Dakienak dakiHizkuntza

Hobe beharrez

Posted on

Esapide hori hainbat lekutan entzuten da hondino be: hobe beharrez: ‘gauzak hoberantz joan daitezan, bizimodua hobera etorri daiten’ edo halakoa aditzen emoteko.

Hobe beharrez, ‘on gurean, ondo gurean, hobeto dalakoan’ aditzen emoteko, edo gazt. ‘de buena fe, con la mejor intención, creyendo hacer lo mejor’ aditzen emoteko, zabal dabilen esaerea da bizkaieraren ekialde horretan eta gipuzkeran barrena.

Gure tradizino idatzian eta berbazkoan be ondo sustraitua dagoan lokuzinoa.

Oraintsuko tradizinoko berbazko adibideak: “Hobe beharrez bakarrik esan nion etxen geldi zedin” (Asp Leiz2).  “Hobe biharrez esan notsan dirua lagako notsala ta gaizki hartu zostan» (M.Elexpuru Bergara). “Hareek be hobe biharrez jardungo zeben, baiña ziero gizajotu zeben mutikua ainbeste mimokin” (Ib.).

Idazle modernoen artean, Orixek: “Santa Cruzek egiten zuna hobe beharrez egiten zun, beti asmatzen ezpazun ere” (SCruz). Mitxelenaren lumaz: “Nabarmenegiak dira, izan ere, sail honetan hobe beharrez egin diren hutsak” (MIH). Atañoren lumaz: “Handik Donostiko klinika batera ekarri zuten hobe beharrez, baina alperrik” (TxanKan 272).

Idazle klasikoen artean, J. I. Iztueta: “Españak obe bearrez plazarik bikaiñenak utzi ziozkan bere [Napoleonen] eskura” (Condaira).

Norbaiten hobe beharrez, -en genitibo-atzizkiduna aurretik dala be erabilten da: noren edo haren mesedetan. Halan Juan San Martinek: Zeure obe-biarrez esate’tsut (Zirikadak).

Adolfo Arejita