Dakienak dakiHizkuntza

Iluntzean, gaube-iluntzean, ilunabarrean

Posted on

Lehengo baten entzun neutsan euskaldun on bati esaten: Urtean behin edo birritan Donostian alkartzen dirala, aldi baten alkarregaz lanean ibilitako batzuk. Han bazkaldu, bazkalostean barriketaldi luze gozatsu bat egin, eta bueltara gau-ilunduta etorten dirala, batez be neguan, Gabon aurrean. “Urtean behin joaten gozak, eta gau-ilunduta etorten gozak bueltara” (Arantzazu. Jon Etxebarria ‘Alkate’).

Neure eguneroko berba-errepertorioan ez egoan berbea, gau-ilundu. Egun argia izatetik iluntzera doan denpora-tarte horri, eguna gau bihurtzeari esaten deutsie Bizkai sartaldeko herrietan gau-ilundu.

Zaratamoko herrian batuta daukat, aspalditxo segurutik, gaube-iluntzean berba dotorea. Esanguraz, ilunabarra.

Ilunabarra, edo leku batzuetan iluntabarra, iluntzea baino ilunagotzat daukie euskal hiztun on batzuek. Bergaran berbetan, iluntabar, iluntze eta istantz izenen artean honako zehaztasuna daukagu batuta: illuntabarra illuntzia baino ilunagoa ei da, batetik; eta illuntabarra eta istantza berbak esangura bera ei dabe, bestetik.

Arratia eta Nerbioi ibarretako berbetan hondino be bizi da gau-iluntze berba alkartua, iluntabarra izenaren sinonimo antzekoa. Halan entzun neutsan esaten lehengoan Jon Etxebarria, Arantzazuko semeari: “Ba bai. Oin gau-iluntzean etorri nok”.

* Gure tradizinoan, gau eta ilun berbak baturik, sarrien erabili izan dan egiturea gau iluna izen-adjektibo alkarkuntza da: gau ilunean, gau iluneko eta holan. Gaztelaniaz ‘noche cerrada’ esatea lez. Idatzietan: “Itxasoko izar, munduko gau ilunean argi egiten deuskuna” (Pedro Astarloa UD II). “Jaiorik eguzkia / gau ilun ostian” (FrantzesteB II) (¬1810). “Gau ilunez ontza dabil / lauzaturik lauzatu, / bigiretan zaratenon / gezur-egiak batu” (Azkue CPV). “Gau iluna ta euritsua ta eremaitsua edo indriskatsua izan arren, lasterko urten eban txabolatik Kristobalek” (Azkue Euskalzale 1897).

Adolfo Arejita