Dakienak dakiHizkuntza

Jan BARIK jun barik, jaik jan BARIK aurkaritzazko juntagailuaren gorabeheran

Posted on

Laster izango dira lau urte, Bizkaieraren Ataria honetarako idatzi labur bat ondu nebala, BARIK adbersatiboa eta BAINO konparatiboa ez dira bat izenburuaz, 2013-08-29ko dataz webgune honetan argitara zana. Orduan labur esana zeheroago adierazo beharrekotzat joko dot oraingoan.

Barik eta baino hitzak, gramatika marka legez, etorki guztiz diferentekoak dira berez, eta kategoria, funtzino, ingurune eta esangura diferenteekin erabiliak dira bata eta bestea, bai gramatikaz, bai esanguraz. Bien artean daben kidetasun nagusia, marka biok anitzak edo askotarakoak izatean datza; bestetan nekez daukie zerikusirik. Idatzi honetan, eta hurrengoren baten, aspalditxuko haretan labur azaldu genduana garatzera gatoz, barik juntagailu kategoriaz darabilguneko puntura mugarriturik geure autua.

Barik juntagailu kategoriara berandu baten ailegatu da, albatetik sartu da nolabait, baina logika osoz. Hasteko, barik, hitzaren era modernoa da, baga zaharragoaren eta bagarik erdibidekoaren era laburtu modernoa. Eta guztion jakina da, baga markearen kategoria funtsezkoa postposizinoarena dala, sarritan izen mugagabeaz (lagun barik, giltz barik) eta batzuetan izen mugatuaz (Nora zoaz gizona barik / alabak barik?), gitxiagotan izenordainez (zu barik, inor barik, ezer barik), noiz edo noiz adberbioz edo adizlagunez (etxera barik, urrun barik), eta sarritxutan aditz partizipioaz (jan barik, esan barik) lagundurik erabilia.

Barik postposizinoaz adierazoten diran balio askotakoak ez ditugu hemen garanduko. Ezeztasuna, ezetza datza balio guztien azpian, baina berezitasun bitxiak dira euretariko batzuetan. Balio berezion artean aitatzekoak dira batzuk, horraitino. Denpora eremuan lehentasuna, batez be ordu-izenakaz: Goizaldeko hirurak barik sartu zan etxean. Aginte balioaz darabilgu beste batzuetan, aditz partizipioaz: Kontuz! Jausi barik!. Eta bada atze-lokuzino bat, (eta) beste barik, menderakuntzan sarri darabilguna, gehienetan denpora eremuan bat-batekotasun balioaz. Frantzia-korteko baladea jatort burura, haren ahapaldietariko bat: ?Ai horren puinalorren zorrotzen zorrotza! / Ikusiaz beste barik hilten deust bihotza. (Milloin jasoriko bertsinoa).

Barik juntagailu aurkari kategoriaz erabiltea XIX. mendetik honakoa dala pentsau leiteke. Beste barrikuntza askoren antzera, berbeta mailan garatuko zan lehenengo, eta geldiro-geldiro idatzira irristatu, seguruenik denpora bat garrenera. XIX. mende horren lehen erdiko Arantzazuko sermoitegi baten ikusi dogu, bagarik era klasikoaz gainera, juntagailu aurkari hau erabilirik: Baia kontu, neure entzula onak, aitu egizubez gauzak direan legez, okerretara bagarik. Beharbada gerotxoagokoak dira Eusebio M. Azkueren olerkietan dakuskuzan erabilerak. Honek be bagarik (eta baga) darabil. Hiru erabilera: Deiguzan bertso gozo ta leunak / geure arimako suagaz, / beti egoteko naibagaz barik, kantetan zitareagaz. Erdu gaur arratsian / bakarrik geurera, / beti egon bagarik / atzera, ez aurrera. Habanan neukan bizija / zan amak erakutsija: / Goxian gox jagi, / egon baga nagi. (E.M.Azkue Euskarazko Vertsoak, Jarein).

Sartalde euskeran, bizkaiera deritxona egiten dan eremuan garatu da, eta ez dirudi ekialderantz asko hedatu danik. Izan be barik (bagarik) eremu horretan esaten da, eta handik sortalderantz bage eta gabe.

