Dakienak dakiHizkuntza

“Hareek bat izango dira gero be. Zu kanpokoa zara”. Zer esan gura dau esakune horretan ‘bat izan’ aditz multzoak?

Posted on

Batzan iraungo dabela dan egoerarik txarrenean be, senide, odoleko edo etxekoarteko diran horreek. Bat izatea pertsona bi edo gehiago, ingurune horretan, bat egingo dabela esatea legetxe da: kanpoan beste itxura bat erakutsi arren be, barru-barruan ‘bat eginda’ eutsiko deutsiela.

Labayru Hiztegiak, goiko horrezaz aparte, beste adiera biok damaiguz bat izan lokuzinoarenak:

a) ‘eretxi bereko izan’, ‘alkarregaz bat egin’. Adibidea: “Txarkeriak egiteko beti dira bat, bihurri horreek: Siempre se ponen de acuerdo para hacer trastadas; ¡mira que son traviesos!”.

b) ‘gauza bera izan’, ‘bat eta bera izan’. Adibidea: “Zuk esan dozuna eta nik esan gura izan dodana bat da: Lo que tú has dicho y lo que yo he querido decir es lo mismo”. Adiera hauxe dala zabal ezagunena esan daiteke. Hara Azkueren testigantza bat: “Agerraldia ta erderazko capítulo (baita escena bere) bat dira” (Euskalzale 1897).

Natorren atzera gorengo adiera horretara. Bakan edo nekez irakurten da esangura horregaz. Baina berbaz esan, sartaldean behintzat, uste baino hainbat sarriago egiten da. Indar handiko esamodua, edozelan be. Esakuntza ezagun baten haritik: Ez zaitez odolekoen artean sartu, ze azkenean eta azkenean be horreek bat dira. Alkar dira, alkarrenak dira eta alkar jagongo dabe.

Adolfo Arejita