Dakienak dakiHizkuntza

Graduatzaile berbazko, klasiko eta beste txikietariko batzuk. Banan-banango zehaztapena

Posted on

0. Aurkezpena

Graduatzaile nagusiak –oso, guztiz…– bazter lagata be, beste hainbat graduatzaile dira, batzuk tradizino zahar eta klasikoan oihartzuna izan dabenak, beste batzuk berbaz bizitasun handia dabenak, baina orohar gaur egungo euskerazko idazkuntzan apalago agiri diranak.

Graduatzaileen zerrenda luze horretatik batzu-batzuetara zuzenduko dogu begia, argibide zehe batzuk emoteko: berbaz erabiliagoak diranetara, zahar eta klasiko berezietara, adjektibo graduatzaileetara eta adberbio graduatzaile batzuetara.

1. Ahozkotasunean murgil dabiltzan graduatzaileak

Berbaz sarri entzuten diran graduatzaileak badira, mailegu-jatorria dabenak. Eta erdal jatorriko maileguen ugaritasuna da deigarria. Izan be, indar apartekoa irabazten dabe euskeraz kanpotiko graduatzaileok, adierazkortasun handiagoa. Halantxe sartu eta lekutu dira euskeran sano, entero, total, demasa, dezente eta beste horreetariko batzuk.

Sano bizkaiera sartaldean entzuten da gehien (Arratia, Nerbioialde, Txorierri, Uribe-kosta…). Adberbioakaz sarri: sano ondo, sano txarto, sano pozik, sano gustura. Adjektiboakaz, baina gitxiago: sano polita, sano gaztea. Eta aditzakaz be: Sano gustau jatan kontzertua. Berbaz entzundako esaldi bi: “Ikusi dogun pelikulea sano polita izan da”. “Taberna horretan sano ondo bazkaltan da”.

Entero marka gaurko berbetatik aldendua edo erdi galdua dagoala esan lei. Baina ez hain aspaldira arte, bertso generoan batez be, behin edo behin erabilten izan da graduatzaile hori.

Bizkaierazko klasikoen artean ondo lekukotua dogu, urria izan arren. Mogelenean, entero eta txito biak batera be agiri dira inoiz: “Gauza entero txito errukarria / astoari inok ez eukitea errukia” (Ipuinak). Añibarrorenean adberbioa graduatzen: “Jueza izango da entero ziur” (Esku librua). Frai Bartolomerenean, besteak beste asko zenbatzailea graduatzen: “Ezkondubarri entero asko edo guztia balio deutseenak” (Ikasik. III).

Herri-literaturan eta bertsogintzan, bizkaieraz zein gipuzkeraz, honetariko testigantzak ezagunak dira, ez ugariak baina: “Entero dagopoz” (Durangoko zidarginak). Xenpelarren hurrengo honetan puntua osatzen agiri da, aditzaren ondoren, bertso ahapaldi amaieran: “Biotz onekoa da entero”. Eta Etxagarairena hurrengo hau:  “Lorez eta belarrez / entero beteak”( Echag 62). Adizlagun bategazko eredu hau eskeintzen deusku Arana jesulagunak: “Entero asieratik. ‘Muy desde el principio’.” (AranSIgn 34).

Dezente. Adjektiboa, adberbioa edo zenbatzailea izan ahal izateaz gainera, graduatzaile zereginetan be azaltzen da berbaz behin baino sarriago, ‘nahikoa’ erdi mailakoaren hurreko graduatze-balioaz: Dezente ona da. Dezente ikasi dau euskera. Maila kolokialean erabilteko gehiago da, eredu landuan baino.

Total be, graduatzaile modura, kolokiala da gehiago literatura landukoa baino. Ahozkotasunetik hurreko idazle batzuk erabili izan dabe horraitino. Hori da Imanol Berriatua elantxobetarraren kasua: “Gure patroiak total ondo egin dau maniobrea”. “Euren ustez, euren euskerea ona da, total ona, biziteko eta gizon modernoak izateko balio deutselako” (Bermeo).

