Dakienak dakiHizkuntza

Graduatzaile kategoria marka solteak.
Ezaugarri nagusiak

Posted on

0. Aurkezpena

Graduatzaile izenaz ezagutzen dira gramatikan, norbaiten edo zerbaiten kualidadea, izaera edo egoera «graduatzeko» edo mailakatzeko erabilten diran hitz, atzizki, sintaxi-egitura eta bestelako marka batzuk.

Sarriroen adjektibo eta adberbio kategorietako hitzen graduatzea jazoten da. Izan be, zelakoa izatearen edo kualidadearen adierazle diran adjektiboen zelakotasun hori neurtu egiten da sarritan, gehienetan gorantz, beste batzuetan erdirantz, eta gitxiagotan beherantz edo ezeztapenerantz; eta zelan egotearen kualidadea be neurtu egiten da sarri –graduatu edo mailakatu, beste berbaz esanda–, parametro bardintsuakaz.

Baina badira beste kategoria batzuetako hitzak be gitxi-asko neurgarri diranak; ez guztiak, baina bai batzuk. Izen kategoriako hitzak, batez be kualidade adierazle diranean; aditz kategoriakoak, prozesu edo jardueraren aurrerabidea neurtzeko; bizitasun edo bizkortasun kontuan batez be; zenbatzaile kategoriako batzuk, kopuru zehaztubako bati neurria hartzeko, batez be; eta, azkenez, enparaduko kategoria batzuk be badira, era murriztuagoan eta laburrago graduatu ohi diranak.

Graduatzaile marka solteen artean gaur egun euskera idatzian nagusi agiri diranak, hurrengo honeek dirala esan leiteke. Goranzko graduatzaileen artean oso da, beharbada, indartsuen dabilena, tradizinoan guztiz hitzak euki dauen nagusitasunari lekua kenduta. Erdibideko graduatzaileen artean nahiko ondo ezaguna dogu. Berbeta mailan, dana dala, errealidade askoz sakabanatuagoa dogu, leku batetik bestera diferentzia handiak gertatzen dirala.

Graduatzaileen edo graduatzeko baliabideen ugaritasunaz eta aniztasunaz oharturik, idatzi honetan muga batzuen barrura zedarrituko dogu gaia: graduatzaile solteak; adberbio jatorriko markak aurrerengo dirala. Sartaldeko tradizino idatzian erabili izan diranei erreparatuko deutsegu gehiago, baina berbaz indarrean dagozan ezagunenei be aitamentxua eginez.

Banan-banan deskribatzea baino gehiago, piloan eta bata-besteagaz dituen ezaugarriak zertzelatuko ditugu ahaleginez oraingoan.

1. Graduatzaileen aipua idazle batzuetan

Latineko gramatiketan oinarriturik aitatu izan dabe euskal gramatikari batzuek graduatzaileen gai hau, zuzen edo zeharka, euren lanetan.

Larramendik bere Arte de la lengua bascongada-n (1729, 269-272), konparatze-egiturakaz batera aitatzen ditu graduatzaile solte nagusiak; berariaz txit eta txitez, guztiz eta guziz, eta anitz ekialdekoa eurakaz batera.

Gerorago, Kardaberazek Euskeraren Berri Onak saioan idatzirik dakarrena, berak superlatiboa deritxona, guztiz jakingarria da. Hara zelan azaltzen dauen gaia, latin gramatikan superlatiboa deritxon puntuaz diharduela:

“IV. Latinez Superlatiboa, ta euskeraz Guzizko edo Txitezko izena deritzana guk era bitan degu. Bata itz batekoa, ta bestea bikoa. Itz birekin egiten danak adberbio oiek: TXIT, TXITEZ, GUZTIZ edo GUZIZ daramazki: txit ona, txitez santua, guztiz ederra, guziz galanta. Itz bateko Superlatiboa, Izen bakoitzari EN bere ondoren erantsiaz egiten da. Onena, santuena, ederrena, galantena, Jaungoiko Onena, Andiena, Deus O. M. Latinak bezala, esan diteke; baita Gizonen andiena, guzien artean santuena ere. Ederrissimo, galantissimo ta onelakorik Euskerak eztu.” (Berri Onak).

