Dakienak dakiHizkuntza

EZLEKUAN itxi dozuz oinetakoak, ez BERE LEKUAN

Posted on

Ez hitz bakuna dogu berez euskeraz, aditz prozesuak, adierazpenak ezezka emoteko, ukatzeko, darabilguna. Bai eta ez bakarrik erabili geinkez, itaun baten aurrean baietz edo ezetz erantzuteko, edo norbaitek egindako adierazpen bat ukatzeko:

Bazatoz nigaz? Ez!
Bihar euria egingo dau. Ez dot uste.

Gehienetan edo ia beti aditzagaz darabilgunez, aditz jokatu bategaz, ia-ia aurrizki bihurtzen jaku kontestuan, nahiz banan edo bereiz idatzi: Ezta egia esan, baina Ez da egia idatzi.

Aditzagazko buztartze gramatikal hori aparte itxita, izen, adjektibo, adberbio-adizlagun eta aditz partizipioen aurrizki (eta beste batzuetan ia aurrizki) izateraino heldu da ibili-ibili ez marka. Zerk lagundu deutsan ibilbide horretan? Euskereak be, inguruko hizkuntza guztiek lez, preminea daukalako, izen, adjektibo, aditz edo adizlagunen kontrako esangurako hitzak erabilteko. Eta hitz banakoei dagokienez, aurrizki bidez egituratzeko joerea nagusitu dalako. Inguruko hizkuntzetan gurean baino askoz gehiago, baina gurean be bai neurri handi baten.

Gaztelaniaz ezagunak ditu edonork in- (innecesario), i- (irreal), a- (alegal), des- (desagradable) edo dis- (disfuncin) legezko aurrizkiak.

Euskeraz aurrizki bi ditugu antz-antzekoak alkarren lehian eremu semantiko beretsurako: ez- eta des-; bata euskal jatorri zaharrekoa, bestea maileguzkoa. Hitz batzuetan bata zein bestea erabili izan ditue hiztunek: ezezagun eta desezagun, adibidez. Arautu dana lehenengoa da: ezezagun eta hori geratuko da idatzirako.

Des- maileguzkoa uste baino emonkorragoa gertatu da hitz-sorkuntzan eta hiztunek berezkotasun osoz onartu dabe euren eguneroko berbetan. Aurrizki honi galgea eta munarria ipini deutsienak, hiztunak barik, hiztegigile, gramatikari eta idazle garbizaleak izan dira sarri. Hizkera garbiago bat bilatu beharrez, desbardin barik ezbardin, desbide barik ezbide edo desordu barik ezordu erabiltea bultzatu dabenak.

Ez hitza aurrizki lexikal modura irristatu danean hizkuntzan, malgutasun handiz sartu eta garatu da hitz-kategoria batzuetan, izen eta adjektiboetan berariaz. Izen guztiz ezagunak ditugu: ezbeharra, ezizena edo ezustea. Edo adjektiboen artean: ezbardina, ezezaguna eta ezjakina.

Aditz kategoriak eregiteko nekez darabilgu ez-. Ezaguna da etxaramon -laburduraz etxamon-, kasurik ez egin esanguraz. Azkuek Muxikan eta Zornotzan erabilitzat jaso deusku, aginteeran: Etxaramon!, no haga Ud. caso! erdal ordainaz.

Ez- aurrizki erara hitz bati eransteaz ez da adierazoten kontrako esangura garbia, antonimo hutsa. Hori baino indartuagoa da ez- aurre-osagai hori. Oin-hitzaren esangurearen ukapen absolutua adierazoten dau batzuetan. Frutuen, uztaren eztazuna, bakotasuna adierazoten dau ezurte hitzak. Ezurteko gauzea, iraupen bagea, errefrau moduko esaera hori dakar Azkuek Markinan jasorikotzat. Eta Gotzon Garatek Azpeitian jasorikotzat beste esaldi hau: Aurten ezurtea da, ez dago sagarrik ez ezer. Ezune be eztasun edo ezaldi esangura beretsuaz erabilten da. Bai urte eta bai une, izan aditzaz lagundurik, mugagabez erabilten ditue hiztun askok. Igaz tomate guztia gorrinak jota; ez da urte izan. Edota ez- erantsita: Ezurte izan da pasa dan urtea. Azpeitian (G. Garatek) baturiko beste hau be antzekoa da: Ezune omen zan orduan.

