Dakienak dakiHizkuntza

“Ikasi gogor! Hizkuntzalari ona izan zaitezan!”

Posted on

Goiko esaldi hori dala-ta: Ikasi gogor, hizkuntzalari ona izan zaitezan esaldia dala-ta, zalantza modura, zer irakasten dan kontuan hartuta sortutako galderea dator: “Subjektu berberarekin -tzeko erabilteko esaten deutsegu ikasleei. Goiko esaldia zuzena da?”. Ohar horren arabera, esaldia honelan berridatziko litzateke: Ikasi gogor, hizkuntzalari ona izateko. Hau da; izan zaitezan aditz subjuntiboa erabili ordez, izateko aditzizena erabilita.

Lehenengoa, aditz jokatuagazkoa, ondo dagoanentz? Egongo ez da, ba, neska-mutilak! Jakina baietz. Aditz subjuntibo jokatuagazko egitura hori, ez bakarrik zuzena, zehaztasun gehiagokoa be bada. Mendeko osagarri horretan izan zaitezan aditza darabilgunean, hizkuntzalari ona ZEU izatea da mezuaren guna, edo muina. Eta ez beste inor, zeu baino.

Aditzizena darabilgunean: hizkuntzalari ona izaTEKO, persona zehatzik aitatzen ez dan ezkero, askoz zabalagoa da: (hizkuntzalari ona) EDONOR izan leiteke berez. Aginterazko aditza dan ezkero, Ikasi, berez, bati edo gehiagori (guztiei) zuzendua izan daiteke, eta mendeko aditzizenak be (izateko) guzti-guztiak hartuko leukez, kontestuaren arabera.

Subjektu bera dabenean aditz nagusiak eta mendekoak, (eta suposatu daigun ZU dala aginte-perpaus horretan) aukera biak dira zilegi: aditz subjuntiboagazkoaz zein aditzizenaz eregia: izan zaitezan eta izateko. Aukera biak ditu eskura hiztunak.

Baina gaztelaniaz be bai: Aprende mucho para que puedas ayudar a los demás, edo: Aprende mucho, para poder ayudar a los demás. Eta beste inguru-hizkuntza batzuetan be antzera.

Aditzizen soila erabilita be, ulertzeko ez dago arazorik, aditz nagusi eta mendekoaren subjektua berbera danean, eta erraztasunaren mesedetan irakasten jake horrelan ikasleei, berariaz euskera hutsetik ikasten dabenei, errazbidearen mesedetan.

Baina estilo jasoagoa, landuagoa erabili nahi badogu, mendekoan aditz subjuntiboa erabiltera joko neuke nik, bape lotsa ez bildur barik.

Adolfo Arejita