Dakienak dakiHizkuntza

“Inori esateko hedoitua, norberak izan behar dau eguzki klarua”.

Posted on

Arteagan (Urdaibaiko Artian) batutako errefraua da. Segundo Oar-arteta gernikarrak aspalditxu bideratu eustan atsotitz hau: “Inori esateko hedoitua, norberak izan behar dau eguzki klarua”. Poesia karga handiko errefraua: begi hedoituak eukitea batetik, eta eguzki klarua izatea bestetik.

Hedoia, bizkaieraren parte baten, euskera jasoan hodeia deritxonari esaten jako. Batez be ‘laino altua, altuko lainoa’ adiereaz. Hitz beraren aldaerak dira oinarrian, baina hiztun askok esanguraz bereiztu egiten ditue hedoia eta hodeia. Ze hodeia dagoala edo hodeiak jo dauela esaten danean sartaldeko euskeran, ‘trumoia dala, edo trumoiak jo dauela’ esateko erabilten da. Mari Anbotokoren pertsonifikatzea be bada hodeia. Halanda ze, enbor beretik garatu diran aldaera bi dira hedoia eta hodeia, esangura banagaz bizi diranak Bizkaiko hainbat lekutako berbetan.

Hedoia edo hodeia, zerualdeari be esaten jako, goi-zerua garbi dagoanean. «Eztago hodei honen azpian hori baino gizon alperragorik!», idatzi eban behinola Paulo Zamarripa sondikarrak, bere Manual del Vascófilo urregorrizkoan.

Baina goiko esaereari ondo ekantzen jakon esangurea, bardin deutso hedoia edo hodeia erabili, ‘begietako lausoa, geuna edo gandua’ da; begiak lainotuta eukitea, azken baten. Eta goiko errefrau horretan, hodeitu aditz adjektibotuak bigarren adiera hau dauka: begiak lausotuta, geunduta edota ganduaz eukitea. Eta aurrean dagoanari hedoitua esatea, itsututa lez dagoala, burua sortuta edo gogortuta lez daukala esatea da.

Exenplu tipoko errefraua dogu: inori edo besteri begiak hedoiturik, lausoturik, argi ikusten ez dauela dagoala esan ahal izateko, norberak euki behar dituala begiak argi eta garbi: eguzki klarua izan behar dauela.

Biblian datorren esaera bera da oinarrian (San Mateo 7, 3-5; San Lukas 6, 41), gure hizkuntza nagusi guztietan era batera edo bestera bizi dana. Gaztelaniaz esapide modura hedatu da «ver la paja en ojo ajeno», Cervantesen Kixote Mantxakok osoago dakarrena: «El que ve la mota en el ojo ajeno, vea la viga en el suyo» (El Quijote II).

Euskeraz be aldaera diferenteak dazaguzan errefraua. Batzu-batzuk aitatzearren: “Inonean begiko bildarra be ikusi, ta norberenean hagea bez” agiri da behin (G.Garate Atsotitz 2092). “Noberen begiko bekarra baino, besteena ikusten da hobeto” beste behin (G.Garate Atsotitz 2275). Eta hirugarren bat: «Besteren begian zakarra ikusi, geurien habie ere ezin”. Begiko mota, pizta edo zatarri bat irudikatzeko hiru berba polit: bildarra, bekarra, zakarra.

Eta beste egitura eta irudi diferenteko, baina esangura beretsuko diran batzukaz zarratuko dogu puntu hau. “Bestea juzgatzen errexago dek norbera portatzen baino” da bat (G.Garate Atsotitz 8203). Eta: “Hire leihotik begira zak lehenik barrena” (G.Garate Atsotitz 8992), dino beste honek. Eta akabukoz: “Norbere atzeko dxiboa ikusi behar da besteenari begiratu baino arinago”, Libe Agirrek Meñakako berbetatik gaineratua.

Adolfo Arejita