Angel Ugarteburuk bigarren liburua argitaratu barri dau, Hegan eta jare izenburuagaz, Labayru Fundazioaren Sutondoan sortan. Idazlan autobiografikoa da, mutikotan hasi eta gaur egunera arte doana. Bitartean garai eta gertaera asko eta asko kontatzen ditu.
Berriatuko baserritik Derioko Seminariora ikastera joan zanean hasten da liburua. Orduan urrun egozan Berriatua eta Derio, bai fisikoki batetik bestera joateko, bai sikologikoki. Baserritik eskolara, euskeratik erderara, naturatik gelara aldatu eban Angelek bere bizilekua eta bizimodua.
Lagun barriak eginaz eta ikasiz joan jakozan gaztetako urteak, baina halako batean abadetu edo ez erabagi behar izan eban, eta orduan ardurak. Bere moduan beste gazte asko be, ataka horretan egozala, gizarterako saltoa egin eben. Bakotxak bide bat hartu eban, baina euskal kulturak ordutik hona egin dauen bidean seminarista asko topauko ditugu.
Bere bizitza ez eze, belaunaldi baten giro politikoa, soziala eta kulturala be topauko ditugu. Kontakizun laburren bitartez, familiako, lagunen eta gizartearen gorabeherak ikusiko ditugu laburtuta liburu honetan, estilo arin, zuzenean idatzita.