Dakienak dakiHizkuntza

GINO, ginoan, ginoko; -RAINO Atzizki-postposizinoen artean

Posted on

Gaztelaniaz “hasta” preposizinoaz adierazoten dan balioa euskeraz emoteko era bat baino gehiago dagoz. Gure artean ezagunenak berba bi honeen ingurukoak dira: arte / -ra arte batetik eta -raino, gino, dino tipokoak bestetik.

Idatzi honen helburua gino/-raino eredukoak aztertzea da, lehendik honakoan euki daben eboluzinoa eta sortu diran aldaerak barru dirala.

1. “Gino, ginoan, ginoko” zaharren lorratzean

Gino postposizino zahar bat dogu, sartaldekoa batez be, ibili-ibili atzizki izatera heldu dana: gino, -ra gino, -raino.

Sintaxi diferenteak ezagutu ditu gino horrek, eta hitz kategoria diferenteakaz gramatikaratua. Egitura ezagunenak garanduko ditugu behin banan:

a) Gino postposizinoa izen soilari dautsala erabili izan da, oraindino be sartalderengo bizkaieran guztiz galdu barik dagoan egiturea, baina lekukotasun aberatsa dauena tradizinoan, zaharrean batez be, baina klasikoan be.

Halan agiri da XVI. mendean bertan, errefrau zaharrotan: “Andraurenak etsea lauzatu gino daroa betatu. / ‘La mujer de buen recado, la casa suele hinchir hasta el tejado’” (RS 210).

Ginoko adnominala be, ‘hasta, incluso’ balioaz behin baino sarriago agiri dan postposizinoa dogu Añibarro eta J. Mateo Zabalaren idatzietan: “Zeinek [Jangoikoak] artuko badeust berba alper baten kontu estua, estuago artuko deust nire erruz galduten dan lauziri giñokoa” (Añ. Lora Sorta). “Etxe ginoko guztia galduko dau. Lau ziri ginoko guztia”. (J. Mateo Zabala).

b) Erakuslearen gainean be erabilia da, batez be hata- oinaren gainean; hau da, leku-denporetako oinaren gainean, ez ha- soilagaz. Hatagino eta hataginoko egitura biziak dira gaur egun be.

c) Izen aldatiboari dautsala ohi darabilgun atzizkia bikotxa dogu, -ra + -ino > -raino.

Deklinabide-paradigmetan –ra adlatiboaren azpisail modura agertu ohi da, -rantz, -rako legez. Horregaitik emon izan jakoz honako izendapenak: adlatibo bukatuzkoa, adlatibo terminala edo norainokoa, besteak beste.

Arauzko aldaera -raino bada be gaur egun, XIX. mendea ondo sartu arte iraun dau -ragino zaharrak–, idazleek sarri banan idatzirik emon izan dabena, -ra gino. Gure klasiko batzuen idatzietan erraz topau daikeguz honetarikoak: “Zeruragino igoten badot, zeu an zagoz” (frai Bartolome Ikasik I). “eta onegaz dabilz alkarregaz zaldi-mandoak legez, sarturik aoragino loikeriarik lotsagarrienetan” (P. Astarloa UD-I 260).

d) Aditz jokatuaren gainean, gino soila edo ginoan inesiboa ditugu posposizino-era nagusiak, ginoko adnominala be batzuetan suertetan dala.

Gaur egun bizkaiera sartaldekoan ezagun-erabilia da egitura hau, batez be egitura finko antzekoetan, eta esangura berezituaz. Horreetarikoak dira: dan gino, dan ginoan eta dan ginoko, hirurok Azkueren denporatik ondo lekukoturik ditugunak. Egitura horren lexikalizazinoaren ezaugarri da, duda barik, honek bere hiztegian loturik idatzi izana. Bizkaieraren sartalde eta erdialdean lekukotua lez agertzen deusku, eta esangura jakin bategaz: “Dangiño (V-oroz-arr-ger) […], caerse de bruces, haciendo ruido” (Dicc.). Baina berez, bere gardentasunean, banan idatzi beharrekoa: dan gino. Eta Euskalzale aldizkarian esaldi barruan txertaturik eskeintzen deusku: “Blaust! lurrera dangiño edo luze-luze jausi zan arpegiz gora” (1897, 315).

