Dakienak dakiHizkuntza

EZA, EZAK, EZAGAZ, EZTA ezeztapen atzekariak

Posted on

Aurreko idatzian ez arren, ezagaitik eta ezteko aditz postposizino-markak, eta euren inguruko bat edo beste, aitatu genduzan labur. Oraingo honetan, aurrekoaren bideari jarraiki, ez markaren oinaz eregitako beste postposizino batzuk jorratzea dogu asmotzat. Abiapuntutzat eza hartuko dogu, ez + -a mugatzaileaz eregitakoa.

Ez ezeztapen hitzaren gainean garatutako funtsezko kategoria izena da: ez > eza. Adiera diferenteak ditu: Eza zer dan zuek ez dakizue, gerratik ez dozue ezagutu eta. Eza benetan be tristea da, gero!, gerraosteko gosete gorria ezagutu ebenek honetariko berbak mihinean euki ditue sarri; eztasuna, gabezia esanguraz. Gure eza danean zer izan behar ete dau zuen bizimoduak! guraso zaharrek euren ondorengoei esan izan deutsiezan berbak; biziaren galera esanguraz.

Baina postposizino lez sarriago entzun eta erabili izan da eza hori. Izenakaz, batzuetan lexikalizaturik (ondoeza), beste batzuetan -ik partitiboaz hari dautsala: indarrik eza, gogorik eza, osasunik eza

Emon eza, ez emona eta emon ez izana ereduak

Partizipioko mende-perpaus konpletiboak eregiten dira hiru era horreekaz. Aditz partizipioaren ondorik, sintaxi mailan dauen hedakuntzarik funtsezkoenak ditugu eurok, ezezkako mende-perpaus konpletiboak garatzeko. Hiru ereduok aditz prozesuaren aspektu burutua markatzen dabe, eta /ez + aditzoin + -tea/ eta honek sartalderengo bizkaieran dauen aukera-eredua, / Partiz + eztea/, aspektu bururagabea dabenak dira.

Sentitzen dot lehenago deitu eza edo lehenago deitu ez izana amaitutako ekintza baten adierazle dira. Eta bardin: Harritzekoa da lapurreta hori Bilbo erdi-erdian izan eta inork ikusi eza.

Hiztun eta idazle askok gaur egun zailtasunak ditue aspektu bien artean: ez joana, joan ez izana, joan eza aspektu burutuaren egiturak eta ez joatea aspektu bururagabea. Neutralizatze-joera nagusitu da hiztun-idazle askoren artean bigarrenaren alde, (ez) -tea egituraren mesedetan, eta bigarren hori ohi darabile danerako. Gaztelaniaz ir eta haber ido bereizi izan diran zehaztasun beraz erakutsi izan dabe euskal hiztun sendoek be bataren eta bestearen arteko aspektu diferentzia: Penea da lehenago etorri eza. Asko da gero gugaz akordau ez izana! Eta bestetik: Sentitzen dot zuri ez ezer tokatzea.

Damutu eta damu izan aditzak dira mende-perpaus konpletiboa aditz partizipio burutuaz sarrien agiri dabenak. Mogelen lekukotasun bi: damu dau alan orditua (CO), ez jako inori damutu zu maitetua (Paskal). Gogoan izan, aurrekoaren esangura hurrekoaz, dogu beste bat. Mogelen alegietako adibide bana, baiezka eta ezezka: Itxok bada! Gogoango dok niri bazkaria ukatua, Abe arteetan abia eginda aziko ditut umeak; ez jat gatxik egingo, ta gogoango dozu nosbait nire esanak ez egina (Ipuinak). Baina beste aditz edo aditz multzo asko dira partizipio burutuagazko konpletiboa onartzen dabenak: oentzat da gauza astuna denpora alperrik igaroa (Mogel).

Emon ezak, emon ez izanak eta ez emonak dira ergatiboko mende-egiturarako diran aukerak. Absolutiboa baino gitxiago erabilia izan arren, erraz azaleratzen dan egitura dogu hau be. Ezak postposizinoaz esan geinke: Aita zana luzaroago bizirik ikusi ezak emoten deust lastimarik handiena. Edo Frai Bartolomeren berbaz: Ak dakaz gogora, gurari deungak goitu ezak dakazan kaltiak. Baina hirugarren egitura, ez emonak tipokoa, ugariagoa da orohar gure tradizinoan: Esan bai, baia lotsa onean; ez deungaro, guztiz bere gurasoak esana edo agindua pekatu gauzaren bat eztanean, eta bai urteak edo ain burutsu ez izanak eragiten deutsena (J. M. Zabala).

Genitibo edutezkoazko ezezkako egitura, ezaren postp.duna, urria da gure tradizinoan, berbaz berez-berezkoa izan leitekena. Lo behar dan moduan egin ezarena / egin ezaren ostea da daukazun debilidadea, berban-berban euskal hiztun batek esango leukena. Frai Bartolomerena da ondoko lekukotasuna: Gurari deungak goitu ezaren lelengo kaltea da, norbera gurari txarren agindupean geratutea. (Ikasik II).

Emon ezagaitik, ez emonagaitik

Kausazko mendekotasuna adierazoteko be sintaxi biak ditugu aukeran: ezagaitik postp. aditz partizipioaren ondorik, edota -agatik atzizkia partizipioari dautsala, ez marka aurretik dauela.

