Dakienak dakiHizkuntza

Gaztelaniazko ‘revalorizar’, ‘poner en valor, euskeraz zelan esan?

Posted on

Euskeraz bir- aurrizkiak, edo ber- aurrizki berorren aldaereak, emoi handia dabe berba barriak sortzeko orduan. Oinarrian, berriz edo birritan, edo bigarrenez prozesuren bat egiten dala adierazoteko.

Aditzetan, guztiz ezagunak ditugu berbiztu edo birbiztu, berregin edo birregin, eta beste gehiago.

Zenbatzaileetan be hor ditugu berrogei, berrehun, birmila lango zenbaki-izenak, kopuru jakin bat bikoiztu edo berritu egiten daben aurrizkiak.

Eta izenetan, askoz ugariago oraindino.

Horrexetatik garatua da birbaliotu aditza be, gazt. ‘revalorizar’ dalakoarentzat. Azken baten, gaztelaniaz re- aurrizkiak daukan paper bera euskera barrutik beteteko.

– Bigarren aukera egoki bat izan leiteke, barri adjekibotik eta honen eratorri barritu aditzetik abiatuta berba konposatu bat eregitea: baliobarritu. Funtsean, balio barria irabazi edo beregandu.

Egitura horregaz eregiak dira: bizibarritu, indarbarritu, erabarritu, zaharbarritu lango berba alkartuak, eta bide beretik eregi geinkez beste batzuk be: gogobarritu, edo orain batzuk, burusoil gelditu diralako, tratamentu bidez ulebarritu leitekezan moduan; edo edadearen poresuz azala tximurtu edo zimeldu jakelako, azalbarritu leitekezan moduan. Hori izan leiteke baliobarritu egiturearen kasua.

Adolfo Arejita