Dan ginoan eta zan ginoan esapideak gaur egun be bizirik dagoz, Txorierri eta Butroialdeko berbetan behintzat. Esangurea: “ahal dan guztia” edo hurrekoa. Mungialdean baturiko esaldiak dira honakoak: “Platera dan ginoan ekarri dau”, hau da, bete-bete. “Atea dan ginoan idegi eizu, bero lar egiten dau eta!”, hau da, zabal-zabal egidazu. “Dan ginoan luze etxunda egoan lurrean”, hau da, luze-luze, oso-osoan. (Mungia)

P. Zamarripa sondikarrak be honetara darabil bere idatzietan: “Ta hau don Tomaseri esan, eta bere pipea biztu eta gero, ezer esan barik luzaro itzarrik ezin egon ta…, mozkorrak baino logureak gehiago eginda, landa berean jausi zan… zan ginoan.” (Kili-Kili).

e) Adberbio kategoriagaz, berariaz orain presente-denpora adierazleagaz, sarri irakurten da oraintsura arteko idatzietan; luzaroago eta ugariago iraun dau gino postposizinoak oraingino itxurapean, beste kategoria batzukaz baino. XIX. mendean bizi-bizi agiri dira oraingino eta nozgino, gaur egun nagusi dan “orain arte” egituraren lekuan. Pedro Astarloaren lekukotasunak: “Auxe da oraingino azaldu edo esplikadu dogun juramentua”. “Eztago gauza ziur edo zierturik, nosgino baru egin biar dan, irurogei urteraiño ala aurrerago (UD II).

Baina autortu behar da orain artean egitureagazko alkarren lehia aspalditik datorrela. Olaetxeak bere dotrinan (1763) egitura biak darabilz bata-bestearen hurrean: “Graziak emoten deutsudaz, neure jaun andia, kriadu nozulako, kristinau egin, eta Jesukristoen odol preziosoagaz erredimidu nozulaco, orain artean konserbau eta gorde nozulako, eta oraingiño zeure esku santuetarik artu dodazan benefizio, mesede ta ondasun guztiagaiti.”

Orainginoko adnominala be ugaria dogu klasikoetan, “orain arteko” adieraz. FraiBartolomeren lekukotasunak: “Noraezekoa da orainginokoa esatea, bere ezauera puska bat artuteko”. “Sakramentu guztiak bere onetarako itxi euskuzan Jesus maiteak, orainginoko bakotxaren erakutsietan entzun dozun legez.” (Elex). P. Astarloarena: “Eztozu emetik aurrera nire etxean orainginoko lanik eukiko” (UD I)

2. -dino, -daino eta -no postposizino-atzizkien lorratzean

Dino atze-hitzaren atzean din (dedin) adizki aoristoa eta -no atzizkia dira. P. Lafittek bere gramatikan approximatif izena emoten deutso deklinabide-kasutzat aurkezten deuskun hitz edo atzizki honi. Honako azalpenau dakar (Grammaire § 144): “Pour traduir ‘jusqu’a’, on ajoute -dino, ordinairement réduit à -ino, au suffixe en -ra de l’adlatif. Ex.: zeru, ciel; zeruradino ou zeruraino, jusqu’au ciel.” Adberbio kategoriako hitzekiko adibideak be emoten ditu: sarridino ‘à tout à l’eure’, bihardino ‘à demain’.

Baina bada hurreko beste atze-hitz bat, -daino, -dano eta beste aldaera batzuk dituala, da adizkiaren gainean eregia. Iparraldeko tradizinoan nagusi izanagaitik, hegoaldeko hizkerarik gehienetan be ezaguna dana, berariaz denpora-adberbio batzukaz. Horreetarikoak ditugu oraindaino, egundaino eta beste batzuk.

Sartaldeko berbetetan ditugun oraindino, hondino, oraindio eta beste aldaeren atzean ditugun bigarren osagaiak, beste etorki batekoak dira berez: oraindik ablatiboari –no atzizkia erantsirik garatuak, eta berez ez dabe lotura zuzenik Iparraldeko dino eta daino/dano atze-markakaz.

3. Sintaxi zertzeladak -raino / gino marken inguruan

Sintaxi erregularra izenkiakaz

Deklinabide paradigmetan adlatibo “helburuzkoa”, “bukatuzkoa” ohi deritxanaren forma nagusia -raino dogu, goian gogoratu danez: -ra adl. +–ino (gino) atalez osatua.