Lehenengoa, bigarrena baizen zilegizkoa da, balio semantikoaz aparte. Urriagoa da kopuruz testuetan, baina erabilia edozelan be. Kausa balioa gorde ohi dau batez be testuetan. Lekukotasunak ez dira falta. Mogelek darabilzan bi honeek: Euren jakineza jatorke, bada, ikasi gura ezagaiti; Dakuse esku ta oinak adore baga sabela; onen gatxagaz jan ezagaiti eurai bere jausi jakeezala indarrak; ta au il ezkero eurak bere il biarko ebeela (Ipuiak). Honen loba Juan Josek darabilen beste hau: ta neke gitxi bat artu ezagaitik datoz atzeratuak euskeran. Edo J.M. Zabalaren hirugaren hau: jagoleak auntzari edo solo-beiari bear dan ardurea artu ezagaiti onek landara gazteetan edo soloetan egin izan dituzan kalteak?.

Dana dala, bigarren sintaxia da zabalen eta ugarien dabilena. Idazle beronek, urrunago joan barik. Zabalaren lekukotasun bi: bildur balira, bear ez eginagaitik aserre andia sortuko dala; eta egiten ezpadituez ez jakinagaitik, gurasoena izango da erru guztia.

Emon ezagaz eta ez emonagaz ereduak dira bizkaiera tradizinoan maiztasunik handienekoak. Zer irabazten dozu nire esana egin ezagaz? itaundu leikeo gurasoak, esangina ez dan bere umeari. Frai Bartolomeren idatziak egitura honen harrobi aberatsa ditugu. Adibide bigaz on egin daigun esandakoa. Batean ezezka eta baiezka emona agiri da partizipio perpausa: Ta kalte andia daukat, zuzen irabaziko nebana irabazi ezagaz, ta galduko ez nebana galduagaz, ari emon neutsalako. (Bart Ikasik II). Ezezka emonak dira ondoko partizipio perpaus biak: Enbusteruari entzuterik emon ezagaz ta sinistu ezagaz gordeko dozu bake santua ta adiskidetasunaren lege sagradua..

Ezaz postposizino instrumentala mehatsago agiri da sartaldeko testuetan, ezagaz lehiakide izan dauelako eremu instrumentalean. Baina bizkai euskerearen sortaldetik ekialderantz ugariagoa da. Frai Bartolome etxebarritarraren lekukotasuna balia bekigu: Deskuiduan izan arren bere, ustez uste bagarik izan arren bere, bere ardurabagatasunez ta osoro begiratu ezaz egin badau eriotzia, pekatu da (Ikasik I). Edo Mogelen beste hau: Nortzuk uts egin daroe euren gurasoei obediu ezaz?.

Bigarren sintaxia eredua be, /ez + Partiz + -az/ dalakoa, ohikoa da gure tradizinoan: belu etozan, ezin jan ta ezin edan ebalako, indarrik ez eukijaz (Mogel Ipunak).

Etorri ezta eredua da azkenengo aitatuko doguna. Adizlagun funtzinoko partizipioak ezezka emoteko be egitura diferenteak ditugu lehian. Bat, barik (gabe) postposizinoaz eregiten doguna, eta gehien darabilguna: Neuk ezer esan barik egin deust errekadua, Inork agindu barik egiten ditu bere zeregin guztiak. Horren atzean zelan itaun modala dago. Hau da egiturarik neutroena, zelanbait esateko.

Ez esanda eta esan ezta (ezda) aurrekotik harean diferenteak dira esanguraz, baina euron bion artean bardinak. Zer galtzen dozu ez joanda? edo Zer irabazten dozu joan ezta? mende-perpausetan gauza bera esaten gagoz. Hiztunen usadioak dira ezbardinak. Baina bizkai euskeran aspalditik ondo sustraitua dago ezta postposizinoa, berbaz leku askotan ezda ahoskatzen dana. Euskera modernoan, bizian, indar handia irabazi dau ezta postposizino honek, beste ez- ereduko posposizinoekin gertatzen dan antzera. Kirikioren esaldi hau lekuko: Nori burura etorri lekio bihar arteko ostatua eskuetan euki eta dirua jokatzea, sakelean txanpon bat euki ezta? (Abarrak). Klasikoagoa dogun J. M. Zabalaren testigantzea da hurrengoa: zeure ekandu zitalari indarra emon zeuntsalako, arako lelengo burua agertu ebanean ezi ta azpiratu ezta.

Hautazko beste egitura, /ez + Partiz + -ta/ dalakoa, zabalagoa eta zaharragoa da orohar. Ez bakarrik ekialdeko euskalkietan. Bizkaieran bertan be bai. Halan darabil behin baino sarriago Zabala bilbotarrak. Bat: agindurik dagoana ez eginda egiten direanak. Bestea: soinari ta oinari bear leukeena ez emonda kalte andia ekarten deutseenak.

Erantsi daigun, ezta postposinoa gure tradizino idatzian gehiago agiri dala, testuinguru ugariagoa dauela, aditz partizipioaren ostean gura eta nahi aditz modala dagozanean. Mogelen ondoko esaldi honek erakusten dauenez: gorrotoan, tratau nai ezta ta areriotasunean luzaro egon direanak.

Hurrengo baterako itxiko ditugu ez ezeztapenaren gainean garatutako beste postposizinoak, gaurkoz inor gehiegi nahikotu gura ezta, mamur-mamur eginda emoteko euskerazaleari gramatika ora trinko hau.

Iturriko
2017-06-09