Dakienak dakiHizkuntza

“Gu, gerra aurrean, herri-maiteak ginan”

Posted on

Justo Mokoroa euskera-ikertzaile handi izan danari behinola entzundakoa da esaldi hori. Zer dago herri-maiteak izate horren oinean?

Gaur ‘herrizale’ edo esango gendukena. Baina Justo Mokoroak guri, Bilboko Eskolapioen Ikastetxean bere zahartzaroan egoan 80ko hamarraldi horretan adierazo gura izan euskuna beste hau zan. Gerra aurrean, Tolosako seme hau bere uri eder horretan bizi izan zan aldian, euren belaunaldikoak, abertzale izatearen barri gitxi eukiela. Bizkaitik hedatzen joian abertzale izenaren barruan emon gura zan ‘aberriaren alde’ izatearen pentsaerea baino gehiago, euren inguruko euskerazale, euskalzale eta herrizale ziranai herri-maiteak zirala. Abertzaletasuna ez egoan hondino sakon errotuta Gipuzkoako Beterrian. Baina Justo Mokoaren adierazpen hori ondo gogoan daukat. Eurak Tolosa aldean herri-maiteak zirala ‘abertzale’ baino gehiago.

Gipuzkoako hainbat hizkera eta berbeta askotan, izan be, zer-maite tipoko egitura alkartuak erabilten dira gaur egun be, beste leku askotan, eta batez be sartaldean zer-zale edo nor-zale esaten jakonaren ordez.

Herri-berbetako eredu adigarri batzuk ekarriko ditut hona:

Diru-maitea, diruzalea, ‘condicioso’ dalakoarentzat: “Zure anaia zan oso diru-maitea” (A.Apaolaza Patxiko txerren).

Etxe-maitea, ‘etxekoia, etxezalea, etxegina’ be esaten danaren baliokidetzat. Urolako Zestoan batua da honakoa: “Joxemari zana ere, Txinan hil’tzana, hain etxetik urruti, etxe-maittia zan” (Zestoarren Erretorika).

Herri-maitea, Mokoroak ‘norbere herriari zaletasun handia’ danagaitik erabili izan ebana, hainbat zabalago dabilen berbea danberez Azkueren lumaz: “Lekeitioko urian Jose Jabier Uribarren’dar bihotz handiko herri-maiteak itsas-gizonentzako ikastegia sortu ebanean” (Azkuek aitaren poesia-liburuari eginiko sarreran) (Parnaso). Edo Munitarenaz: “Gotzai herri-maite zintzo harek zenbat ondasun ekarri ote zizkien herri haiei” (–). Edo E. Erkiagarenaz: “Zu lango herri-maite asko balego” (Arranegi).

Pertsona-izenakaz be erabilten da, hurrean. Hara G. Garatek Azpeitian baturiko adjektibo alkartu polit eta ezagun bi: andra-maitea eta gizon-maitea. “Oso andre-maitea, oso gizon-maitea da” (Erdarakadak 192).

Bizkaian, Urdaibai aldean, estimadu adjektiboagazko alkarkuntzan adierazoten da kontzeptu bera; persona batzuei ‘guraizan, estimazino aparteko berezia agertzen deutsanagaitik, estimadu berbeaz alkarturik. Norbait aita-estimadua, ama-estimadua, seme-estimadua edo alaba-estimadua dalakoa, berbarako.

Adolfo Arejita