Dakienak dakiHizkuntza

“Gaztea oheak ekarri, eta zaharra oheak eroan”

Posted on

Jabier Kalzakorta markinar ikertzaile eta irakasleari zor deutsat errefrau hau; bere ama zanari ikasia, hurrean. G. Garaterek Atsotitzak bilduman be jasorik ikusi dot: “Gaztea oiek ekarri ta zarra oiek eruen” (Atsot 5516). Huts handi barik esan nei, G. Garate biltzaileari Jabier Kalzakortak eskuratu eutsala errefrau hau Deustuko Unibertsitate inguru horretan.

Gizakion jaiotza eta heriotzearen barria, ohearen irudipean emona.

Ez da sarri agiri dan irudia gure errefrautegian. Baina batu ditugun zidurri apurren arabera, Bizkai ekialdeko herrietan esan izan dala esan lei: Markina, Lekeitio eta inguru horretan, jaiotzearen eta heriotzearen irudi gisa.

Irudi aparta, edozelan be. Eta markatuena, duda barik, heriotzea era leun eta gozoz aditzen emoteko moduan: oheak eroan. Urlia hil dala esateko, oheak eroan dauela. Heriotza ona izatearen iragarle dogun irudia. Resurreccion Mª Azkueri amak idatzi eutsan gutunetariko baten darabil esapide hori, Lekeition familiaren ezaguna zan baten heriotzea adierazoteko, gaztelaniaz semeari idatzi eutsan gutunetariko baten: se lo ha llevado la cama. (Jabier Kalzakorta).

Ohe luzea, luzaroko gaixoaldiaren irudi modura, Juan Jose Mogelen idatzietan be idoro dogu: “Gatxak ta oe luzeak zauritu eutseezan aragiak” (Baseerritar.Escolia).

Goiko errefrau horretan ekarri aditzagaz be irudi bera dogu: oheak ekarri, seina jaio dalakoaren iragarpen modura.

Beste aditz, esapide eta irudi mordoa ditugu euskeraz, norbaiten heriotzea iragarteko. Era leun eta suabez esateko moduak dira honako batzuk, eta horreetara ezarriko dogu begia.

Joan aditza, bizirik egotetik hilik egotera dagoan aldaera iragarteko: urlia joan dalakoa. Berbarako: Ama be lehengo egunean joan jakun. Behin edade batera ezkero joan beharra subertetan da. Halakoren baten gu be joango gara. Esapide guztiz grafikoa Plazido Mujikak dakarren hau: “Agorik eskura joan jakun”, ‘bat-batean hil’ esateko (Dicc. Cast.Vasc.). D. Intzak Nafarroan baturiko errefraua: “Heriotza lege berdina: gizona etorri bezala joan = Jaioak hiltzea zor” (NEZ ).

Zendu aditzak arrakasta handia irabazi dau gaur euskera jasoan, hedabideetan berariaz, tradizinoz ekialdeko hizkeretakoa bada be: zen adizki iraganaren gainean, -tu atzizkia hartuta eratorriko aditz barria.

Izan aditzaren ezezkako egituran, ez izan dalakoaz be era leunean adierazo ohi dogu ‘hilda, hilik’ egotea: hil osteko egoera. Ze izango da zuekaz, gu ez garanean?  Bizimodua bideratu eizue baikotxak lehenbailehen, gu ez garanerako. Gu ez garan denporan be zeozer izango da.        

Egin aditza, ‘norbaitenak egin dauela’ esapide-egitura barruan, heriotzearen zori garratza hur dagoala edo etorria dala adierazoteko. Halan: Harenak egin dau! Horrenak laster egingo jok! Gogora daigun Xenpelarren harako bertso-atal ezaguna: “Ia guriak egin du, / badegu zeinek agindu”, karlistate aldiko guduaren kontrako garraisia. Edo Lino Akesoloren itzulpen hau: “Birau zitalenak jaurtiten deustaz etsaiak: «Noz bertan hilda, egingo ete dau horrenak?» (Salmoak).

Etzan aditza, hilik edo hilda dagoenaren egoerearen adierazle, aditz adberbialaz batera: “Ez diatzo bakarrik, / ze an datz Presebal ilik” (Mondragoe erreketa). Ehortzirik aditz adberbialaz: “Hemen natza ortzirik” (Amendux). Hobi izenagaz: “Obian datzan amari” (Lazarraga A27a, 1201v).

Azkenak egin lokuzinoa be ezaguna da. Azkenetan egon lokuzinoak ‘agolinan, hil aginean’ egotea adierazoten dauen lez, urliaren azkenak egin dauela esaten da, hil dala esateko. Azkuek Gipuzkoako Goierrin baturiko errezitadu batek, norbaiten azkenak egin dauela adierazoteko, honelan dino: “Atso zarra belendrin, hire azkenak egin din” (EY IV 80). Kirikiño kazetariak be, norbaitek azkenak egin esapide barruan darabil: “Destaiñie yaurti ezpaleust, ebaiko eustiezan ankok eta azkenak egingo nituen segurutik” (Abbertanarrak II).

Behin hil ezkero, gorputza gorpu bihurtzen danean, honako aditzak erabili izan ditugu. Bat, gogortu: gorpua gogortu dala esateko. Baina gogortu era aktiboan be ezaguna da. Azkuek, ‘norbait hil’ adieraz be batu eban gogortu aditza, mehatxu edo zemai modura batek esaniko berba honeekaz: “Txo, horra banajatok, neuk gogortuko haut, txiel hori!” (Dicc.).

Hilotz, hiloztu edo hilotzitu dira gorpu bihurtzearen beste adierazkizun batzuk: “Orduteratxik hilotzitu zen Grazianatxu neuria” (Neska ontziratua balada).

Luze gelditu, ‘caerse muerto’ adieran: “Bertan luze gelditu”, ‘bat-batean hil’ adieraz. Hantxe gelditu zan luze! Luze gelditu da bertan.

Hotseko jausi be Morgan entzunda nago, ‘bertan jausi eta hilda geratu’ aditzen emoteko. Txori bati tiroa emonda, berbarako.

Erlijino girokoa dogu, bestetik, arimea aitatzen dauen Axularren hau, (norbaiten) arimaren eskatu: “Gaur eskatuko zaizkik heure arimaren«. Mokoroaren itzulpena: “Hoy te pedirán tu alma. (Hoy vas a morir.)” (Gero).

Eta amaitzeko, ohearen irudiaz heriotzearen hurrekotasuna adierazoten daben beste esapide batzuk be badira. Batek esana: “Gaixo luzea, ohean ahaztu” (Atsot 5188). Eta eritasun luzearen irudi gisa, baita:

Beste ze aditzegaz darabilgu edo erabili izan dogu ohea maiztasunez? Bibliako pasarte bat: “Ikhus zezan haren ama-ginharreba ohean zetzala, eta helgaitzak zadukala” (TB Mt 8, 14). Helgaitza: gaixo txarra. Eta egon aditzaz: “Ama, nagotzu oera” (Mondragoeren erreketa 45), ‘eroan nagizu ohera, etxun naizu ohera’ adiereaz.

Adolfo Arejita