Dakienak dakiHizkuntza

«Hil eta gero / salda bero»

Posted on

Asko dira bizirik edo hilda egotearen, eta egoera bion ostearen, ondorenen gainean ezarri diran esaera finkoak, berariaz errefrauak. Mezu diferenteen eta askotarikoen adierazle diran atsotitzak, gainera. Horreetariko bat, goian agiri dan hori: Hilda gero, salda bero, edo Hil eta gero, salda bero. Errima-puntua biribil beteten dauen esaldia, eta bigarren atala mugagabez, salda bero, puntua beteteko.

Gaztelaniaz be hainbat dira mezu hori adierazoten daben errefrauak, baina bat, guztiz ezaguna, astoaren irudiari dautsana: «A burro muerto, la cebada al rabo». Asto hilari garagarra buztanera.

Bion esangurea berbera da: erremedioak, osagarriak, bere sasoian ipini beharrekoak dirala, ez sasoi pasauan. «Ura joanda gero presea egitea» erdi alperrik dan moduan, abagunea igaro danean zazpi ahalegin egitea alperrik dala gogoratzera dator errefrau hau. Arazoari konponbidea bere denporan emon behar jakola.

Biziei buruzkoak bazter itxita be, hildakoen gaineko errefrauak, hil osteko egoerea aitatzen dabenak, ugariak dira hor hemen, euskeraz eta beste asko hizkuntzatan.

Salda beroa jan-edanaren irudia dogu. Biziari jagoko jatea eta edatea, ez hildakoari. Salda beroa aitatzeak, bigarren adiera bat be badauka. Makalik edo gaisorik ohean datzanari emon izan jako salda beroa. Eta bide beretik, ume egin barri dan andreari emon izan jako oilo-salda beroa.

Hilda gero esapideaz hil osteko egoera aitatzen da. Jan-edanaren irudiaz: alperrikoa dala salda beroa. Badogu oilo-saldea aitatzen dauen aldaerea be: «Hil da gero, oillo-salda» (Zavala EZ 1584).

Ironia gehiago ezkutatzen dau errefrau itxurako esaera luzeago honek: «Hildakoari hiru burla egiten zaizkio: entzuten ez eta kantatu; ikusten ez eta argia piztu; jaten ez eta ogia jarri» (EZ 1586). Hileta-eleizkizunen erritoa gogoratzen deusku: eleiz kantuan jardutea, argizariak biztutea ta ogi-izentazinoa ipinea. Sineste zaharretan sustraituriko ekandua hirugarren hau be.

Hil osteko ospea, itzala, fama ona aitatzen dabe beste errefrau batzuk. Bati bizirik dagoala autortu ez jakon «izen ona» autortzea hil eta gero, baiesten dabenak; baina beti be ironia altsi bategaz. «Hil da gero danak onak» (Zav EZ 1583) gogoratzen deusku batek. Eta ondu aditzaren bidez, heriotzeak «on egiten» dauala hildakoa, hurrengo biok. «Hildakoan danak ontzen dira «(EZ 1585), dino batak, eta: «Hiltzean ondutzen da persona» (EZ 1603) dino bigarrenak. Eta hildakoa santutasuraino altzatzera dator hurrengo hau: «Hil gabe, eztago santu egiterik» (Zav. EZ 1598).

Oroitzapen, gomutak izan ohi dira norbait hil ondoko autuetariko bat. Hildakoaren oroimenak edo errekuerdoak: «Hilen hilabetea, oroitzapenez betea» (Zav. EZ 1595), dino errefrauak.

Azkenez, heriotzea eta eguraldia lotzen daben atsotitzak be badira. Halan dino batek: «Hil onak ur on!» (EZ 1599). Hau da, norbait hilten danean euri onak egiten baditu, eguraldi onaren seinale.

Adolfo Arejita