Hitz kategoriei jagokenez, beste leku-denpora kasuak lez, askotarikoak izan leitekez. Izenak: etxe-raino. Adjektiboak: txiki-raino. Zenbatzaileak: zenbat-eraino, bost-eraino. Izenordainak: gu-ganaino, inor-ganaino. Erakusleak: honetaraino, haretaraino. Adberbioak: honaino, horraino, no-raino. (…)

Pertsona-izenordainaz eregia da Mogelen hurrengo hau: “agaiti aldatu ezta niganaiño neure izen-ondokotzat etxe onen izena; alan derist ‘Peru Landetako’” (Peru Abarka).

Aditz jokatuaz gitxitan agiri da, batzuetan denpora zentzuaz, beste batzuetan leku esanguraz. Espazio-leku esangurakoa da hurrengo hau: “Urrinduta balego lurraren azken, iñor elduten ez daneraiño” (Peru Abarka).

Arte postposizinoaren atzizki gisa egonkortu da gino/-ino atze-hitza sintaxi jakin batzuetan. Aditz partizipioaren gainean berariaz, arteraino itxurapean. Añibarroren pasarte bi: “zeuk lagundu zeuntsan il arteraiño krutzean”. “Menturaz zagoz begira, Jaunak zu larga ta desanparatu artean; zure biotza gogortu; denporea, borondatea, Jangoikoaren grazia faltau arteraiño; edo eriotza batec artu artean? ” (Misionari I), “Guztiok jakin bear dozue, gure parroku ta testiguen aurrean ezkondu arteraiño eztagoala ezkontzarik” (Misionari II).

Sintaxi zaharra izenkiakaz

a) Sartalderengo hizkeretan IS-nor mugagabearen gainean erabili izan da, ez bakarrik tradizino zaharrean, baita klasikoan be, eta gaur egungo berbakune batzuetan be. Izen kategoriako hitz baten gainean, edo izen multzo baten gainean. Lekukotasunik zaharrenetarikoa XVI. mendeko errefrau honetakoa dogu, beharbada: “Andraurenak etsea / lauzatu gino daroa betatu. // La mujer de buen recado, / la casa suele hinchir hasta el tejado.” (RS 210).

Baina izen edo izen multzo mugatu edo determinatuaren gainean be agiri da inoiz. RS bildumako hurrengo errefrauan, -a mugatzailedun izenaren gainean: “Inurria gino lagun gura. // Hasta la hormiga desea compañía.” (RS 81).

Zenbatzailedun izen sintagma baten gainean be erabili izan da. XVII. mendearen hasieratsuko dotrinan (1713), Martin Arzadun abade durangoarrak honango egitura baten darabil: hogei urte gino. Hara paragrafoa: “‑Norzuk dauke obligazinoa barau egiteko? –Ogeta bat urte oso daukenak, irurogei urtegino” (40). Ohartu bedi, bide batez, denpora esparruko sintagma barruan agiri dana gino postposizinoa.

b) Aditzondo kategoriako hitz baten gainean beste batzuetan. Halan, XVII. mendean Kapanagaren erabilera batzuk hartuko ditugu bidelagun.

Denporearen esparru semantikoari jagokez orain eta berandu adberbioak. Halako kategorien gainean darabil gino postposizino-atzizkia: “zeinbat pekatu lengo konfesiñorean oraingino egin daben” (90), “zerren egon zan utra berandugiño” (96). Ondoko esaldian, oraingino adberbioaz batera puntu onegino adizlaguna darabil, hau be denpora balioaz: “graziak emaiten deutsudaz oraingino eta puntu onegino egin deustazuzan mesedeak gaiti” (121).

Bigarren horretan (h)onegino, hon- lehen graduko erakuslearen (hau) gainean eregirik dago, forma soilaren gainean, eta ez honeta- mugagabeko ohikoen gainean.

Espazio eremukoa dogu hurrengo esaldiko nogino adizlaguna, gaurko erabileran “nora arte” gendukena: “nogiño obligeetan gaituz Jaungoikoen amudioak?” (42).

Erakusgarria da –no atzizki eta menderagailu zaharraren presentzia Iparraldeko tradizinoan. Adberbio zahar batzuen gainean bakarrik erabili ohi da era soila. Orain adberbioaz eratorria da oraino ekialdekoa.

