearena (1990), Bizkaiko Foru Aldundiarena (1992) eta Euskaltzaindiaren zilarrezko domina (1993).

Literaturaren osagarri diran beste zaletasun batzuk be baeukazan Erkiagak, danen gainetik musikarena segurutik. Musika-jole ezeze, hartu-emona euki eban musikaririk handienakaz, baita kolaborau be hareen musikari letra ipinten nahiz kontrara: Francisco Bengoa, Juan Cordero Castaos, Felix Ibarrondo, Juan Orue, Francisco Javier Gargallo, J. Anton Larrauri, Rafael Ruiz de Lejarza.