Dakienak dakiEtnografia

Garizuma eta bijilia

Posted on
Bijilia eta baraua

Eleizeak bijilia eta barau-egunen ganean agindutakoak eragin handia euki dau jateko ohituretan gure etxeetan.

Baraua berez egunean jatordu bat bakarrik egitea zan, noiz, zer eta zenbat bakotxaren esku egoala. Barau-egunak izentauta egon izan dira: jaiegun handien bezperak, Pazko, Andra Mari, Domu Santu eta Natibitate.

Garizuman, Hautsegunetik Zapatu Santura arte, astegunak guztiak barau egiteko ziran; lau tenporetako eguazten, bariku eta zapatuak be bardin. Baraua 21 eta 60 urte bitarteko guztiak bete beharrekoa zan.

Bijiliak okelea eta okeleagaz egindako saldea jatea galazoten eban. Garaien eta herrien arabera, esnekirik eta arrautzarik be ez zan jaten, hau da, abereetatik datozen elikagaiak. Bijilia 7 urtetik gorako guztientzat zan.

Egun seinaladu batzuk bijili eta barau-egunak ziran, barau-egun moduan aitatu izan diranak batez be. Gaur egun eleizeak berak arinduta eta gitxituta daukaz egunok.

Salbuespentzat hartzen zan adina, osasuna, haurdun egotea edo titia emotea eta behar fisikoa. Halakoak barau egin behar ez izateko errazoitzat hartzen zan, horregaitik normalean inoiz ez eben egiten etxeko guztiak.
Horrezaz ganera, buldea hartzeko aukera egoten zan; diru baten trukean baraua arintzeko zan hori.

Janariak

Barau-egunetan lapikokoak, koipeagaz egin barik (okelea, urdaia, txorizoa…), landara-orioagaz prestetan ziran. Hori zala-ta, jateko batzuk berenberegi bijilia-egunetarako prestetan ziran: orio-aza, indaba zuriak eta piper-saldea. Holangoak zabal-zabal ibili dira etxe askotan.

Okelarik jan ezin zanez, arraina edo arrautzakaz prestautako janak egiten ziran. Arrainetan normalena makailaoa izan da. Bariku Santu egunez, kasurako, etxe gehienetan makailaoa jaten izan da. Horregaz batera, sardina zaharrak edo gaileguak be asko.

Leku batzuetan esnerik (ez aberekirik) jaten ez ebenez, armozurako txokolatea uragaz eginda hartzen eben. Beste batzuetan, ostera, kafesnea.
Goizeko hamaiketakoa eta arrastiko meriendea kentzea normala zan, eta jatorduak eurak be normalean baino eskasagoak egiten ziran.

Pazko eguna

Garizuma eta Aste Santuaren ostean Pazko eguna dator. Egun horretan ohitura zabala izan da familia osoak jaieguneko bazkaria egitea, eta platerik normalena artxoa, azuria edo bildotsa izan da. Antxumea be bai.

Egun horretako ohitura izan da aita-amabitxiak, sarriago amabitxiak, besoetakoei mokotsa edo morrokotea oparitzea. Ogi bat zan, Zapatu Santuko labaldian egindakoa. Ogiari, laban sartu aurretik, arrautza bat gordinik edo txorizoa sartzen jakon, eta egosi ostean, gainetik arrautza irabiaua egiten jakon. Leku batzuetan biribilak egiten ebezan, eta beste batzuetan hiru puntakoak.