Dakienak dakiHizkuntza

Iragarki baten entzuniko esaldi baten harira: “Jatekoa etxera eramaten dizugu”, aditzaren jokoa dala-ta

Posted on

Aditz gitxi ditugu berbeta bizian joko trinkoaz dirauenak. Gero eta bakanago entzuten dira berbaz, batez be hiztun gazteen artean, dino, dakar, darabil moduko adizki bakunak eta gero eta sarriago euren ordez esaten dau, ekarten dau, erabilten dau tipoko konposatu edo perifrastikoak. Eta hainbat gitxiago, argumentu-egitura konplexuagoa daben aditzetan dinostazu, dakartsut, daroatso/daroako, daukatsut, dakitsut lango adizkiak, kasu honetan, nori argumentudunak.

Eta ez ditut ahaztuta itxi gura, galbidetik hurrago dakuskuzan adizki bereziagoak: dihardu, daragoio, dirau, dirudi erakoak. Eta zer esan be ez: bentzu!, dantzut, dakustaz, nekusan, badazaut moduko adizki zahar usainekoak.

Baina gatozan gaurko belaunaldietan guztiz ezagunak eta ohikoak izan diran dinozu, naukazu, dakitsu, daroatsut, dakartso (dakarko) erako adizkietara. Irratiz be ondo ohartuta nago, trinkoetariko batzuen ordez forma perifrastikoak darabilezala sarri: esaten dau, eroaten deutsut, ekarten deutso erakoak, ia modu sistematikoz, euskera bera landurik dakarrien kazetari, irakasle eta profesional gero eta gehiagoren artean.

Urak gainez egin baino lehen, uharkara edo ubidera ekarteko ahalegintxo bat eskatuko neuskie estilo onaren jabe diran idazle, esatari, irakasle eta goi-euskeradunei. Berbarako: “Ea zer esaten deuskun entzule honek” esan ordez, “Ea zer dinoskun entzule honek” egitea. “Ea zer ekarten deuskun gaurko egunkariak” esan ordez, “Ea zer dakarskun (edo dakarkun) gaurko egunkariak” egitea. Edo goiko iragarkiaren harira etorrita, bezeru bati janari aurrez prestatua enpresa batek etxera eroango deutsala borondatea erakutsi guran, Jatekoa etxera eroaten deutsugu edo eramaten dizugu aditz egitura perifrastikoaz adierazotea, “Jatekoa etxera daroatsugu” era laburrean esan ordez.

Adolfo Arejita