Ezeztapenaren zentzun esparruan gertatu da hedakuntza sintaktiko eta semantiko hori. Grimm anaien ipuin ezagunetariko bat, Otsoa eta zazpi ahumeak dalakoaren euskerazko bertsino bat Legoaldi zeanuriztarrarena (Ipolito Larrakoetxea) dogu. Honen adibideak eboluzino hori argiro erakusten dauelakoa daukagu. Holan dino: Otsoak, horraitio, guztiak idoro ebazan eta, koipekeritan ibili barik, guztiak bata bestearen hurrengo iruntsi ebazan. Gazteena bakarrik, erloju-kutxan ostondu zana, ez eban idoro. Ezezkako perpaus bat eta baiezkako hurrengoa kontrajartzen dira: koipekerietan ez zan ibili eta guztiak iruntsi ebazan. Lehenengo perpaus prozesuaren ezeztapena eta hurrengo perpaus prozesuaren baieztapena aurrez aur ipinteaz, ordezkapen bat adierazoten da: A ez baina B bai. Hau da, A-ren ordez B; ez A, baizik eta B. Translazio naturala dago, semantika mailan eta gramatika mailan. Partizipioari erantsiriko postposizinoa, perpausen arteko juntadura marka bilakatu da.

Garakuntza sintaktiko-semantiko honezaz ohartzen, ez lehenengoa beharbada, baina zehaztasunez eta argitasunez egiten bai segurutik, Bernardo Garro Otxolua izan genduan. 1932an argitara eban G. C. della Crocce-ren Bertolda eta Bertoldin euskal bertsinoa irakurri baino ez dago, zenbat biderrez eta zenbat testuinguru diferentetan darabilen barik juntagailua ohartzeko. Beratako adibide bigaz on egin daigun esandakoa: Zorionak barik, zorigaiztoak nakar, harean be, ba! (Bertolda, Labayru 1983, 148), Hoba zeunke goru-makilea hartu eta goruetan ekin, inori alamenik emoten etorri barik (ibid. 150). Eta Maarikoren (Errose Bustintza) beste bi erantsiko deutsaguz: Topina, holan dingilin-dongoloka barik, besoan sartuta polito-polito ekarri behar izaten dok… (Ipuinak, Labayru 2009, 215); Tirok, ba, tirok, mutil! Beti ganorabako izan barik, oraingoan zintzo jokatu dok heuk. (Maariko, Ipuinak 2009, 218).

Otxoluaren autura bihurturik, honek barik juntagailuaren inguruko gogoeta labur bat, hil aurretxuan bialdu eutsan Arantzazura Aita Villasanteri, 1957ko zezeilaren 1ean dataturiko gutun baten. Eta honek, ha hilbarri zala, haren gomutaz, Euskera aldizkarian argitaratzeko erabagi zuhurra hartu eban, 1961eko alean (358-360).

Gipuzkeraz, ezezka eta baiezka kontrajarten diran esaldi biren arteko juntadura, ez baina…(bai) eginda irakurri dauela dino Otxoluak, bai Orixeren Urte guziko meza-bezperak liburuan, bai beste leku askotan (Arantzazuko takoan bertan) idatziz. Eta aldi zaharretako idatzien euskarriez eginiko idatzi laburra darabil adibidetzat: Papelezkoak ez baina, egurrezkoak dira, pergaminoz josiak. Hara Otxoluak bere berbetatik eskaintzen dauen alternatiba: Nik behintzat, eta nik legez beste askok Bizkaian, esakune hori honetara idatzi izango genduan: Papelezkoak barik egurrezkoak dira, pergaminoz josiak.

Gramatika sena ondo barrutua ez eze, ondo ikasia eukan Otxoluak. Ondo ekian ur barik esan edo ura barik esan, barik horren egitekoa guztiz bestelakoa zana. Esaldi bardin antzekoa modu bitara eskeintzen deusku: Ura barik ardaoa edan dau eta Ur barik edan dau ardaoa. Eta horretatik ondorioa atera, gauza bi diferenteak esaten gagozala; barik biren aurrean gagozala.

Lehenengo barik juntagailu aurkaria da, ura ez eta ardaoa bai kontrajartzen dituena esaldi banatan. Bigarren barik postposizino kategoriakoa da, izena mugagabez dala normalean (baina ez beti) darabilguna: ardao huts-hutsa edan, ardaoagaz nahastau barik.

Barik juntagailuak, jakina da, esaldi banatan aurkakotzen diran unitate gramatikalak bakarrik agirian ipintea dakar berekin; gainerako guztia eliditzen da barik juntagailudun perpausan; bietan errepikatzen dan informazino guztia.

