Dakienak dakiHizkuntza

Hile – hileBETE, urte – urteBETE eta BETE hitza erantsitako denpora-izenak

Posted on

Badira lau urte, Bizkaieraren Ataria dalako honetan idatzi labur bat aurkeztu genduala puntu honezaz (2013-11-29), Aste eta astebete ez dira bat. Hile eta hilebete bai? izenburupean.

Ez ditugu ordukoak barrituko. Asmoa, aurrekoan garandutako edukiari zehaztasun eta osotasun puntu bat eranstea da. Izan be, Bizkaieraren Atari honetako aurreko asteko idatzian, bete neurri-izenekin baturik darabilgun eredua jorratu genduan, eta haren osagarritzat nahi genduan oraingoan, denpora-izenetako morfosintaxia gan-gainetik jorratu, beste barik.

Bete hitzak denpora-izen batzuei atzetik dautsela garapen sendoa ezagutu dauela aitatzen genduan aurrekoetan. Aste eta hil/hile ezeze, urte eta ordu dira ezagunenak. Noiz edo behin mende hitzari egokiturik be irakurri dogu. Denpora-izenok aldi-epe zehatza adierazoten dabenak ohi dira: orduak 60 minutu ditu, asteak zazpi egun, hileak 30-31 egun, zezeila salbu dala, urteak 365 egun, eta mendeak (edo sekuluak nahi bada) ehun urte.

Aldi-epe hori estimatiboa danean, gitxi gorabeherakoa, euskereak nekez eransten deutse bete hitza denpora-izenei. Halan bada, egun, gau, goiz, arrats, arratsalde, iluntze izenak nekez ikusiko ditugu bete lagun dabela.

Aldi-tarte guztiz laburra adierazoten daben denpora-izenekin be ez daukagu bete eransteko ohiturarik. Halan jazoten da minutu edo segundu izenekin, berbarako.

Gatozan sintaxi arlora. Bete hitza, denpora-izenekin batera izen sintagma bat osotzeko darabilgun kasurik gehienetan, determinatzaile zenbatzaile kategoriakoa izan ohi da, neurri-izenetan orohar jazoten dan legetxe. Hori dala-ta bereiz idatzi beharko genduke halan dan guztietan, sarriago batuta ikusten (eta idazten) ohituta bagagoz be. Halan esaterako: Ordu bete bada batzarra amaitu dogula. Aste bete igaro zan alabearen barri atzera jakin arte. Urte betera luzatu da gure alkar ikustea. Aibarrorena da honako esaldi hau: Ha un ao,urte bat da, urtebete da«, urte bat banan idatzita, urtebete baturik. Baina kontua da, batean bat eta bestean bete, biak dirala urte izenaren determinatzaile zenbatekoaren aldetik. Biak bereiz idaztea argigarriago litzatekelakoan nago. Besterik da lexikalizazino osoa daukaguneko kasuen idazkera. Badira sagar mota batzuk urtebetak (urtebeteak) deritxenak, berbarako.

Denpora-izenokin mugatzailea (-a, -ak) edo zenbatzaile arruntak (bat, bi) erabili ohi dira batzuetan eta bete beste batzuetan. Semantika mailan be diferentzia dago, sintaxian ez eze. Bete eransten dogunean aldi-tarte osoa markatu nahi dogu, eta eransten ez dogunean denpora-izen horren izendapen soila, neutroa egiten dogu. Zenbat urte dira ikusten ez garala? itaun egiten dogu, eta ez *zenbat urtebete dira?. Lehengo urtean edo datorren urtean esaten dogu, baina ez *urtebetean. Urtean behin eta ez *urtebetean behin. Urterik urtera eta ez *urtebeterik urtebetera.

Urte bete, aste bete, ordu bete ez dira bateragarri beste zenbatzaile bategaz. Izenokin bete darabilgunean, bat eta bakarra, edo bat eta bera osoa esaten gagoz. Bi, hiru, hainbat, asko, zenbat sartzen badogu izen horren sintagman, ezinezkoa da bete sartzea. Ez dira bateragarri.

Frai Bartolomeren ondoko esaldi honek darakus bete, bi, hiru… zenbatzaileen distribuzino erabilera: Emeti ezautuko dozu, kristinauak, nosbait entzun edo ikusi badozu denpora triste oneetan, urte beteko, biko edo orrenbeste urtetako ezkondu direala, aren ezkontzeak ez dabela balio (Ikasik. III): urte beteko urte biko, horrenbeste urtetako dira segida horretako egiturak.