Demasa. Ondarroako berbetan entzuten da berariaz. Adberbio funtzinoaz erabilten da itxuraz, baina maila semantikoan graduatzaile papera beteten dau zeharo. Hara adibide batzuk: Hori gantzero demasa da (Hori tipo arraroa da). Gerri-estu demasa da gure umi (Gure umea oso gerri argalekoa da) (Josu Arrizabalagak baturiko esaldiak).

Euskal jatorrikoak izan ohi dira beste batzuk, baina esangura-indar handia daben adjektibo edo adberbio jatorrikoak. Hatarikoak dira izugarri, arrunt, biziki, zeharo eta beste gehiago.

Izugarri, erdialdeko hizkeretan oihartzun handiko marka bihurtu da.

2. Klasikotasun edo zahar taiukoak

Txito

Bizkaieraz txito, gipuzkeraz txit, marka klasikoak dira gaur egungoak baino gehiago, baina ez dira guztiz aldendu hizkera bizitik. Literatura modernoan apenas dira erabiliak, bertsotan edo ez bada. Sarritan entzun izan dogu txit lerro amaieran, puntua hornitzeko eraz etorrelako zait, dakit eta halako berbakaz.

Tint

Graduatzaile klasikoa berez, sartalde euskerakoa, eta bakan erabilia bestetik. Mogel markinarra dogu berau darabilen lehenengoetarikoa, eta berak be mehatz. Txito, guztiz eta errime emoten ditu bere idatzietan sinonimotzat. Mogelen lekukotasuna, aditz partizipioari eragiten: “Izan zan tint edo irme persegidua ta gorrotaua” (Krist.Erakuspena).

J. Mateo Zabalak be behin edo behin badarabil. Behin aditz partizipioari eragiten eta beste behin adjektiboari: “Zaldi arroa, bitxiz ta zirarrez / tint apaindua” (Ipuinak), “Zan une baten gerra tin itzal bat / españarrakaz frantzesen artean.” (Ipuinak).

Oraintsuagokoa da Domingo Agirreren testigantza: “Zuk agindu ta egiteko bere gauza tint andia ez da” (Auñemendiko lorea).

Utra

Aldaeratzat ultra be agiri da inoiz.

Graduatzaile hau sartaldeko euskerakoa da, baina ekialdeko bizkaieran dago lekukotua: Arabakoan (Lazarraga), Durangaldekoan (Kapanaga) eta Deba goienekoan (Garibai). Guztiz arkaikotzat jo behar da gehiago, klasikotzat baino.

Lazarragarenean guztiz ugaria da; graduatzaile marka nagusia. Honen testigantzak, izen-adjektibodun sintagmen, adjektiboen, adberbioen edo, partizipioen aurrean agiri diranak ditugu: “artu eben biguelea eta utra boz amorosoaz asi zan manera onetan kantaeta[n]”; “utra tristerik”; “Sirena utra birtute andizkoa, egizu silenziaz eskutxadu”; “zegaiti zan utra keridua bere ugazabaren etsean”. Baita be aditzaren aurrera erakarririk be: «Oi, zuen gatxok / utra dakust nik klaruan».

Kapanaga mañariarrak be antz-antzean darabil: “zerren egon zan utra berandugino bere erruz”; “utra urrin bizi ezpada” (124). Ultra aldaera, mailegu itxura osoagoa dauena, be badarabil: “ea saldu eban difuntuen gauzarik menos preziotan, eta balio eban baiño ultra gitxiagotan” (Dotrinea).

Lekukotasunik politena, beharbada, Garibai historiagileak bere errefrau bilduma barruan dakarren hau izan daiteke: “Gizon utra ederra, geiaenean alperra. «Hombre muy mucho hermoso, por la mayor parte baldío y ocioso”.

3. Adjektiboak graduatzaile

Asko, huts, garbi, galant eta beste horrelako gitxi batzuk, funtzino sintaktikoz adjektibo gardenak diranak, sarri be sarri beste adjektibo (edo izen, edo adberbio) batzuen hanpatzaile eta aupatzaile bihurturik erabilten dira.

Asko zenbatzailea oinarri dala: eder askoa da, ondo asko pasau genduan eta abar.