Aditz jokatuagazko sintaxia

Aditz jokatuaren gainean, -n erlatibo-hizkia lokarri dala. Goian azaldu diran dan gino ereduko esamoduak alboan lagata, erlatibo perpausen egitura zaharra garbiroen errefrau zaharretan agiri jaku. Aditz jokatuari, -n atzikia eta -e- lokarri bokala bitarte, atzizki modura eransten jakola -gino, hain zuzen -negino itxurapean, eta ez postposizino eran, -n gino erara: “Dana danegino. // Lo que es hasta lo que es.” (RS 310). “Direanak direanegino. // Los que son hasta los que son.” (RS 315).

Harrezkeroko literaturan gitxitan agiri da -raino atzizkia adizki jokatu erlatibokoen gainean. Horren arrazoia izan daiteke, denpora eremua arte markak beregandu izana. Datorren artean, dabilen artean ereduko adizkiak askoz ugariagoak dira edozelan be.

Aditzizenagazko sintaxia

Erabilera nahiko mugatua dau aditzizen-perpaus baten barruan, -raino adl. bukatuzkoa -te atzizkiaren gainean eregirik agertzeak.

Berorren esparru semantikoa, gitxi gorabehera, gaztelaniaz ‘hasta el punto de…’ preposizinoaz espresatzen dan berbera da: ekintza edo prozesu bat azken ertzeraino heltzea adierazotekoa.

Baina ekintzaren puntu terminala, prozesuaren ikuspegitik, ez denpora edo espazio ikuspegitik. Ekintzaren azken puntua denpora ikuspegikoa danean, /Part + arte/ egituraz markatzen da, orohar. Halan bada, partiketa semantikoa egon ohi da -teraino / -tu arte egituren artean kontesturik gehienetan. Ez beti, halanda be.

Adibide batzukaz on egingo dogu egitura hau. Baiezka: “zu [izan zinean], astindu zineana, ni berba gogorrez lotsatuta largateraiño” (Mogel Ipuinak). Ezezka: “”Ala eldu zara ez eukiteraiño zeure ariman kezkarik?” (J. A. Uriarte Mariaren Illa).

Gaur egungo berbetan -teraino marka hori gitxi erabilia izatearen arrazoia, beste marka edo baliabide batzuen alkarren-lehian dago. Gaztelaniazko esaldi bat: “Inchó el globo hasta el punto de reventarlo” esaldia, berbarako, euskeraz era diferenteetara espresatu geinke. Hara bi:

“Globoari putz eta putz egin eutsan, harik etaerrementau arte.”

“Globoari hainbeste putz egin eutsan ze, azkenenan errementau egin zan.”

Gaztelaniazko beste esaldi bat: “Se enfadó hasta el punto de no llegar a hablarme”, euskeraz espresatu daiteke: “Neuri berbarik be ez egiteraino ailegau zan”. Baina hiztun batek berez-berez erabiliko leukez honetariko besteok be:

“Hainbeste hasarratu zan ze, neuri berbarik be ez egitera ailegau zan.”

“Hain hasarre handia hartu eban ze, azkenean berbarik be ez eustan egiten neuri.”

4. Balio semantikoak “gino” eta “-raino” marken atzean

Helburu, helmuga, azken muga adierazotekoa da balio funtsezkoa. Eta hori maila diferentetan:

Dan gino, dan ginoan, dan ginoko formulen azpian esparru guztiak dira posible: denpora, lekua, ekintza edo beste edozein. “Dan gino (…) jausi zan arpegiz gora” Azkueren esaldian ekintza edo gertaera dirudi markatzen dana.

Eta goiko esapideotako gino, ginoan, ginoko postposizinoak “neurria, zenbatekoa” eremukoak bihurtu dira denporearen ibilian, bestean/besteko, ereduan /ereduko (eduan) postposizinoen hur-hurrekoa.

Eta balio honexegaz egonkortu da gino euskera bizian. Hatakotzat dakar Azkuek hiztegian, Gernikaldeko lekukotasunaz: “Giñoan, en proporción. Al daigun giñoan, en la medida (proporción) que podamos. Usaiña daben giñoan ondo egitekoa bada (V-ger), si es beneficioso en la proporción que tiene olor” (Azkue Dicc.).