Hilebete da zerrenda horretan salbuespena, beste denpora-izenotatik apur bat hastantzen dana. Lexikalizatze gradu altuagoa dauka berba honek. Zenbatzaileakaz bateragarri izan ohi da, ekialdean ez eze, sartaldeko euskeran be. Errazto esan edo onartuko gendukez honetariko egiturak: Zenbat hilebete da…? Hainbat hilebete da. Orain dala hiru hilebete. Bost hilebete ez dira…

Baina hilebete hitz hori sintaxi aldetik hile bat = hile bete izatea lez da izen sintagma bere soilean, bakarrean, osotzen dauenean. Sartaldeko euskeran behinik behin ez dau a/-ak onartzen, ez eta ik partitiborik be. Hilebete da azkenengoz alkartu ginala. Hilebete ez da deitu neutsula. Sartaldean ez dogu esaten ez idazten: *Hilebetea da… edo *Hilebeterik ez da… Bai, ostera: Hilebete da, hilebete ez da…

Kasu-marka bategaz darabilgunean be, mugatzaile barik: Ordu betegaz nahikoa dozu azterketa egiteko. Ordu beteren aldea egon da bien artean. Ordu beteri erdia kendu ezkero, beste ordu erdi geratzen da.

Adjektiboaz lagundurik bai erabili leiteke, eta orduan ezinbestekoa da mugatzailea onartzea: Hilebete osoan egon naz zu ikusi barik. Izenlagunaz lagundurik ez dogu erabilten, ostera: *Lehengo hilebetean, *Pasan dan hilebetean ez ditu sartaldeko hizkereak onartzen; horrelakoetan hile izen soila (lehenago hil esaten zana) darabilgu: Aurreko hilean, igaroko hilean, zezeileko hilean.

Berba baten esanda, sartaldeko euskaldunok garbi bereizten ditugu hile (hil) eta hilebete erabilera kontestuen arabera. Idazkeraren aldetik, berez, bete horren papera determinatzailearena danean izenetik bereiz idaztea legokio; hau da, hile bete, eta lexikalizatze sendoagoa dauenean batuta: Hamar hilebetean alkarregaz berbarik egin barik egon dira. Baina ez dakit bereizkuntza hori, sintaxi mailan garbia dana, idazteko orduan nahasgarri eta ilungarri ez ete litzateken.

Baina sakon-sakonean, urte urte bete, aste aste bete, ordu ordu bete izen bikoteen artean dagoan diferentzia berbera dago hile hile bete izenen artean kontesturik gehienetan, eta semantika aldetik be.

Hile bete da alkar ikusten ez dogula esatetik hile bat da alkar ikusten ez dogula esatera dagoan aldea zein da berez? Hile bete horregaz hile osoa adierazoten dogula, hasieratik akabura: hilearen denpora-iraupen osoa kontenplatzen dala, hile (hil) horrek izendapen soila adierazoten dauen bitartean.

ile hitza denpora-erreferentzia puntu lez darabilgunean, hile soila ohi darabilgu. Igaroa bada, honango esapideak darabilguz: lehengo hilean, pasa dan hilean, igaro dan hilean, aurreko hilean edo pluralean: aurreko hileetan, lehenagoko hileetan

Etorkizunari buruz ari bagara: datorren hilean, hurrengo hilean, edo pluralez, geroko hileetan, hurrengo hileetan Eta presenteaz badihardugu: oraingo hilean edo hileon.

Denpora-izenok, bete lagun dala darabilguzan egitura gitxi batzuk garanduko ditugu ondoren. Geroari begira, etorkizun hurrekoaz dihardugula, sarri agiri da barru enklitikoa: Hile bete barru, aste bete barru edo ordu bete barru. Mogelek barru hau, bai etorkizunari, bai iraganari buruz. Lehenari buruz: Berreun [azeri] baino geiago artu ditu urte bete barru, gaur behar bada, urte bete barruan esango gendukena. Geroari buruz: egin zaite euskera irakurten, ta urte bete barru urtengo dozu euskaldun. Lehenari begira, baino lehen, baino lehenago legezko egiturak: urte bete baino lehenago, urte bete orduko, urte bete baino arinago eta abar.
Aldi-tarte zehatza adierazo arren bete horrek, denpora-tarte hori luzatu edo laburtu egin daiteke egitura konparatiboen bidez: urte bete baino gehiago da aste bete baino gitxiago da

Garren postposizino dogunean be izen + bete egitureagaz erabilten dogu: Handik aste bete garrenera, hile bete garrenean jakin zan, ordu bete garreneko amaituta egon behar dau.

Gure klasikoen artean egitura bitxiagorik be irakurten da behin edo behin, eta horrexetariko bategaz akabua emon gura geunskio gaurkoari. Mogelen esaldi honi errepara deiogun: egin dagiela urte guztian egunoro ordu bete orazino (CO 218). Ordu bete izen sintagma hurrengo datorren izenaren (orazino) zenbatzaile dogu hor, denpora-iraupena markatzen dauen zenbatzailea. Horretarikoak bakan agiri dira gure testuetan, baina gramatika-logika garbia gordeten dabe. Beste izen bati laguntzen agiri diranean, askoz sarriago aurkituko ditugu izenlagun modura erantsita. Mogelen beraren adibidea dogu hurrengoa be: ta goazan orain urrengo olara, noraino daukagun ordu beteko bidea (Peru Abarka).

Urte zaharra joango da. Urte barria etorriko. Baina aste bete barru gagozala Bizkaieraren Atarian barriro!

Iturriko
2017-12-22