Dakienak dakiHizkuntza

HaGAZKOA konponduko dot neuk

Posted on

Euskera idatziaren erabilerari buruzko estilo liburu baten oraintsu irakurri dogu aholku bat: ‘har-ekiko‘ gutxiago, eta ‘har-enganako‘ gehiago. Eta horrek zer pentsau emon deusku; halan ete dan eta halan komeni dan.

Aurreratu daigun hasteko, harekiko horren bizkaierazko kidea hagazko dala, eta harenganako formaren kidea haganako. Bigarren honetan apenas dagoan diferentziarik, -ren- genitibo hizkia sartu edo ez sartu kenduta. Itxura aldeko zehaztasuntxu hori kenduta, esangura mailan ez dago bape alderik.

Gaurko idatzian, -agazko eta arekiko horretan zentratu gurago dogu, -aganako hori zeharbidez aitatuta.

Lege bat dago ziurra esangura alorrean: eremu semantiko murriztuagoa hartzen dabe agazko edo arekiko atzizkien bidez izen sintagma bi alkartzen diranean, -agaz edo arekin adizlagun gisa esaldian darabilguzanean baino. Balio semantiko markatuagoa eta murritzagoa gorde ohi dabe agazko eta ekiko atzizkiek, euren jatorriaz dagoan gaz eta ekin adizlagun-atzizkiek euki ohi dabena baino.

Gramatika kategoria diferenteetan eta funtzino diferenteetan erabilirik agiri dira gazko eta ekiko gure tradizinoko idatzietan.

Izenlagun kategoriarena da behinengoa, adizlagun soziatiboari ko leku-denporazko genitiboa darraiola. Halakoxeak dira, beharbada, ugarienak, bai izen bizidunakaz zein bizigabeakaz.

Beronen esangurea, batzuetan instrumentala da, berariaz izen bizigabeen gainean eregita dagoanean: uragaz egindako bateoa aditzera emoteko, uragazko bateoa sintagma konplexua garatu da: Odolezko bautismo onek bardin balio deutse persona nausiai ta umiai. Alan santa Emerenzianak, uragazko bautismua artu bagarik irago eban martirioa (Frai Bartolome). Edo atzamarragaz sagrarioko atea odoltzea adierazoteko: Sagrarioko ateari egin bear oi jakozan atzamarragazko zazpi odolduteak. (Frai Bartolome).

Bizidunakaz, pertsonakaz, laguntasun esangurea, konpainiazkoa, azaltzen da atzizki honegazko izen sintagmetan: Jesusegaz bat egitea nominalizatzeko, Jesusegazko bat egitea garatu da: Espirituzkoa ta graziazkoa da, bada, neure entzula onak, Jesusegazko bat egite arimako au. (Frai Bartolome).

Aibarroren beste eredu pare bat eskeiniko ditugu, persona biren arteko hartuemona edo lokarria adierazoteko balioaz erabiliak. Bata: Jarraitu egizuz, gaur bere, nigazko ardura alegiezkoak. Bestea, idazle honen Esku-liburua-tik jasoa, 1821eko argitaralditik, zeinetan J. Mateoren eskuaren ikutua nabaria dan: Ezkondua bazara, emen gogora eikezuz zeure lagunagazko aserrealdiak, deungaro esakaak, esku-joteak, eta onelangoak.

Pertsona-izenakaz erabiliak, eta askoz oraintsuagokoak, dira ondoko pasarteok, Lino Akesoloren luma bardinbakoak isuriak: Iztuetagazko eztabaida edo erremuzkadatxoa geroago dator, hamabi edo hamahiru urte geroago (IG, I), Azkue bere Hiztegi andia ateraten Frantzialdean zala jazo zan Aranaren heriotzea, eta Aranazale ez zan arren, Hiztegiaren barruan itxi euskun heriotzorrek emon eutsan mina, eta Aranagazko oneretxia: euskalari sakona, tamalez gazterik galdua (IG, I), Horixe zan, ta ez besterik, zuri ezarri deutsudan Azkuegazko urritasuna (IG, I).