Baina ez– horrek halako gaietzespen kutsua be eransten deutso izen eratorriari. Ezlekua, toketan ez dan lekua da, bere lekua ez dana, okerrekoa baino. Zenbat agiraka amak umeari, oinetakoak, galtzerdiak edo jertsea ezlekuren baten itxi dabelako, euren lekuan ipini beharrean. Zenbat haserre eta berba zorrotz mutil edo neska bardingoari, gauean orduan eta sasoiz etxeratu beharrean, goizalde beranduko ezorduan etorri dalako. Ezordua ?desordua be esaten da?, denpora kontuan, ohi dan edo arrazoizkoa dan aldiunearen kontrakoa adierazoteko, gaztelaniazko «hora intempestiva». «Baserrian, barriz, beharrerako ezordurik sekula be ez dagoala-ta, gazteria aurrez hasi zan Bilborantza» idatzita itxi euskun behinola Lino Akesolo idazle bikainak. Ezbeharra be, behar dana baino gogorragoa izaten da: zoritxar, kalte handi edo istriputik hurrago dago. Ezizenak be usain gozorik ez dau eukiten; berez dagokion izenaren ordez, toketan ez dana da, izengoitia baino garratz eta latzagoa. Ezgauza bat ez da gauza ez dan zeozer, ezpada ezerezkeria edo garrantzia gitxiko zeozer. Behar kontuan Mogelek kontetan deusku, Peru Landetako nekazariak neguan, aro txarra egoanean, arotzian ekiten eutsala beharrean: «Nozian bein eguraldi txaarrak eragozten deustazanean baso ta solo bearrak, jardun daroat mai, aulki ta ezgauza batzuk egiten» gogorazoten deusku. Ezgauza bat izan daiteke jaten dan kopau txiki bat edo txibizkeria bat be, ohi dan jatekotik kanporakoa. Oati aldean, pertsona bategaitik ezgauza dala esaten da, eskilarak igoteko edo oinez ibilteko. Norbait ezustean harrapatzea, uste-uste barik, inpentsadan, berak holakorik pentsau orduko harrapatzea esan gura dau.

Hari berari tenk eginez, ezbidea be okerreko bidea da berez, baina zuzentasunaren kontrako bideaz ohi darabilgu, bidebakokeria edo injustiziaz. Zu ezbidean zagoz, badinosku baten batek, arrazoirik ez daukagula esan gura deusku.

Aditz partizipioaren oinarriaz eregiten ditugu eratorri batzuk, aurretik ez- lagun hartuta. Adjektiboak izan ohi dira egitura horretako gehienak. Eurotariko batzuk guztiz entzunak: ezjakina (jakiterik bakoa), ezikasia (eskola bakoa), ezeukia (ondasun bakoa), ezazia (epotxa edo gitxi hazi dana). Izen kategoriakoak, beste batzuk. Ezeukia ezer ez eukitea be izan daiteke. Edo ezegina omisinoa be izan daiteke. Eta egitura nasaiagoko beste batzuk be bardin: ez-entzuna edo ez-entzun egin edo entzungor egin, antzekoak dira. Ez-ikusi egin edo ez-ikusiarena egin, zeinda ikusi ez dalakoa antz emotea da. Eta bardin ez-ezagutu egin; ezaguna dan pertsona bati ezagutzen ez dalakoa egitea.

Terminologia modernora be zabaldu ditu bere hatzak (eta batzuetan erpeak) ez honek aurrizki gisa. Batzuetan, behar baino gehitxoago be bai. Halan irakurri edo entzuten da batzuetan: ez-erretzaileak bakarrik sartu daitekezala taberna batera. Edo hain iturritako ura ez-edangarria dala. Edo egitura bat gramatikala ez dala esateko, ez-gramatikala dala. Edo izen bat ez-propioa dala. Edo lege-proposamen bat ez-legezkoa dala. Edo herrialde ez-lerrotuen batzarra egingo dala halako uriburutan. Edo testu-liburu bat ez-teknikoa dala.

Honetarikoetan hesia edo neurria ipini behar jake gehiegikeriei. Terminologia finkatu baterako erosoagoak dira ez- aurrizkidun hitzak. Baina maila teknikoetan ez gabilzanean, badaukagu beste egitura bat be aukeran, perifrasi bidea: erretzaile ez diranak, ez edateko ura, propio ez diran izenak, gramatikal ez diran egiturak edo legezko ez dan proposamena.
Asko da gaurkoz ahaleginik, prestuezkerietan jausi barik.

Iturriko
2016-09-22