Dakienak dakiHizkuntza

Hauspo-hotsean: zer esateko?

Posted on

Heuspotsian esaten dana ez da besterik, ‘hauspo-hotsean’ baino. Baina zer da hauspo-hotsean egiten dana? Berbaz: heuspotsian?Arin-aringa, tximistea baino arinago, britxan’ mogidu danean baten bat nora edo hara, hauspo-hotsean joan dala esan daroagu. Beste era batzuetara be entzuten da: Apatx-hotsean (apatxotsean). Astrapala-hotsean be esaten da, igeska joatea zarata eta abarrotsaz danean. Putz-hotsean be esaten da. “Herri guztia putz-hotsean igaro neban» idatzi eban J.M. Etxaburu idazle ondarroarrak (Kontuak).

Non esaten da hauspo-hotsean? Nik etxean ikasi neban txikitan, Morgan. Libe Agirrek Meñakan edo inguru horretan entzun dau. Urdaibai aldean be esaten da (Barrutian sarri entzun dot).

Etxeko berbetan ama zanari entzundako esaldi bi. Bat: “Aita gaixorik dagoala esan deutsienean, hauspo-hotsean etorri da”. Bi: “Hortik atxina joan dira hauspo-hotsean”.

Hotsean berbea atzizki modura erabilten dogu sartaldeko berbetan, izen moduan baino gehiago. Jatorriz hotsean horrek ‘hots, zarata’ esangurea dau: berba-hotsean, negar-hotsean, barre-hotsean edo tiro-hotsean. Baina hauspo-hotsean eta antzekoetan bizkortasuna, abiadura bizia, mogimentu arina adierazoteko erabilten dogu: Haize-hotsean (haizotsean). Zenteila-hotsean (zenteillotsean), edo Zuzi-hotsean (zuziotsean) berbetan, esaterako.

Adolfo Arejita