Dakienak dakiHizkuntza

Izen eta adjektibo mugatubakoaren zurkulu batzuk

Posted on

Aditzaren inguruan agiri diran izen eta adjektibo batzuk, predikatu sintagma deritxon funtzinoa beteten dabenak, -a mugatzaile barik marketako tradizinoa edo ohiturea dogu gure euskeran. Eta predikatu sintagma hori izena danean, adjektiboa danean baino agiriago ikusten da sarritan, mugatzaile barik erabili behar dala derriorrez eta mugatzailea sartzea okerreko bidea dala.

Orain belaunaldi bira arte normala zan gure herrietan entzutea (urietan be bai), urlia mutil fraile sartu dala, urlia neska monja doala edo hain familiatako semea abade egin dala. Horreetan hiru kasuotan, frailea, monjea eta abadea esan edo idatziko bagendu, belarriak berehala minberatuko litxakiguz.

Izan be, egoera, status edo aldi baterako ofizio edo jardunbide bat danean, ez dogu beste biderik mugatu barik ipintea baino, eta aditzak be holakoxeak izaten dira: egon, ibili, egin, joan, jarri, ipini, izendatu, bihurtu eta giro horretakoak. Horregaitik dino kopla zaharrak: Errementari baino hoba da zesteru. Edo: Horren lagun izatea ez da erraza. Eta badaezpadakotzat joko gendukez honetarikoak: Lagun txarrakaz ibilita, azkenean bera be *lapurra bihurtu zan, eta beste hau hobetsi: lapur bihurtu.

Gaztelaniaz mintzo garanean, de, como, en eta ereduko preposizinoak sartzen ditugu horreetariko askotan: Fue de maestro a Carranza edo Trabaja como carpintero en la construccin edo convirti el agua en vino. Zenbat bider entzun edo irakurri ez ditugu honeen antzekoak; funtsean gaztelaniaren kalko garbiak, baina guztiz okerrak kasu honetan: Jesusek ura ardaoan bihurtu eban. Arotz lez edo arotz moduan dabil eraikuntzan. Maisu lez joan zan Karrantzara. Mugagabetasunak eskeintzen dituan espresino bideak ugariak eta zabalak dira. Ezinbestean esan behar dogu: Ura ardao bihurtu eban. Arotz dabil eraikuntzan. Maisu joan zan Karrantzara.

Lez/ legez edo bezala orio orbanaren antzera hedatzen doaz gure artean, bereak ez diran eremuetan, eta horri munarria ezarri behar jako: Aratusteetan gizonak andra jantzita eta andrak obispo marrotuta ibili ziran kalean atxina esatea joera zaharra eta ondo sustraitua da, eta gizon lez edo andra lez, moda barrikoak; badaezpadakoak, esan leiteke.

Erreibindikatu beharrekoa da -tzat atzizkiaren papera be, gaur erdi euskaldun askori buruan sartzen gatx egiten jakena. Atzizki horren atzean badira balio jakin batzuk, gogoan izan beharrekak. Tontotzat hartu esan gura dau: tontoa dala uste izan. Ustekizun bat datza hor azpian eta, gaztelaniaz por tonto, como tonto entzuten dala-ta, ezin da beste barik esan: tonto lez hartu, ez da komeni behintzat. Edo neure herrira banoa jazkera baragarriren bategaz eta inork ezagutu ez: me han tomado por/como forneo euskeraz adierazoteko: kanpotartzat hartu nabe zuzenagotzat daukagu gure tradizinoan, kanpotar lez baino.

Egia da, dana dala, ekialdeko hizkeretan sarritan mugatzailerik ez erabilita marketan dabela balio hau, sartaldean tzat horregaz egiten doguna. Halan: Gerraren kontrako protesta egin zuten gazteak errugabe jo dituzte kazeta informazino burua sartaldean erosoago berridatziko geunke: errubakotzat jo ditue. Ekialdean ez da mira egitekoa ondoko erabilera hori: Berdintasuna edozein uztartze politikatarako oinarri jo dute. Baina sartaldean, eta erdialdean be, erosoago erabiliko genduke: oinarritzat jo dabe.

Hurrengoan gehiago eta hobeto.
Iturriko
2014-05-23.