Dakienak dakiHizkuntza

Herri-berbetan galdu samar dagoan berbea dogu ‘orkatza’. Beste izenik badau orkatzak?

Posted on

Gure basoetan orkatzak sartu zituan aspalditxo gure administrazinoak. Herri-berbetan galdu samar dagoan berbea dogu orkatza. Beste izenik badau orkatzak?

Munitibarren jatorria dauen, baina Gernikan bizi dan Zenigaonaindia andreak zuzendu eustan itaun hau aurreko baten, geure ortu bazterreko bidegorritik igaro zanean. Munitibar aldean baso-jabe ziranak hasarre ei egozan zorioneko edo zoritxarreko arkatzok zirala-ta. Patariok, baso-jabeek euren basoetan sarturiko bertoko landara gazteei, haretx eta enparaduei, punta eta ernemin guztiak jaten ei deutsiez, eta hazten itxi ez.

Europa iparraldetik ekarri ei zituan Bizkaiko administrazinoak orain dala urteak orkatz ar-eme bikote gazte batzuk, eta honeek parretxikoak lez ugaritu ei dira denpora gitxian, urietatik hur-hurreko baso eta landen jabe egiteraino ia. Eta aske eta libre ei dabilz gure basoetan, inork ardurarik hartzen ez deutsiela, arbola-landara lerdenei ernemin guriak jaten.

Baina gatozan orkatz izenaren arlora. Gaztelaniaz ‘corzo’ deritxon basahuntz moduko patariari deritxo ‘orkatza’. Baina, hiztegian azaltzen danez, beste basa-abere batzuei be izen hori emoten jake, dirudienez. “Corzo; aplicado tbn. a otros animales como rebeco, ciervo o gamo”.

Pirinio inguruetan ezagunagoa da eta izan da orkatzaren izena, mueta horretako basabereak han bizi izan diralako. Mendigatxa Erronkariko informatzaileak izen bana aitatzen eutsazan Azkueri bere gutunetariko baten: “Corzo […], si es macho basauntz, y si es hembra, orkatz” (Mdg 144).

Orkatzak usain fuertea, bizia, ei dau. Hori aitatzen eban aspaldi Zerbitzari idazleak: “Orkatz bati behin hurbildu direnek badakite leher egiteko usain bat baduela” (GH 1931, 325).

Ehiztarien lana be sarri aitatu izan da, orkatz eta basahuntzen ehiza dala-ta. Zuberoako testigantza aspaldiko bat: “Biga bost orkatz eta basahüntz eraitsi dütü bortütik” (Const 36). Eraitsi: behera bota; ‘hil’.

Adolfo Arejita