Mogel hizkuntza-arduratsuak be, Peru Abarka berba-jardunen sarrerako Prologo dalakoan gai beroni daragoio 13. paragrafoan:

“13. El vascongado tiene los grados de positivo, comparativo, superlativo y al que yo llamaría sobre-superlativo. Ejemplos:

PositivoComparativoSuperlativoSobre-superlativo
OnaObea o onagoaTxito, tint, guztiz ona
o on-ona
Onegia
DongiaDongagoaTxito, tint, guztiz dongea,
donga-dongea
Dongegia

Yo no conozco otro comparativo irregular en nuestro idioma, sino obea, y los demás se forman con una regla muy fácil con sencillas adiciones hechas al positivo. Tiene cuatro signos de superlativos; pero sabiendo el positivo con sola una lección se aprende el método de formarlos. Decimos: gizon au da txito ona, o tint ona, o guztiz ona, o on-ona. Hombre hermosísimo, eder-ederra. Como si dijera en versión literal, hermoso hermoso. Esto disuena en el castellano, pero no en el idiotismo del vascuence. Yo no puedo dar razón de lo que se usa en muchísimas de las lenguas, pero en las pocas que comprendo o semi-comprendo no hallo este sobresuperlativo tan delicado y expresivo: onegia, gaiztoegia…” (Peru Abarka. Prólogo).

Azkuek Morfología-n “Adverbios de Modo” atalean labur aurkezten ditu graduatzaileak: “Hay otros adjetivos que se usan como si fueran modales de otros vocablos de su categoría, como latz ederra muy hermoso, oso ona muy bueno, lar andia demasiado grande” (462).

2. Sintaxi ezaugarri batzuk

Marka lagungarriak dira sintaxiaren aldetik perpaus eta sintagma barruan. Ez ohi dauke eragin zuzenik sintagma baten funtsezko osaeran: izen sintagma edo adjektibo sintagma bati laguntzen deutsenean, graduatzailea sartzeak ez dau eragiten morfologiaren aldetik ezelako aldakuntzarik sintagma horretan.

Adjektibo sintagma bat eta aditzaz horniduriko esaldian (edo esaldi txatalean) eder izatea edo edertasuna mailakatu gura badogu, era diferenteak ditugu horretarako: guztiz ederra da, oso ederra da, eder ederra da izan leitekez ezagun antzeko hiru. Baina graduatze-markaren txertakuntzak ez dauka eraginik adjektibo sintagma horretan: ederrA da. Txarto nabil esaldian, graduatzailea txertatu ezkero, esan geinke: Erdi txarto nabil, bape txarto ez nabil, guztiz txarto be ez nabil… Ez dauka adberbio sintagmaren egituran aparteko aldakuntzarik, ezpada erdi, bape, guztiz graduatzaileak aurrean ipintea.

Konparatze-markak atzizki bidez egiten diraneko alderdia ez dogu hemen ikutuko (-ago, -en, -egi). Bestelako sintaxi baldintzak eskatzen ditue atzizkiok eta euron sintagmak (beste idatzi baterako gaia).

3. Non kokaturik erabilten diran perpausan

Adjektibo edo adberbioen –edo bestelako kategorien– lagun diranean graduatzaileok, honeen aurretxuan ipinirik agiri ohi dira, gehien-gehienetan behintzat. Halan: guztiz ona, txito ondo, oso erraz, biziki ederra, arras indartsua, arrunt egokia, sano bizkorra… Graduatzen dan edo eragiten deutsan hitzaren aurrean ipintea da ordena neutroa. Eta Larramendik berak, ildo horretan, honako adibideak eskeintzen deuskuz: txit ederra, txitez andia, guztiz gozoa, guziz samina, anitz gezurtia.

Baina hurrengo paragrafoan bertan, ordena libreagoa autortzen deutse graduatzaile solteoi: “se debe notar que estos adverbios se pueden anteponer o posponer al positivo, ederra txit, andia txitez” (Arte 1729, 271).

Kokagunea ez da guzti-guztian librea, baina egonleku bat baino gehiago onartzen ditu, hiztunaren edo erabiltzailearen adierazpide preminen arabera.

Izen-adjektibodun izen sintagma barruan

Izen-adjektibo multzoa daukagunean sintagman, eta graduatzailea sintagma horretan txertatu nahi danean, tradizinoz ezagutu dogun ordena printzipala, erdian ipintea izan da. Eta ordena horixe jagoten da hondino be formula batzuetan: gutun-idazkien buruan, Jaun txit gorena legezko formulak darabilguzanean, esaterako. Baina transmisinoz euskera sendoa ezagutu dabenen ezpanetan ordena horretako segidak entzuteak be ez deusku mira egin behar: Mutil guztiz zintzoa. Berbeta txito aberatsa. Nobela guztiz atsegina. Lapiko ondo betea. Edo beste gradu-maila batekoetan: Paraje nahiko ezagunak. Pertsonaje erdi badaezpadakoa. Edo ezezkako graduatzailea bategaz: Bizimodu ez txarra.