Huts adjektiboaz, edota izenaz: Guzur hutsa zara, gizontxua! Nerbio hutsa da mutil hori! Barritsu hutsa da.

Garbi, adberbio funtzinoan, mugatzaile barik, asko erabilia da sartaldeko berbakeretan, guztiz, zeharo, erabat marken balio hurrekoaz. Aditza graduatzen agiri da ia beti, eta –ta markadun aditz partizipio adberbialak, batez be. Beronen sintaxi-posizinoa, aditz aurrekoa. Ahozkotik jasoriko adibideak izan leitekez: Garbi ustelduta dago Errusiako administrazinoa. Garbi edanda topau eben. Garbi engainatuta geratu naz. Garbi ondatuta parau naz euriagaz.

Galant, adjektibo eta izen batzuen hanpatzaile lez erabilten da sarri, baina batez be balio gaitzesgarriaz, ezeztapen sundako esaldietan.

Adjektibo baten graduatzaile adjektibo lez erabilten dogu batez be euskera modernoan. Sintaxi bigaz. Batzuetan, sintagma berean: Txarri galanta da! Beste batzuetan, aposizinoan: Ha da kokoloa galanta! Beste batzuetan ordena libreagoz: Zantarra da ha, galanta!

Izen baten graduatzaile be izan leiteke. Izenagaz sintagma berean: Mozkor galanta atrapau genduan! Egitura libreagoan: Arpegia dauka harek galanta!

4. Adberbio kategoriako graduatzaile bereziak

Baten

Bat zenbatzailea -n inesibo zaharraz sarri erabilia da, batez be berbaz, perpausako osagai jakinei enfasi berezia emoteko. Perpaus barruan, baten markak, eragina euki lei osagai diferenteetan: izenlaguna, aditzondoa, aditza edota izena bera. Baten txertatzeaz, perpausa harridurazko edo hanpatu erako bihurtzen da sarritan. Eta graduatzea, goranzkoa izaten da beti.

Perpausan kokagune libre samarra euki ohi dau baten graduatzaileak:

– Atze-posizinoa gordeten dau batzuetan, aditzaren ostekoa. Halan: “Polita da baten!”. “Gaiztoa da baten!”.

Aditzik agiri ezta be, atze-posizino hori berezkoa da ordena aldetik: “Gustora baten egon naz zuokin”.

– Baina adierazkortasun handiko marka danez, hitz fokalizatua zelanbait, aditz aurrera ekarten da beste askotan. Halan: “Zuen umea, baten da polita, gero!”. “Subertea dinozu? Baten euki dogu subertea oraingoan!”. “Berandu bakarrik? Baten zatoz berandu, bai! Honeek ez dira orduak etxera etorteko!”. “Subertea euki dinozu? Baten euki dogu subertea, umeak hain finak urteteagaz”.

Aditza eliditzen danean be jagoten da aurre-posizino hori: “Izango ez da ona, ba! Baten ona!”.

Egitura finko antzekoetan darabilgu beste batzuetan. Halangoak dira: Aitaren baten. Apur baten. Arin baten. Laster baten. Pitin baten. Polito baten. Saltu baten. Zati baten edo Behin zati baten. Ziztada baten. Esaldi barruan erabilirik: “Negar baten hasi zan”. “Ederto baten bizi gara!”.

Biziro

Adberbio hau, ekialdean biziki sinonimoa graduatzaile funtzinoan kide oparoagoa dauena, gipuzkera eremuan garatu da aldi modernoan graduatzaile gisa. Iparragirreren bertso atal ezaguna: “Zibilak esan naute / biziro egoki, Tolosan behar dala / gauza erabaki” (Iparragirre). “Zapatariak ditu / biziro sendoak / bota ederrak merke / eta modakoak” (Xenpelar).

Erabat

Aditzondo honek tradizino klasikoan oihartzun ahula euki dau graduatzaile-kategoria gisa, eta ia beti aditzari eragiten erabilirik. Aldi modernoan, erdialdeko hiztunen artean batez be, askoz hedatuagoa eta ugariagoa agiri da, eta beronen sintaxi-esparrua be zabalagoa: adberbio eta adjektiboekin be ugari erabilia da.

