Dakienak dakiLiteratura

Felipe Arrese Beitia (Otxandio 1841-1906)

Posted on

Felipe Arrese Beitia Otxandion jaio, bizi eta hil zan, azkenengo gerra karlistaren denporan Donostian bizi izan zan aldia kenduta. Gaztetan Gasteizen marrazkia ikasi eban, eta lanbidetzat harria eta egurra landutea izan eban.

Otxandion eta inguruetan santugie moduan ezagututen eben, herririk herri horretan ibilten zalako. Otxandioko eleizea be, egurrezko gauzetan behintzat, gehien-gehiena berak egindakoa da.

Arrese Beitia bere aldiko gertaera sozio-politikoak eraginda bizi izan zan. Alde horretatik, 1876an Euskal Herriari foruak kendutea da jazoerarik garrantzitsuena. Politikan liberalismoa nagusituten joian, eta hori euskaldunen kontrakoa zan, bai politikan bai erlijinoan. Horrek indar eginda, euskaldun zintzo eta leialak Jaungoikoa eta Lege zaharra, euskereagaz lotuta, helburutzat hartu eben.

Egoera mingarri horrek idatzi asko eragin ebazan. DAbbadiek be, hegoaldeko euskaldunei aupada bat emoteko edo, 1879an Hegoaldeko lehenengo Lore-Jokoak eratu ebazan. Elizondoko jai horretako literatur atalean Arrese Beitiaren olerki bat saritu eben, Ama euskeriari azken agurra izenekoa. Izenburuak berak ondo adierazten dau zer dan olerkia.
Arrese Beitiak asko idatzi dau, eta beste poeta batzuen olerkiak euskeratu be bai. Aldizkarietan eta handik hortik hemetik eukazan poesiak batu eta, 1900. urtean Ama Euskeriaren liburu Kantaria argitaratu zan, eta 1902an Asti orduetako bertsozko lanak.

Handik aurrera be egin dira ahaleginak Arrese Beitiaren idatziak barriro argitaratzeko. Emaitza bat baino gehiago egon dira. Aita Santi Onaindiak Felipe Arrese Beitia, Olerkiak izenagaz haren lan mordoa kaleratu eban, gaika bederatzi ataletan sailkatuta. Eta Euskal Editoreen Elkarteak Eusko Jaurlaritzagaz batera ataraten eban Klasikoak bilduman haren lan aukeratuak agertu ziran 1987an Olerki Sorta bat izenburuagaz. 199an Itziar Urrutiak Felipe Arrese ta Beitia: idazlan guztiak izenburuagaz argitaratu eban bildumarik osoena.

Arrese Beitiaren idatzietan gaia bera da garrantzitsuena, zer esaten dan, eta forma, zelan esaten dan, beti be ahalik eta errazen aituteko modukoa izatea gura dauala emoten dau.

Euskera gozoa eta ederra darabil, eta deskripzinoak egiten maisu da.
Euskal Herria eta euskeraren egoerak ardura handia emoten eutsan eta horren ganean idatzi eban behin baino gehiagotan. Foruak, erlijinoa, heriotza eta beste gai batzuk be sarritan erabili ebazan.

Jaungoikoagan eta erlijioan ikusten dau salbazinorako bide bakarra. Era berean, euskera eta Euskal Herriaren sinboloa Ama da, Ama hori zentzu bitan: Ama Birjina batetik, eta ama amatasunaren ikuspegitik ikusita bestetik. Gernikako arbola be behin eta barriro agertuten da haren idazlanetan, gure historia, kultura eta izakeraren sinbolo, arbola sakratutzat, Jaungoikoak berak emondakotzat.

Dana dala, baditu bertso barregarri eta informalagoak be, beti be irakurteko gozagarriak eta errazak, oraindino be, neurri handi baten, gaurkotasunik galdu ez dabenak.

Adibide moduan bertso zati batzuk ekarriko doguz hona, idatzi ebanaren erakusgarri.

Aritzari

Euskaldun jaio nintzan,
Ta euskaldun azi,
Euskaraz eustalako
Amak erakutsi;
Euskara laztan maite,
Zabiltz nigaz beti,
Euskara il ezkero
Ez dot gura bizi.

Arbola bat

Arbola bat zan Paradisoan
Jaunak apropos jarria,
Mundu guztiak artu egion
Lotsa ta itzal andia,
Bere azpian bizitea zan
Aita Adanen gloria,
Andik kanpora, zer topau eban
Ezpada negargarria? (…)

Arbola bat zan Bizkaian bere,
Neure anaia laztanak,
Zeinen azpian, pozez beterik
Egoten ziran asabak,
Kerizpe zabal artan jarririk
Eginda euren Batzarrak,
Buztarri baga, nasai ta libre,
Bizi ziran bizkaitarrak.

Mona bat

Intxaur arbolara igon eban
Jatera ale bat moneak.
Agiak sartu moskolari ta
Latza zalako jaurti ak.
Beste ainbese egin oi dabe
Eroso bizi zaliak;
Edozer bear neke eretxerik,
Laster izten dau nagiak.