Informazinoa perpaus bietan osorik emonda, ondoko esaldia sortu geinke: Zuri ez deutsut esan; alabeari esan deutsat. Juntadura bidez esaldi biok alkartzerakoan, ezezkako perpausari barik erantsiko deutsagu azkenean, baina hori eginaz batera automatikoki eliditzen da aditz egitura osoa perpaus horretatik. Ezabatze hori ezinbestekoa da, juntadura bideragarri, gramatikal izan dadin; hurrengo esaldian emona dago informazino hori (esan deutsat) eta barik daroan esaldian (lehenengoan) berez ulertzen da zein dan aditz osoa (esan deutsut). Gramatika-lege zorrotza dago hor, elipsia aplikatzeko.

Aurkakotzen diran unidade gramatikalak, izen sintagmak, adizlagunak, aditzondoak zein beste edozeintzuk dirala, erlazio marka eta guzti azalduko dira beti.

Zeintzuk izan ohi dira kontrajarpenez agiriratzen ditugun unidade gramatikalak:

  • izenak: Beharginari barik ugazabari eskatu behar jakoz kontuak.
  • izenordainak: Horrek barik zeuk daukazu erru guztia.
  • adizlagunak: Autoaz barik oinez ibilten naz gustura. Piperretan barik, tomatetan joan da ortura.
  • aditzondoak: Holan astiro barik arintxuago ibili zaitez.
  • aditzizenak: Jesarrita geldi egotea barik, batetik bestera ibiltea gustetan jako horri.
  • partizipioak: Ondo jan behar da goizetan; nagitu barik indartu egiten dau ondo janak gorputza.
  • aditz flexiboak, baina joko-markak ezabaturik: Berak eskatzeari itxaron barik, eroan egin neutsan zuzen (ez neutsan itxaron => itxaron).

Barik honi bizkaiera kutsu handiegia dariolako edo, eredu baturako onartu nahi ez dalako edo, alternatiba modura, juntagailu aurkari modura, barik kendu eta ordez baino idazteko eta (okerrago dana) berbaz hizkera jaso modura erabilteko modea sortu da; hau da, baino horrek, konparatze-marka lez sintaxi mailan eta lexiko mailan (eta horreetatik haratago) lehendik zituan balioen gainera, barri bat eranstea, ez tradizino idatzian (zaharrean ez oraintsukoan), ez berbetan ezetariko sustrairik ez daukan balio bat. Izurri hau goraka datorrela dirudi, batez be hedabideetan.

Idatzizko erabilerak alde batera itxita, irratiz entzuniko esaldi bat edo beste aitatuko ditut, oraintsukoak. Bata, eguraldiaren gainekoa: Goi aldeetan edurra egingo dau, euria baino (2017-I). Bestea, iragarki batekoa: Lo egin baino atseden hartu gura badozu, halako dendan aurkituko dituzu koltxoirik onenak! (2017-VI). Esaldiok entzunda, euskal sen apurra daukagunok berehala sentitzen dogu hor zerbaiten hutsunea: baino gehiago esan gurako zalakoa. Erren susmatzen ditugu esaldiok.

Baino juntagailu kategoriaz be ezaguna dogu, ezpada, baizik marken baliokide gisa, baina perpaus juntatuen orekea guztiz bestelakoa dala. Esan ginei, esaterako: Ez goaz gaur, bihar baino. Eta perpaus bikote honen juntagailuak, baino kenduta, ezpada edo baizik izango gendukez. Barik juntagailua erabili gura izan ezkero, beste era honetara berridatzi beharko genduke: Gaur barik bihar goaz.

Barik marka juntagailu aurkaritzat erabiltea gogoko ez dauenak, eta beste gramatika aukera bat erabili gurago dauenak, jo bei Orixeren bidera: ez baina erabiltera. Otxoluak hauturiko haren pasarte bigaz bergogoratuko dogu alternatiba hau. Bata: Gaitzpean hezi ez baina, hezi gaitza on azpian. Bestea: hil ez baina, bizi egingo naiz. Sintaxiaren aldetik, barik eta ez baina ez dira bardinak, antzik be; baina perpaus bien arteko ezeztapen-baieztapen banaketa berbera da, eta esanguraz kide-kideak dira.

Erabili beitez barik edota ez baina eredu jasoan, baina baino bere betiko lekuetarako gordeta. Leku-aldatze horrek ez deutso bape mesederik egiten euskereari. Eta bizkaieraren sortaldean entzun ohi dan berba jokoa dakargun atzera gogora: Jan barik joan barik, jan eik jan!.

Iturriko
2017-07-14