Arratiako Arantzazuko seme bati, Jon Etxebarria ‘Alkate’ deritxagunari behin baino sarriago entzun deutsadazan esaerea da: lagun bi, pertsona bi, etxe diferentekoak diranakaitik, hagakoak dirala, edo haga batekoak dirala. Hur edo urrunagoko senidetasuna dala medio, zelanbait odolekoak dirala, eta sen berekoak, era batera edo bestera.
Hagea edo habea, bietara esaten da, etxe-eraikuntzan guztiz behinekoa dan osagarri bat, edo bi, adierazoteko darabilgu euskeraz. Osagarri printzipala, zutarria, kolumna. Baina bigarren bat, gehienok haga edo hage formaz darabilguna, gazt.‘viga’ deritxona. Domingo Agirreren lumaz: “Teilatuaren ixurki bat habe ustelduen gainean larregi etzinda zeukan” (Garoa). Eta Jean Etxepare kazetari lapurtarrarenean: “Trebeseko habe lodiari datxizkola gapirio-lerroak” (Beribilez).
Guztion ezaguna da harako Bibliako pasartea, eleizetan sarri entzun dana, J. A. Mogelen berbaz esanda dinoana: “Inoren begian badakusku edozein samar; geureetan abe andi bat bere ez” (PAb).
Habea, edo hagea, irudi modura, sendotasunaren eta tinkotasunaren adierazgarri be bada. Halan, Bitoriano Gandiagaren poesia txatal honetan: “Zeu zara gure zorion-sustrai, / abaro, habe ta argia” (Elorri).
Baina hagearen edo habearen irudiaz ezagutzen dogun esapiderik zaharren antzekoa, etxe batek edo persona batek hagea edo habea izatea edo eukitea dalakoa dogu.
Hagea edo habea jausi dala lekuren baten esatean, ‘zorigaiztoa’ heldu dala etxe edo giza jente hareen artera esan gura da. XV. mendekoa edo da Milia Lasturkoren eresia; E. Garibai kronikariak idatziz laga euskuna, eta gehienok K. Mitxelenaren transkripzinoari esker ezagutu izan doguna. Kopletariko batzuen hitzak dira: “Arren ene andra Milia Lasturko, / mandatariak egin deust gaxtoto. / Zerurean jausi da abea, / jo dau Lasturko torre gorea. / Eroan ditu ango jauna eta andrea. / Bata leen, gero bestea” (TAV).
Askoz oraintsuagokoa da Balentin Berriotxoa Elorrioko semea zan doneak, amari bialduriko gutunetariko baten, bigarrenean, bertso eran idatzirik dakarren hau: «Ama kriyada-da, / etxeko andra alabia, / ostera bere izango dau / etxiak abia» (Berriotxoa II gutuna). Etxeak habea izango dauela esatea da ‘zorigaiztoa, adu txarra’ etorriko dala etxe horretara, irudi lokuzinoz adierazota.
Hara hiztegi batetik jasoriko beste hau, Bera Lopez Mendizabal-enetik hatan be. Habea izan esamoldearen esanguratzat: “Hado, mala suerte, destino”. Etxe orrek habea du, esa casa tiene mala suerte” (Bera-LzM).
Idazleetan, Eusebio Erkiaga dogu lokuzino honen lekuko apartekoa: “Adu txarra, siats makurra ete ebilkion […] bere barne-baratzeko landaratxo pipil-barriak lorrinduten? Habea ete eukan, bihotzak limurtzeko arazo bigun ta zeregin samur hartan?” (Arranegi). “Habea ete eukan, zorigaiztoko haberen bat bere sendiak, aitaren ezbeharraren ondorik, alabearen oinaze bizia agertzeko?” (Arranegi).
Azkuek, aldiz, herri-jakintzatik, goiburuan ipini dogun adierea dakar baturik, gaur egungo corpusetan mehats agiri dana. Adibide on bat, Azpeitian baturiko hau: “Habea du etxe horrek, les viene de casta; litm., esa casa tiene viga” (G-azp) (EY III 249). Eta bere hiztegi nagusian Azkuek beste era honetara, Markinan baturik: “Habea euki etxeak, atavismo (etxeak habe euki) (V-m)» (A Apend.).
Adolfo Arejita