Neurri eremuko erabileraren adigarri ona izan daiteke hurrengo Olaetxearena: “Senitasuna elduten bada laugarren gradu giño, ezin ezkondu leiteke, bada daukee koiñatetzea” (Dotrinea 1763, 151).

Kasu adlatibo terminalaz, -raino atzizkiaz, eta izenari dautsala, balio honek indarrean dirau: “eta il zan Mariak esan eutsan legez ordu bi barru, azkenengo arnasaraiño ezaguera osoa ebala” (J. A. Uriarte Mariaren Illa).

– Emendiozko juntadura indartuaren balioa, gaztelaniaz “incluso, y hasta” marken hurrekoa. Eta semantika aldetik, aurreko “neurri, zenbaterainoko” kontzeptuagaz lotua. Horretarikoak dira hurrengo biak:

a) adlatiboaren gainean eregitako hau: “eta eurakaz batera daroe sua, garra erretea, lapurretea, eleixako ontziraiñokoak ostutea, negarra, garrasia, ulua, osola, erijotzea, triskantzea ta ondamendia” (J. A. Uriarte Maria.Illa)

b) izen sintagma mugagabearen gainean gino postp. dala eregitako beste hau: “Orduan txikituko dogu neurri eta pisua, eta goratuko dogu balio edo preziua. Larrin ondokoginokoa salduko dogu nai dogun bestean”. (Pedro Astarloa UD-II)

Denpora, espazio eta beste esangura batzuk

Gaur egun gramatiketan “espazio”, “leku” eremurako mugatzeko edo espezializatzeko joerea dago -raino atzizkiaren erabilera, denpora eremurako arte postposizinoa jagonaz. Baina tradizinoaren aldetik partiketa horrek ez dauka oinarri sendorik. Egia da, beharbada, hizkuntzaren edo hiztunen joerea horretarantz doala hizkera askotan, baina ez da ezelan be erabatekoa, ez oso-osokoa.

Gino postposizinoaren testigantza zaharretan ondo garbi agiri da denpora eremuko marka naturala izan dala mendeetan. Eta gaur egungo hainbat testigantzak on egingo leukie partiketa horren funtsik eza.

Espazio eremuko erabilerak dira ohikoenak, hurrengo J. A. Uriarterena lez: “Sartuko jatzu sua aotik, eztarritik, eta elduko jatzu un eta erraietaraiño” (Mariaren Illa).

– Denpora eremuko erabilera ezagunenetarikoak dira oraingino, orainginoko berbak. Halan: “Eztozu emetik aurrera nire etxean orainginoko lanik eukiko” (P.Astarloa UD I).

Gaur egun “ordura arte” darabilgunaren esangura berberaz orduraino usu izan da gure berbetan, tradizinoan P. Astarloaren testigantza honek darakusanez: “eztino: ‘egin bedi gizona’, esan ebana legez: ‘egin bedi zerua, egin bedi lurra, egin bedi argia’, ezpada ifiniko balitz legez pensetan, zelan atera leian bere eskuetatik, orduraiño egin eban gauzarik andiena, obeena eta miragarriena” (P. Astarloa UD I).

Denpora marken lehia: artean # gino / -raino

Denpora eremuan arte nagusitzen joan da, baina batzuetan –ino/-raino atzizkiaz indarturik, arteraino itxurapean.

Halan, noiz itaun-adberbioaz, aldi baten nozgino ohikoa zanaren lekuan noiz arte era joan da nagusitzen, baina erdibideko arteraino be indarrean dala hizkera askotan. Mogelenean daukagu erdibide horren lekuko egoki bat: “Nos arteraino eukiko gaitu ain lotu ta makal?” (Peru Abarka).

Olaetxearen hurrengo pasarte hau be gino eta arte/artean marken bizikidetzaren lekuko agiria dogu: “Graziak emoten deutsudaz, neure jaun andia, kriadu nozulako, kristinau egin eta Jesukristoen odol preziosoagaz erredimidu nozulako, orain artean konserbau eta gorde nozulako, eta oraingino zeure esku santuetarik artu dodazan benefizio, mesede ta ondasun guztiagaiti.” (Olaetxea 1763, 5)

Iturriko

2019-04-21

Pazko eguna