Adjektibo kategoriako be bihurtu daiteke izen bat agazko atzizkiaren eratorkuntza bidez, eta holantxe agertu leiteke batzuetan izen baten atzean kokaturik. J. Mateo Zabalaren idatzietan behin baino sarriago agiri dan juramentu guzurragazko izen multzo erdi lexikala dogu sintaxi honen erakusgarri garbia: zeinbat juramentu guzurragazko egin daben; Beste batek dauko biraoak, aienak, juramentu guzurragazkoak botateko ekandua.

Mugatzaileaz nominalizaturik dirau beharbada biziroen atzizki bikotx honek: -agazko, mugatzaileaz -agazkoa bihurtzen dala. Eta hiztunen ezpanetan, askoz sarriago entzuten da persona-izenordain eta erakusleei dautsela, izen arruntei baino. Hau joera bat da gehiago, eta ez gramatika eskakizuna. Atzizkiaren erabilgunea murrizten doalako joera bat. Eta maila semantikoan be ezagun da balio jakin batzuetarako erabilia dala batez be. Batzar edo hitzordu baterako mandatuak egin behar badira, batek esan leio besteari: Zuk deitu urliari eta sandiari. Eta Pedrori? Ez arduratu Pedrogaz. Hagazkoa egingo dot neuk. Horren azpian sarri ardura, betebehar, enkargu edo antzeko ideiaren bat datza. Azkuek Latsibi elabarrian dakarren pasarte bat jatort erara: Paper hauxe emoiozu jaun horri ta berorrek eskuratuko deutsun erantzundakoa ekarri neuri lehenbailehen. Jaun horren izena eskutitz-azalean daukazu. Jatabera joan orduko hobeto izango da beragazkoa egitea. Hau da, beragaz bete beharreko mandatua.

Pertsona-izenei eta erakusleei loturik dauen maiztasuna aitatu dogu, azpian gizaki bategazko zerikusia datzala: zugazkoa, nigazkoa, gugazkoa, hagazkoa, horregazkoa… ugariak dira hondino be hiztunen ezpanetan, eta azpian datzan esangurea, hartu-emonaren ingurukoa izan ohi da sarri. Hagazkoa egin esapidearen azpian, hagazko zorra edo betebeharra dago batzuetan.

Izen bereziakaz be, persona-izenakaz, maiztasun handiagoz erabilia dirudi, izen arruntakaz baino. Azkuek Latsibi elabarrian dakarzan biok, esaterako: Aintzat eta ontzat hartu eutsezan osaba-lobak bere burutasun ta asmoak; ez, horregaitino, Pedro Viasegazkoa.; Zu han zaran bitartean, nik neure adiskide Ortiz de Treviogazkoa egingo dot.

Izen arruntakaz be erabilera normala ezagutu dau gure tradizinoan, Frai Bartolomeren pasarteok ondo agiri dabenez: Ogi salzailleak ta ardao salzailleak erregalu lodiakin juezagazkoa eginda, besteai nai dabeen pisu ta neurrikoa emonda, burla egin. Idazle beronen beste adibide bategaz argibidea osotuko dogu, ezkontza batzuen izaera medio dala: Dotea ez galduteagaiti, ugazabagazkoa ez galduteagaiti, andikiagazkoa ez galduteagaiti, ezkonduten da inos maite izango dabela sinistu ezin daben lagunagaz..

Adizlagun funtzinoaz gitxiagotan agiri da agazko bizkaierazko tradizinoan. Askoz ugariagoa da ekiko markaren erabilera funtzino horretan. Honen esangurea, gazt. en relacin con, en referencia a marken hurrekoa da. Frai Bartolomeren pasarteok on egiten dabe adizlagun funtzino honen erabilgarritasuna, bata izen bizidunaz, bestea bizibakoaz. Bata: Ta pensau, ea zer direan lurreko andi ta aberats guztiak Jesus zeruko erregeagazko. Bestea: Egia da, Jesukristo geure jaunagan sinistutea ta ari darraikon guztia dan legez txito barria euskereagazko, geure kristinautzako gauza barri askoren izenak bere barriak dira.