Lardizabal dogu tradizinoko lekuko agirienetakoa: “Beragatik emengo berriai erabat utzita, Antiokiako elizari eta jentillen apostolu Saulori garraizkion” (Testamentu Berriko Kondaira). Damaso Inzaren lekukotasun bat: “Orduntxe garaituak izan ziralako erabat […] moruak Españan” (Azalpena).

Itzel

Adjektibo eta adberbio hanpatzaile izan ohi da sartalde euskeran leku askotan. Eta hortik graduatzaile funtzinora be hedatu da. Aditzen graduatzaile bihurtu da batetik; itzel era soilaz, edo itzelean inesiboa be bai: “Itzel zahartu da urte gitxian.” Eta adberbio eta adjektiboen graduatzaile hurrengo: “Itzel ondo portau da gugaz”. “Itzel polita da soineko barria”. Izen baten graduatzaile be bihurtu da itzelezko adnominalaren bitartez: “Itzelezko indarra dauka”.

Moduz

Adberbio honek be, ordena libre samarraz, graduatzaile egiteko garbiak ditu berbakera batzuetan. Esanguraz antzekoak: guztiz, itzelean, zeharo. Ekialdeko bizkaieran dau erabilerarik garbiena. Halan: Euria moduz egin dau! Edurra moduz da. (Lekeition entzunak). Markinaldean be asko entzuten dan adberbio graduatzailea. “Argiak dira horreek mutilok, baina moduz!” (Miloigan. Jabier Kalzakorta).

Ondo

Adberbio honek graduatzaile ohikoen sintaxi-ordenak beregandu ditu, eta eragiten deutsan adjektiboaren –eta batzuetan adberbioaren– aurretxoan ipinirik azaldu ohi da.

Berbaz bizitasun handia dauka gaur egun, tradizino idatziak erakusten dauen baino askoz handiagoa. Adjektiboei dautsela: “Gizon hori ondo popularra izan da.” “Neskatoa be ondo polita topau dau, gero!”. Adberbio funtzinoko adjektiboakaz bardin: “Gizonaren asmoakaz ondo jakitun egoan andrea”. “Atera ezin inondik inora. Ondo sakon egon da, gero!” “Ondo formal zabilz aspaldion!” Adberbio garbiakaz: “Hilda esan dozu? Ondo bizirik dago hori”. Aditz partizipio adberbialakaz: “Atea ondo zarratuta euki dau, badaezpadan inork entzun edo barruntau ez daian”.

Bada esaera finko polit bat, ondo graduatzailea adjektiboari eragiten agiri dana, gure artean polito entzuten dana: “Osasuna, bakea, ta lapiko ondo betea” (Lezama. Pedro M. Goikoetxea).

Literatura klasikoan be lekukotza sendoa dauka, sartaldekoan behinik behin. Añibarroren testigantza bi. Bata, izen-adjektibodun adizlagun bati eragiten, aurretik ipinita: “Zure onerako beste baga, ta beste erderarik eztakienentzat artu dot, ta ondo gogo onaz, lan-neke labur au” (Esku-librua). Bestea, zenbatzaile bati eragiten: “Ondo gitxi esketan deust Jangoikoak, salbatu nadin” (Esku-librua).

Mogelen idatzietan guztiz ugaria da ondo graduatzailearen erabilera. Batzuetan adjektibo-sintagma baten aurrean: “Maisua, ondo milika ta buperea zagoz” (Peru Abarka), “ez dala edozelangoa, ta bai ondo bizia” (JAMog PAb 106), “ta zapoa ondo zabala da” (JAMog PAb 119). Beste batzuetan izen-adjektiboz osoturiko sintagma barruan: “ladrillu edo teilla ondo gogortu ta errea” (Konfesino ona), “eroriko dira ifernuko osin ondo sakonean” (Konfesio ta Komunio), “emango det itz ondo zolia” (Erakasle euskalduna).

Oraintsuagokoa dogu Domingo Agirreren testigantza: “Bazan, ba, beste bat ere ondo bihotzetik Malentxo maitatzen zuana” (Garoa).

Oraingoz honenbestean itxiko dogu arloa.

Iturriko

2019-05-31