Dakienak dakiHizkuntza

Euskerazko enbarazuak erderazko embarazo izenagaz ez dauka zerikusi handirik ezta?

Posted on

Ez horixe! Eta euskeraz sarri darabilgun berbea da enbarazua. Erderazko «estorbo, estorbar» adieratik hurrekoa da euskerazko enbarazua edo enbarazu egin.

Labayru Hiztegiak «estorbo, traba, molestia» modura argitzen dau enbarazu izenaren esangurea. Eta hiru aditz lokuzino eskeintzen ditu osagarritzat: enbarazu egin, enbarazuan egon eta enbarazutik kendu.

Izen honegazko esakera batzuk jatortaz burura:

enbarazu egin: / enbarazurik ez egin: «Neuri enbarazu egiten zagoz hor zagozan lekuan, eta ken zakidaz ondotik!». «Enbarazurik ez egin mesedez, eta itxi lekua libre, neuk behar egin daidan!»

enbarazua emon: (arazoa emon) «Enbarazua baino ez dau emoten morroi horrek. Doala hortik zehar!»

enbarazuan egon: «Hor enbarazuan zagoze! Librau eizue bidea, mesedez!»

– enbarazutik kendu: «Kendu zaitez enbarazutik. Ezkaratza garbitzen nago eta».

enbarazua izan: «Enbarazu hutsa zara, gizona! Urteizu kanpora, buelta bat emoten sikeran».

Klasikoetara bagoz, bizkaieraz ezeze, gipuzkeraz be behin baino sarriago agiri da enbarazu berbea.

Otxoa Aringo, Ordiziako apaizak, XVIII. mendean «galga, traba, oztopo, eragozpen, eragozgarri» adiereagaz darabil, «inpedimentu» sinonimotzat dakarrela, bere dotrinan: «Matrimonio santuko inpedimenturik edo enbarazurik batere bage» (Dotrina) (1713).

Juan Jose Mogel abade eta idazle markinarrak be adiera berberagaz darabil enbarazu: «Jangoikoagana joateko daukat enbarazu bat» (Baserritaar Escolia).

XX. mendeko idazleetara etorrita, enbarazu egin hainbat biderrez agiri da, gazt. «molestar» edo «estorbar» adiereaz gehienbat. Halan Felix Bilbao morgarrak Ipuin barreka liburuko ipuinetariko baten: «Ume tentelzarrok […], etxean negar dariela, enbarazu egiten euki barik, piztien janaritzat mendira botaten badoguz, oba egingo dogu». Eta Tomas Gerrikagoitiak be bere kontu liburuan: «Zazpi urte betetakoan, [illobeak] enbarazu egiten baeban, jaubeari kentzeko aginduten jakon» (Arantza eta larrosa).

Gipuzkeraz beste hainbeste. «Ataño» (S. Zapirain) errenteriarrak bere liburu baten dakarrena: «Eraman traste zar oiek ortik, tximinipe ortan enbarazu besterik ez dute egiten-eta. » (Txantxangorri kantaria).

Enbarazuan egon, katua, aulki bat edo pertsona bat egon leiteke. Halan idatzi eban N. Zendoiak Auspoa bilduman behin: » [Katu] hura ere enbarazuan, ba, egun hartan» (Beranduko birigarroa).

Adolfo Arejita