Dakienak dakiLiteratura

FELIX BILBAO: Ipuin-barreka

Posted on

Felix Bilbao, Morgako semea, euskerearen maitalea da. Ganbeko eskolan ikasi eta laster, mutikotan, Arantzazura joan zan, fraile izateko helburuagaz. Euskerea etxean ikasi eban, bai ondo ikasi be, bere idatzietan ikusten danez, eta haren sermoiak entzuten dabezanak ondo dakienez. Arantzazura joan zanean apenas egiten zan euskerarik han, ikasketak erderaz egiten ebezan, alkarregazko hartu-emonak eurak be erderaz egiten ebezan gehien bat.

Baina, euskaldunen artean euskerea eta euskal kulturea aurrera aterateko eta indarra emoteko, ikaskideak alkarren artean irakurgaiak batak besteari pasau, zeozertxu idatzi eta aurrera egiteko gogo itzela hartu eben. Berak be ipuintxu batzuk idatzi ebazan beste ezertarako helbururik barik. Halako baten, Aita Villasantek esan eutsan sariketa bat egoala, eta ipuinak eginda eukazanez bialduteko harra sartu jakon.

Felixek Ipuin-barreka liburuko ipuinak hile bitan idatzi ebazan, eguneko bat. Beste fraile batek makinaz ipini eta holan batu eban mordotxua.
Izena dala-ta, Ipuin-barreka, leidu ahala barre egiteko eta ondo pasetako diralako ipini deutso. Eta merituen artean herriko hizkuntzan idatzita egotea nabarmendu behar da.

1959an argitaratu eban Bilbaok lehenengoz Ipuin-barreka liburua, Euskaltzaindiak 1954an eratutako leihaketan saridun izan eta gero. Harrezkero beste bost edizino euki ditu liburuak, azkena Labayru Ikastegiak 2009an ateratakoa.

55 ipuinek osotzen dabe liburua, herri-tradizinoko ipuin barregarriak dira. Baina berak bere inguruetara ekarten ditu, dala pertsonaien izenakaz, dala leku izenakaz. Ipuinak edo pasadizuak ahoz kontetako erregistroa ondo be ondo jasota dago irakurgaiotan, entzuteko direla esan lei leiduteko baino gehiago.