Dakienak dakiHizkuntza

GogoanGO dozu!

Posted on

Bizkaieraren Atari honetan birritan jardun dogu izan eta edun aditz askotarakoen inguruan eregitako lokuzinoez: lotsa izan eredukoez (2017-12-29) eta damu izan eredukoez (2018-01-05).

Eredu honeezazko aditz lokuzinoen gertakizun aspektuaz ugaritu nahi genduke zerbait, aurretik esandakoen gainera, berariaz goiburutzat hautu dogun Gogoango dozu egiturakoez. 2018-01-05eko izkribuan honangoa idatzi genduan: Baina badira, gaur gitxiago entzunak izan arren, tradizinoan horrexetara eregi izan diran beste batzuk be gertakizun aspekturako. Ezagunen artean, agiriko, damuko, zorko, hobeko, gogoango eta gitxi batzuk.

Agirikoa da, izen-adjektiboaren gainean eregitako aditz lokuzinoetariko batzuetan gertakizun aspektua markatzeko daukagun egitura bikoiztasuna: balio izango/balioko, behar izango/beharko, ahal izango/ahalko eta hainbat gehiago. Eredu orokorra, guztientzakoa, izango tartekatzea da, eta eredu murriztua, izenkiari ko atzizkia zuzenean eranstea: gurako, nahiko. Bigarren eredu honetakoez zehetasun batzuk emotera gatoz oraingoan.

Badira forma batzuk, aldi zaharretan ohikoagoak zirudienak, gaur ezabatutzat joten ditugunak. RS atsotitz bilduman 430. zenbakiaz agiri dan honetan, Ongo dot oera afaltzaga, / jagiterren zor baga, zaharkitutzat joko genduke ongo hitza, on adjektiboaz eta ko (-ngo) gertakizun atzizkiaz eregia, eta on izango erara berridatziko genduke.

Baina on izan aditz lokuzinoaren konparatiboa dan hobe izan (hoba izan), -ko gertakizun atzikiaz, askoz normalagoa izan dogu oraintsura arte. Gaur egun nagusi darabilgun hobe izango da egituraren aldamenean, hobeko dozu erakoa be ez jaku horren bakana begitantzen; klasikoa bai, baina ez arkaikoa. Mogelen adibide bigaz bereiziko ditut bata eta bestea:

Hobeko dozu: Obeko dozu jan ta bakean itxi alango ordi galtzailla bati

Hobe izango da: obe izango da leenago mandatu bat bialdutea

Gertakizun aspektua markatzeko era biak onartzen ditue on izan eta hobe izan aditz lokuzinoek, baina ongo eta hobeko beti agiri dira izan laguntzailea alokutiboa dala. Honetariko banaketa datza azpian: On(a) izango da / Ongo dozu batetik, eta hobe izango da / hobeko dozu bestetik.

Gogoan izan dogu beste aditz multzo bitxietariko bat, ko atzizkia zuzen jaso izan dauenetarikoa, gogoango gertakizun aspetua garatzeko. Gogoango dozu ereduko formak garatu eta erabili izan dira, gogoan izango dogu eredu erregularren ondoan. Eredu bien bizikidetza gertatu da hizkera batzuetan, baina esangura banangoak dituela moduren baten. Gogoan izango dogu esanguraz neutroa da: akorduan, gomutan izan, oroit izan. Baina gogoango dozu, esanguraz markatuagoa da: solaskideari arreta, abertentzia, aholku zorrotz eta batzuetan mehatxu antzekoa adierazoteko erabili izan dabe hiztunek. Gogoan izango dozu hiztunen artean bizirik eta indarrean dagoan arren, nekez esan daiteke hori gogoango dozu esapideaz. Idazle klasikoen bidez jaso dogu batik bat, eta Mogel eta Markinako eskolakoei esker batez be. Mogel dogu berorren lekukorik seguruena. Peru Abarka-ren Nomenclatura-n jaso dauen adibidea adierazkortasun handikoa da, batetik hitanoz emona datorrelako, mehatxu indarra bizitu guran edo, eta bestetik gaztelaniazko itzulpenak damaigun argibideagaitik: Gogoango deuat, deunat, o deutsut: no te lo echar en olvido: amenaza. Idazle beronek alegien bilduman dakarzan beste adibideok be, alkarrizketa ingurunean emonak, eta hasarre giroa darioenak, bide beretsutik datoz. Mehatxu giroa nagusi batzuetan: Gogoango dok niri bazkaria ukatua eta baina gogoango eutseela bizitzea kendu gura eutsenai. Damutu, akorduan euki esangurea, baina amenazurik ez, beste batzuetan: ta gogoango dozu nozbait nire esanak ez egina.

Behar izan, gura izan eta nahi izan, ahal izan eta ezin izan, modu-aditzak edo aditz modalak deritxegun horreek dira ko zuzen hartzen edo onartzen daben beste sailtxu bat.

Behar izan aditzaz: Beharko dogu jakin zelan jokatu edota Laguntasuna beharko dogu ereduak ditugu. Aldi batez gramatikari batzuk behar izango bultzatzen hobestekotzat, baina hiztunen eta tradizino idatziaren erabilerez ohartuta, beharko erabiltea gomendatuko genduke, bestea txarretsi barik. Mogelen esaldi hau lekuko: osatuteko bearko zenduke bere ulea.

Gura izan eta nahi izan aditz multzoen kasua be aurrekoaren berbera edo antzekoa da. Gurako neuke edo nahiko neuke zurekin hitz egin egitura genduke batetik, eta ez dau gurako, ez leuke nahiko bestetik. Baina gura izango dau eta nahi izango dau perifrasiak be aintzat eta ontzat hatzen dirala.

Ahal izan gertakizun aspektuaz darabilgunean, Iparraldean ahalko da, ahalko du guztiz naturalak dira, bakarrean zein beste aditz bati laguntzen. Hegoaldeko hizkeretan, sartalde zein erdikoetan batez be, ahal izango ohi darabilgu huts handi barik. Esan ahal izango dozu zuzen jokatu zenduala.
Ezin izan lokuzinoari jagokonez, bietara da erabilia: ezingo dozu eta ezin izango dozu. Bai berbaz, bai idatzizko tradizinoz.

Bizi izan aditz multzoa dogu ko atzizkia zuzen erantsita gehienetan darabilgun beste eredu bat. Erlijino giroko esaldi ezagun hau izan bedi lekuko, hau be Mogelenetik jasoa: pekatariak egiten badau bere pekatu guztien penitenzia neure aginduak gordeten dituala, ta badaroa aurreruntean bizitza zuzen ta garbi bat, biziko da ta ez ilgo. Erabilera nagusi horrek ez dau kentzen bizi izango be erabilgarri ez danik.

Uste dan baino gehiago luzatu daiteke gertakizun aspektua ko izenkiari zuzen erantsita onartzen daben aditz multzoen zerrendea, baina gaurkoz honetan itxiko dogu idatzi hau. Hurrengoan gehiago.

Iturriko
2018-04-27