Dakienak dakiHizkuntza

“Inoren pentzuan dagoana, koitadu dago”

Posted on

Gaur egun gero eta zahartuago bihurtzen joakun euskal gizartea ikusirik, era-erara datorren esaerea. Baina orokorrean be sarritan entzun dogun aholkua: “Ez egon inoren pentzura, ze inoren pentzura dagoana koitadu dago”. ‘Besteren esanera, agindupean edo mende’ egotea, edota ‘inoren beharrizan gorrian’ egotea triste eta lastimagarria izaten dala edozeinentzat. Norbera barik, inor danean norbere pausuak gobernetan dituana, zorigaiztoko egoerea izaten dala behin baino sarriago.

Esanguraz goiko horretatik urrun bakoa da, mutilzahar dagozanak dirala-ta sarri entzuten dan harakoa: “Ama faltetan danean, mutilzaharra inon pentzuen” (Atsot 9826). Kristau giroko esaldi hau be ondo ezaguna: Gizakion bizia Jainkoaren pentzura dago. Itsasoko arrisku handien azpian bizi diranakaiatik be sarri entzun izan dana: Olatuen pentzura ebilzan txalupa ziztrin hareetan joiazan marinel gixajoak.

Neuk entzuna dot hurrengoa: Gurasoak hil jakezanetik, hareen umeak izeko baten pentzura egozan.

Literaturara bagoaz, harira datorren esaldia E. Erkiagaren hau: “Aita-amen pentzura, gurasoen esanera kezka barik bizi zan” (Arranegi).

Pentzuan postposizinoa, goiko horrezaz aparte, harean diferente diran adierakaz be erabilten da: ‘zerbaiten uste osoan’ edo ‘zerbaiten esperantzan’ egotea. Hara Mogel idazle handiaren esaldiok. Bat: “Etzinean bart etzun nire pentzudan, edo nik iratzartuko zendudazalako uste osoan?”. Eta bi: “ta geroko obeagoaren pentzudan egonaz, igaroerraza egiten jakee daroen bear gogor ta nekatsua” (PAb). Eta berba honen argibidea gehitzera idazle beronek dakarren esalditxoa: “Zure penzudan nor egongo ez da? Quien no ha de estar confiado en tí?” (Nomencl.)

Pentzudan edo pentzuan eta pentzura dira entzun eta irakurten diran formak. Atze-hitz edo postposizino modura erabilita, aurreko izen edo pertsona-izenordainari -en genitiboaz lotuta: zeren edo noren pentzuan edo pentzura.

Baina pentzuda edo pentzu izen normalen erara nekez erabilten dira. Halan darabil, halanda be, Domingo Agirrek ‘esperantza’ izenaren sinonimo modura: “Orduantxe amaitu zan arrantzalien pentzuda (esperanza) ona” (Kresala).

Mende postposizinoagaz be, inoren mende edo besteren mende darabilgu. Halan: “Libre bizitu ziran / republika onetan, / inoren mende gabe / lenengo urtetan” (Afrikako gerra). “Lan egitea […] ez da bapere atsegingarri alperrarentzat, eta inoren menpean egotea beste hainbeste anarkista batentzat” (Erkiaga Batetik Bestera).

Azpian postposizinoa be zabal dabil. F. Arrese-Beitiaren honetan, adibidez: “Noz arte behar dogu egon lotsarian / […] oso menderatuta inoren azpian?” (Euskeria).

Pean postposizino gisa Iparraldeko tradizinoan agiri da nagusiro: “Besten pian plegatü” (Maister Imitazionia III)

Pekora berbea be, noren pekora, norbaiten pekora egotea, esanguraz hurrekoa dogu, adieretariko baten behintzat, baten baten ‘ardurapean, esanera’ aditzen emoteko. Baina Eibarko berbetatik hartua dan hurrengo esaldi honetan, inoren pekora, ‘besteen lepora’ adieran erabilia da. Toribio Etxebarriak dakarren eran: “Iñon pekora ondo dabill… A cuenta ajena, no anda mal…”.

Adolfo Arejita