Askoz oraintsuagokoa dogun Lino Akesoloren hurrengo hau be bide berekoa dogu: Horregatik ez eban galdu Husserlek beragazko eukan ondoeritxia. (IG, II)

Gipuzkerazko tradizinoan hainbat ugariagoa da ekiko atzizkiaren adizlagun funtzinoa; ez tradizino klasikoan bakarrik, baita oraintsukoan be. Edozelan be, idazleen luman beti dario halako klasikotasun edo hizkera jasoaren sundea ekiko honi. Klasikoetara bihurtuta, atzera be Mogel eta haren idatziak dakarguz aurrera, adizlagun funtzinoaren erabilera on egitera: Ikusi ditugu leenagoko erakasteetan umeen ta gurasoen eginbide edo obligazioak alkarrekiko; Onen gaiean itzegin da leenagoko doktrian, aitatu diranean umeen obligazioak gurasoakiko.

Eratorkuntza-atzizki bihurtzeraino heldu dira kasu batzuetan, bai gazko, baina batez be ekiko, hitz barri sorkuntzan. J. A. Antonio idazlea izan genduan honetan be, lexiko-sorkuntza garapenean, aintzindarietariko bat. Guzurragazko juramentua darabil idazleak, gaztelaniaz perjurio deritxonaren ordainez: Justiziaren aurrean egin ezpadabe guzurragazko juramenturik, aurrera iragoten dira asko esamina geiago egin baga, eta korputzagazko pekatua, gaztelaniazko pecado carnal adierazoteko: Eta neskatilla serbitzaria jausi bada bein bakarrik korputzagazko pekatuan etxeko ugazaba edo semeaz, urten beiar ete dau etxe atati?. Pekatu moten artean, idazleak aitatzen dauenetariko bat sentiduekikoa da, honako pasarte honetan: ta milla lekutan erakusten da Eskritura Santuan, debekatuak daudela mutil ta neskatx utsen bekatuak ere, korputzez ez ezen, baita pensamentuz, itzez, gogoz ta sentiduekikoak ere.. Kapanaga abade maariarrak askoz lehenago finkatu eban, gaztelaniazko carnal adierazoteko, aragiagazko eratorria: zelan egin daben pekatu mortalen bat, naiz aragiagazkoa, naiz dala benganzakoa.

Idazle beronek bultzaturiko beste eratorkuntzetariko bat guztiekiko genduke, gaztelaniazko pblico adjektiboaren ordezkotzat. Hara esaldia: zerren beti dabiltza joan ta etorri, dabiltzan erri guziak berentzat dauzkeela erri egoki ta artu gabe, ta daukate ofizio publiko edo guziakikoa, ta ala egiten da obispo jaunak dakitela.

Dantza lotua edo neska-mutilen arteko baltzioa adierazoteko be mutil-neskatxekiko hitz-konposatua proposatzen deusku idazle beronek: Erakutsi bazio alabari txikitxotik, zein kaltegarriak diran ibillera, jolas, jostatze naasi mutil neskatxakikoak, gorroto artuko zien.

J. Mateo Zabalaren idatzietan be agazko atzizki bikotxaren bidez markatzen dira pekatu mota jakinak, gogoagazkoak, berbeagazkoak eta eginagazkoak, gaztelaniazko dotrinetan ezagunago jakuzanak de pensamiento, palabra y obra izendapenez. Idazlearen hitzez: jakinak jakinak legez, dudazkoak dudazkotzat, gogoagazkoak, berbeagazkoak ta eginagazkoak aintzakotzat, batek beretzat egiten dituzan legez. Autore beronek darabilzan adjektibo eratorriak dira baita, gorputzagazko eta arimagazko, gaztelaniazko corporal, espiritual kontzeptuetarako, debozinoaren izaeraz diharduala, ondoko pasartean: Debozio au modu bitakoa da, gorputzagazkoa eta arimagazkoa.

Amaiera emoteko idatzi honi, eta agazko(a) atzizkiak gaurdaino erakutsi dauen bizitasuna erakusteko, zer hobarik herri-jakintza barrutiko esaera bat hona ekartea baino. Arratia aldean edo entzuniko esaera bat dogu, ezkontza moten kontura urlia batek emoniko epaia. Edadeko lekuko baten esanean, hiru ezkontza mota ei dagoz: Gaztea gazteagazkoa, jainkozkoa. Zaharra gazteagazkoa, deabruzkoa. Zaharra zaharragazkoa, mokordoa. Halan bazan, ez bazan, sartu bedi kalabazan, eta urten daiala Derioko plazan. Beti ez da holan izango, segurutik, baina esakera zahar horretan sendo eta zindo erabilirik agiri dira agazko guztiak.

Iturriko
2018-04-06