Tradizino idatzian, klasikoan batez be, ordena hau askoz ugariago erabilia da hondino. Mogelen eskutik, hara txito graduatzaileaz eihotako adibideok: “Mintz txito mee ta etenerraza”, “esaeuskun ipuin txito eder, abade batek imini ebana” (Peru Abarka). Bietan dakusku txito izen-adjektiboen erdian lekuturik. Oraintsuagora etorrita, Domingo Agirrek behin edo behin: “Zuk agindu ta egiteko bere gauza tint andia ez da” (Auñemendiko Lorea).

Euskera modernoan, izen-adjektibo multzo osoaren aurrean ipinteko joerea indartu eta nagusitu da; ez beharbada, graduatzaile-marka guztiakaz, baina bai erabilienakaz. Halan, sano eta oso marken bidez: Sano egoera larrian egoan. Oso jentemodu eskasa begitandu jakun. Edo nahiko markaren bidez: Nahiko portakizun ona euki dau.

Adberbio eta beste kategoria batzukaz be aurre kokagune hori nagusi da. Beti adberbioaz, ia beti. Gordin-egaz erdi gordin. Pozik adberbioaz poz-pozik, nahiko pozik, entero pozik.

Aditz partizipio adberbiala, edanda, erraz graduatu geinke, polito edanda, erdi edanda, zeharo edanda, erabat edanda edo edan-edan eginda ereduko egiturakaz.

Aurrerengo kokagunea

Esaldiko aditzaren aurrera ekarririk darabilguz graduatzaileak, batez be batzuk, enfatizatze apartekoa eransten jakenean.

Hain graduatzaile konparagarria dogu horreetariko bat. Gogoratu harako balada zaharreko ahapaldia, Frantzia-kortekoa deritxonean: “Hain da polita eze, neure emaztea, lastima emoten deustala, hori beharrori e(g)itea”. Baina, hain urrun joan barik, berbeta zehean be guztiz normalak dira horretarikoak: Hain egoera txarrean sekula ez gara egon!

Baina galdetzaile diran graduatzaileak dira aditz aurreko gune horretan berez-berez ipini ohi diranak, foku izaerako tasuna dabelako, galdetzaile izateaz beragaz. Halangoak ohi dira: Zein gizon dotorea! Ze egun eguzkitsua, gero! Ze mutil kuriosoa! Zenbat bentaja handiagoa eukiko genduken! Edo poesia tanta bat gehituz: Zein diran ederrak udabarri goizak! Hain daki gitxi ze…!

Atze kokagunea

Sintagma graduatuaren eta aditzaren ostean ipinirik be erabilten dira batzuetan, adierazkortasun berezia erantsi nahirik edo, graduatzaile batzuk. Mogelek aitatzen dauen tint graduatzailea, sartaldekoa, idatziz testigantza urriak dituana eta berbaz be apenas entzuten dana, ordena honegaz idatzi eban birritan gure idazleak: “Belarri luze, apal ta makalak dituana […] gizendu ta aziko da tint”; “Emen samurtuten da tint bedar gogor au” (Peru Abarka). Eta hirugarren pasarte baten barruan argitzen deusku sinonimo batez beronen esangurea: “Izan zan tint edo irme persegidua ta gorrotaua” (Krist. Erakuspena). Hiru esaldiotan aditzaren, aditz prozesuaren graduatzaile dogu tint marka.

Gaur egungo erabileren adibide izan leitekez: Ederra da oso. Jota dago garbi. Galdua dago guztiz. Jatuna da sano. Jausita dago zeharo. Fina da guztiz. Ahaztuta daukat erabat.

4. Adberbio, adnominal, determinatzaile eta beste kategoriak graduatzaile bihurturik

Adberbioaz gainera, badira beste kategoria batzuk be graduatzaile izatera datozanak. Horreetariko kasua da adnominalena, guztizko, larreko, zelako eta beste batzuena. Zelako adnominala, itaun edo harridura esaldietan darabilgunean, izenakaz ezeze, adjektibo-adberbioakaz be erabilia da berbeta batzuetan. Durangoaldean, kasurako, sarri entzuten dira: Zelako polita! Zelako txarto! ereduko harridura-esaldiak, beste berbeta batzuetan ze marka bidez adierazoten diranak: Ze polita!, Ze ondo! Baina izen kategoria bati laguntzen, ostera, edonon erabiliko da: Zelako morroskoa! Zelaseko andrea! Larreko handia da. Guztizko sendoa zan.

Baina guztizko, adberbio baten gaineko adnominala dogu: Guztizko ederra, guztizko sendoa. Berbaz gitxi erabilia gaur egun, baina tradizino sendokoa. 

Idatzi honen edukia honenbestean itxiko dogu oraingoz.

Iturriko

2019-05-21